Ezkurdiak eta Martijak zortzigarren puntua eskuratu dute Binakako Txapelketan, eta bakarrik geratu dira bigarren lekuan. Gaur hautsi dute Artola eta Imazekin zeukaten berdinketa, elkarren aurka aritu eta irabazi egin dietelako Tafallan (22-10). Bi jardunaldi geratzen zaizkie zortzi bikoteei ligaxka amaitzeko, eta gaurko garaileek esku-eskura daukate bigarren leku desiratua. Jaka eta Zabaleta sailkatuta daude finalerdietarako, eta Ezkurdiari eta Martijari gutxi geratzen zaie lorpen bera erdiesteko.
22-10. Emaitzak erakusten duen baino astunagoa izan da partida lau pilotarientzat, lan handia egin behar izan baitute. Beste alde batetik, ordea, markagailuak ondo adierazten du bikote garailea galtzailea baino askoz hobeto moldatu dela gaur. Lan serioa egin dute Ezkurdiak eta Martijak; etxean landutakoa ondo plazaratu dute, eta, bi pilotari horiek horrela jokatzen dutenean, oso zaila da haiei aurre egitea. Gainera, Artolak ez du egunik onena izan, eta Imazek nahikoa egin du partidaren lehen erdian; gero, hark onartu duen bezala, «joan» egin da partidatik.
1-1, 2-2 eta 3-3 egoteari utzi, eta gorriak agintzeen hasi dira; hasieran, urdinak gainean zituztela (8-6), baina, hortik aurrera, ez. 14-7koak ondo azaltzen du zer bide hartu duen partidak. Hortik akabera arte, Artolak eta Imazek hiru tanto bakarrik egin dituzte, eta Ezkurdiak eta Martijak, zortzi. Aurrelariak bederatzi tanto egin ditu, eta lau galdu; atzelariak, berriz, lau egin ditu, eta bakarra galdu du. Galtzaileen artean, bien artean bederatzi tanto oparitu dizkiete aurkariei.
SAILKAPENA
1. Jaka-Zabaleta 10 puntu
2. Ezkurdia-Martija 8 pt.
3. Altuna-Galartza 7 pt.
4. Artola-Imaz 7 pt.
5. Laso-Albisu 6 pt.
6. Irribarria-Rezusta 5 pt.
7. Olaizola-Urrutikoetxea 4 pt.
8. Bengoetxea-Mariezkurrena 1 pt.