Orbanik gabea ari zen izaten Osasunaren etxetik kanpoko jarduna. Irabazi egin zituen Sadarretik urrun jokatutako lehen lau partidak, eta asteazkenean urrezko puntua urratu zuen Santiago Bernabeun. Haatik, boladak noizbait bukatu behar zuen, eta gorritxoei gaur bukatu zaie pagotxa, Sevillaren zelaian. Julen Lopetegiren taldea harkaitz hutsa da Sanchez Pizjuanen, eta nafarrek ez dute zirrikiturik topatu gotorlekuan. Kamuts aritu dira erasoan, baina bekatu nagusia, atzean egindako huts larriak izan dira. Erakustaldi defentsiboa eginak ziren Real Madrilen aurka, baina gaur, opari eman dizkiote golak aurkariari.
Jagoba Arrasatek txandakatzeak iragarri zituen neurketaren bezperan. Bada, esan eta egin: zortzi jokalari berri sartu ditu hasierako hamaikakoan. Taldea indarberritzea zen asmoa, Real Madrilen zelaian hartutako jipoiaren ostean. Gorritxoak beren estiloari leialak izaten saiatu dira gaur, baina ez dute beste egun batzuetako lehiakortasunik izan. Sevillak menperatu egin ditu, eta, gainera, gehiegizko erraztasunak eman dizkiote bi goletan. 60. minutura 2-0eko markagailuarekin iritsi dira, eta hortik aurrerako ahaleginak erabat alferrekoak izan dira. Kilimarik ere ez diete egin Lopetegirenei.
Osasunaren historian partida gehien jokatu duen seigarren jokalaria bihurtu da gaur Oier Sanjurjo, Miguel Flañoren 238 lehiako marka berdinduta. Kapitaina titular gisa aritu da, eta oso gertu izan du lehen gola norgehiagokaren hasieran. Lehen zutoinean errematatu du Roberto Torresek ateratako kornerra, baina burukada gehiegi gurutzatu. Osasunak aurkariaren arean sartutako baloi ugarietako bat izan da. Jokoa ez du askorik ehundu; horren ordez, erdiraketaz josi du Sevillaren area. Erremateak, ordea, oso bakanak izan dira, eta Oierrenak salbu, ez dute kolokan jarri Sevillako atzelarien nagusitasuna.
Haatik, aurkariaren erdiraketak sufrikarioa izan dira gorritxoentzat. Sevilla zorrotza eta sakona izan da hegaletan, eta 16. minutuan bidali du lehen abisua: Jordanek erdiratu, eta buruz kanpora jaurti du Mirrek. Hasieran larri izan da Osasuna, baina luzatu egin da gero, presio aurreratuaren bitartez. Sevillaren emaria etenda, neurria hartu dio neurketari. Alabaina, ez dio etekinik atera goraldiari, eta aurkaria oldartu egin zaio atsedenaren aurretik. Jordani zutoinera joan zaio burukada, eta 39. minutuan, 1-0ekoa iritsi da, Diego Carlosen sinadurapean. Sevillako defentsak bakar-bakarrik errematatu du Rakiticek ateratako kornerra. Ezer gutxi egin zezakeen Juan Perezek.
Kontrara, atezainaren hanka sartzen baten ondorio izan da bigarren gola. Luze jokatu du Bonok, Sevillako atezainak, eta Aresok abantaila garbia izan arren, atepetik ateratzea deliberatu du Perezek. Gorritxoek ez dute elkar ulertu, eta diru zorroa lapurtu die Ocamposek. Baloia sareetara bultzatu, eta kito; 59. minutuan, argentinarrak bi goleko errentarekin jarri du Sevilla. Denboraldiko lehen gola, nola ez, Osasunari egin dio. Bolada txarrean diren golegileak oso maiz suspertzen dira Iruñeko taldearen kontra.
Partidari azken ordu erdia gelditzen zitzaion oraindik, eta mirariaren bila, aldaketa hirukoitza egin du Arrasatek: Avila, Torres eta Iñigo Perez kendu, eta Kike Garcia, Moncayola eta Budimir zelairatu ditu. Aurrelari kroaziarra bi hilabete luzeko etenaren ostean bueltatu da lehiara. Alabaina, ez du Osasunaren jokoa berpizterik izan. Gainontzeko aldaketen eragina ere oso apala izan da. Arrasateren mutilek harresi baten kontra egin dute talka behin eta berriz. Sevillak, aldiz, aukera onak izan ditu hirugarrena egiteko, baina Juan Perezen eskuekin, eta aurpegiarekin, egin du topo.