PERTSONAIA. Aritz Laskurain

Ezin zuriz agur esan

Imanol Magro Eizmendi.
2014ko abenduaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Erretiroa hartu du Aritz Laskurainek (Soraluze, Gipuzkoa, 1979). Esperotako albistea zen, eta Aspe enpresak ohar xume baten bitartez baieztatu zuen atzo. Atzelariak hamabost hilabete zeramatzan jokatu gabe bi aldaketako artrosiaren erruz, eta martxoan eginiko ebakuntzak ez dio berriz ere gerrikoa janztea ahalbidetu. Agurra tristea da, Laskurainek zuriz jantzita agur esatea merezi baitzuen, eta, zergatik ez, txapelen batekin.

2002an debuta egin eta 2013ko sanmateoetako ferian jokatu zuen azken partida. Pilotak profesionala adjektiboa merezi badu, zentzu onean, Laskurain bezalako atzelariengatik merezi du. Afizionatuetan aurrelari hasi zen, baina atzean jokatuz jaso zuen Asperen deia, eta atzean jokatuz lortu zuen loria. Gorabehera gutxikoa, ia beti konplitu du kantxan. Bigarren Mailako txapeldun izan zen binaka (2004), Chafeerekin, eta hiru aldiz Lehen Mailako binakako txapeldunorde: 2008, 2010 eta 2010ean. Titin, Gonzalez eta Xala izan zituen bikotekide, hurrenez hurren.

Ezer gutxi izan da erraza Laskurainen ibilbidean. Debutatu eta gutxira, hamalau hilabete —2004ko abuztutik 2005eko urrira arte— egin zituen geldirik eskuko gaitz batengatik —papiloma birusa izan zuen—. Behin itzulita, ordurako 26 urterekin, apurka goraka egin zuen, Lehen Mailaraino. Bere ibilbidean Laskurain berritzailea izan da, prestaketa fisiko eta elikadura mota ezberdinak probatuz. Era berean, Laskurainen agurrarekin, pilota munduko pankarta ezaguna desagertuko da. «Emoixok Lasku! Plaentxia hirekin» zioena, Soraluzeko bere zale taldeko kideek ia txapelketa partida guztietara eraman izan dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.