Ezkutukoa, gaztea eta zaharra

Paolo Savoldellik irabazi du erlojupekoa, eta Di Luca, Andy Schleck eta Mazzoleni igoko dira podiumera gaur

Andoni Urbistondo.
2007ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Giroak Milan usaina du. Gaur bukatuko da Italiako hiri hartan denboraldiko lehen itzuli handia, eta ustekabe handiekin. Paolo Savoldellik Veronan jokatutako erlojupekoan lortutako garaipena, lehen ezustekoa. Handi-handia ere ez, baina nabarmentzeko modukoa. Bakarkako diziplinako saioa irabazteko faborito biak gainditu zituen etapa garaileak, David Zabriskie eta Marzio Bruseghin, aise gainera. Astana taldeak Giroan lortutako lehen etapa garaipena da, baina ez zen hori izan Kazakhstango taldearen eguneko arrakasta bakarra. Eddy Mazzolenik ere erlojupeko bikaina egin zuen, eta etapako bigarren postuari esker, podiumeko hirugarren koskara igoko da gaur, Milanen.

Mazzoleni zaharrarena da Giroak utziko dituen ustekabeetako bat. 33 urterekin lortuko du bere kirol ibilbideko arrakasta distiratsuena, erretiroa urrun ez duela, eta urteak morrontza zintzoanjardun ondoren. Helburu horrekin hasi zuen Giroa aurten ere, Paolo Savoldelli zelako Astanako liderra. Savoldellik, ordea, pot egin zuen Alpeetako lehen etapan, Agnello tentean gora, eta Mazzolenik hartu zuen erantzukizuna bizkar gain. Txukun, gainera. Ikusgarria izan zen Tre Cime di Lavaredo gainean bukatutako etapan egindako lan bikaina.

Ikusgarria baino gehiago Andy Schlecken jarduna. 21 urte bakarrik ditu, eta lehen itzuli handia du. Igotzaile peto-petoa, erlojupekoetan ere jarrera eleganteko txirrindularia da, oraindik zer hobetu asko baduen arren. Lehenago ere asko izan dira gazte-gaztetan sekulako kolpea eman, eta ondoren erabat desagertutakoak, eta Schleckekin ere antzera egin beharko da, badaezpada. Ezin meriturik kendu, halere, haren bigarren postuari.



DI LUCA, SENDO. Di Lucaren garaipenari bezala. Azken urteetan Giroa irabazteko hautagaia izan da Di Luca, baina ez lehen-lehena, ezkutukoa baizik. Ez du inoiz Simoni, Cunego edo Savoldelliren hautagaitzaren sendotasunik izan, eta antzekoa gertatu zen aurten ere. Bere indar erakustaldiak nahikoak ziren zalantzak uxatzeko, baina Di Lucak urte askotan eman du onena eta txarrena Giroan, eta egunen batean minutu zakua galdu izan balu, inor ez zen harrituko. Ez du kale egin, ordea, eta bere garaipena merezitakoa da.

Simoniren eta Cunegoren laugarren eta bosgarren postuak bezala. Biak ziren Giroa irabazteko faborito bakarrak, baina biek egin dute kale. Simonik behin bakarrik egin du min ondoen moldatzen den ibilbidean, mendian, Zoncolan gaiztoan gora. Iraganeko sua itzali da, dagoeneko, Simoniren hanka zuztarretan, eta ez du Giroa irabazteko beste aukerarik izango.

Cunegok ere ez du lan on-onik egin. Giroa irabazitakoa da Cunego, baina hiru urte daramatza dagoeneko garaipeneko borrokatik urrun, eta berdin podiuma lortu gabe. Denbora tarte handia da hori marka guztiak hautsi behar omen zioten txirrindulariarentzat, baina ez nonbait Lampre taldeko kirol zuzendarientzat. Cunego Di Luca orain arte izan denaren parekoa izango da 2008an: ezkutuko hautagaia.



saILKaPenaK
HOGEIGARREN ETAPA

1. Paolo Savoldelli (Astana) 52.20

2. Eddy Mazzoleni (Astana) 36ra

3. David Zabriskie (CSC) 38ra

4. Laszlo Bodrogi (Credit Agricole) 1.08ra

5. Marzio Bruseghin (Lampre) 1.16ra

6. Andy Schleck (CSC) 1.28ra

8. Danilo di Luca (Liquigas) 1.57ra

10. Franco Pellizotti (Liquigas) 2.02ra

18. Markel Irizar (Eusk.-Euskadi) 2.49ra



SAILKAPEN NAGUSIA

1. Danilo di Luca (Liquigas) 87.4045

2. Andy Schleck (CSC) 1.55era

3. Eddy Mazzoleni (Astana) 2.25era

4. Gilberto Simoni (Saunier Duval) 3.15era

5. Damiano Cunego (Lampre) 3.49ra

6. Riccardo Ricco (Saunier Duval) 7.00ra

7. Evgeni Petrov (Tinkoff) 8.34ra

8. Marzio Bruseghin (Lampre) 10.14ra

9. Franco Pellizotti (Liquigas) 10.44ra

10. David Arroyo (C. d'Epargne) 11.58ra

15. Patxi Vila (Lampre) 19.30era
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.