«Ezinbesteko pieza»

Hiru astez min hartuta egon ostean, David Zurutuza joan den igandean itzuli zen lehiara, eta Realak eskertu egin zuen. Zelai erdirako funtsezko jokalari bilakatu da.

David Zurutuza, Real Madrili sartutako bi goletako bat ospatzen. Realeko erdilaria nabarmentzen ari da denboraldi hasiera honetan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
Donostia
2014ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Nola bidaliko duzue beste norabait utzita, daukadan jokalaririk onena da eta!». Hitz horiexek egin zituen Martin Lasarte entrenatzaile uruguaitarrak David Zurutuzari buruz 2009-10eko denboraldiaren atarian. Zehazki, Realaren gidaritza hartu zuenean. Zubietako berdegunean ziren Lasarte eta Lorenzo Juarros Loren, elkarren ondoan, entrenamenduari begira. Realeko kirol arduradunak hauxe esan zion Lasarteri: Zurutuzaren geroa ez zuela Donostian ikusten eta utzita bidaltzeko asmoa zutela. Asmoak bere horretan geratu ziren, ordea. Lasartek zerbait berezia ikusi zion jokalariari, eta ez zuen arrazoirik falta, egiari zor.

Izan ere, uruguaitarraren aginduetara gora egiten hasiz geroztik, sasoiz sasoi gero eta garrantzitsuago bihurtu da taldean Zurutuza, ezinbesteko izateraino. Kostata, hori bai: lehen taldean tokirik izango ez zuelakoan kluba uztear egon baitzen 2009ko ekainean. Bigarren taldean lau urteko ibilia burututa —2007-08ko denboraldian utzita jokatu zuen Eibarren, Bigarren Mailan—, ez aurrera ez atzera ikusi zuen bere burua. Beste hainbat talderen eskaintzak aztertu zituen, Sevilla B-rena kasurako, baina Realean jarraitu zuen azkenean. Bada, «eskerrak!» esan beharko dute zale txuri-urdinek.

Izan ere, Lasarterekin, Philippe Montainerrekin zein Jagoba Arrasaterekin, pieza ordezkaezina da zelai erdian, baita hasi baino egin ez den denboraldi honetan ere. Sasoiari ongi ekin zion Zurutuzak, eta Real Madrilen aurka erakustaldia eman zuen. Bi gol sartzeaz gain, jokoan distiratsu aritu zen. «Realean inoiz jokatu dudan partidarik onena izan zen», aitortu zuen atzo. Hurrengo hiru partidak min hartuta egin ditu, ordea, eta taldeak haren falta igarri du, ondo igarri ere. Joan den igandean itzuli zen lehiara, Anoetan, Valentziaren aurka, eta Realak bestelako itxura bat eman zuen, nahiz eta ez irabazi. «Ez dut uste niri esker jokatu genuenik hobeto. Halere, aitortzen dut garrantzitsua naizela hamaikakoan».

Bada, garrantzitsua ez, Arrasateren eskemarako oso garrantzitsua dela uste dute Manix Mandiola (Eibar, Gipuzkoa, 1958) eta Joxerramon Eizmendi entrenatzaileek (Ikaztegieta, Gipuzkoa, 1960). Biek ala biek ongi ezagutzen dute jokalaria, Mandiolak Eibarren eta Eizmendik Realeko bigarren taldean izan zutelako beren aginduetara. Biak bat datoz gauza batean: Zurutuza oso da jokalari berezia eta ezinbestekoa Realerako. «Niri neuri asko gustatzen zait haren jokoa, eta edozein taldetara eramango nuke nirekin. Defentsako eta erasoko lerroen artean oreka topatzen badaki, eta, gainera, eraginkorra da. Isila eta umila da, baina eraginkorra ere bai», esan du Mandiolak. Ez dio kontrakorik Eizmendik: «Askotan, odola falta zaiola ematen du, baina ez da horrela. Haren estatistikek esaten dute Realean falta gehien egiten duten jokalarietako bat dela, eta horrek adierazten du pertsonalitatea daukala, ez dela kikiltzen eta hanka sartu behar denean sartu egiten duela».

Sistema berrirako egokia

Mandiolaren iritziz, baloia oinetan izatean soilik ez, aurkariak daukanean ere jakin behar du nola jokatu futbolari batek, eta horretan «ona» da Zurutuza. «Canalesek eta Xabi Prietok kalitatea ematen diote jokoari, baina Zurutuza ondoan izanez gero gehiago luzitzen dute. Zergatik? Baloi asko errekuperatzen dituelako Zurutuzak. Beste kasta batekoa da». Eizmendiren ustez, Markel Bergararen aldamenean aritzeko Realak duen jokalaririk aproposena Zurutuza da. «Bikote horrek oreka, ordena eta segida ematen dio taldeari. Zurutuza zelaian dagoenean, taldea gutxitan hausten da. Gauza errazak egiten ditu, akaso sekulako distirarik gabe, baina hura barruan egon denean eman du Realak itxurarik onena».

Arrasatek planteatutako sistema berriak Zurutuzarik gabe ez lukeela funtzionatuko uste du Mandiolak. «Alboan dauzkan jokalariak on bihurtzen ditu, askotan hark egiten duelako lan zikina, luzitzen ez duena». Hori bai, gauzak ikasten ari dela ere onartu du Eizmendik. «Lehen gehiago kostatzen zitzaion gora iristea, baina ari da hobetzen. Real Madrili bi gol sartu zizkion, adibidez». Mandiolak zein Eizmendik uste dute oraindik ere zeresana emango duela lesioek lagunduz gero —nahi baino osasun arazo gehiago izan ditu—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.