Ezohiko errematatzaileak

Realeko atzeko lerroak bost gol sartu ditu, talde guztiak sartuen laurdenak, eta Bartzelonak baino ez ditu zenbaki hobeak ligan. 2001etik gertatu gabe zegoen atzeko lerro osoak golen bat sartu izana.

Donostia
2012ko abenduaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Carlos Martinez izan zen gola sartzen azkena, adorez beteriko jokaldi batean. Puntua urratzeko balio izan zien txuri-urdinei larunbatean, Getaferen aurka. Aurreko astean, Valentzian, Alberto De la Bellak maisuki gainditu zuen Alves atezaina, markagailura banakoa jartzeko. Sahiets bateko zein besteko bi atzelari horien estreinaldia izan zen maila gorenean. Lodosarrak berak ekarri zuen gogora hedabideekin hizketan ari zela 2008ko apirilean Ferrolgo Racingi sartu zion gola; lehortearen onarpenak nolabait ulergarriago bihurtu zuen nafarrak, zaleen aurrean, gol horren ondoren izan zuen eztanda.

De la Bellak ere ongi gordea zuen Numantziari 2010eko martxoan sartu zion gola. Igoera erdiesteko izandako balioagatik, eta, orain bi aste arte Realarekin sartutako bakarra zelako. Mestallan, gainera, Mikel Gonzalez ere azaldu zen markagailuan arrastoa uzteko. Arrasatearrarenak aipamen berezia merezi du. Elastiko txuri-urdina soinean, azken bost partidetan aurreko 196etan adina gol sartu ditu: bi. Ezohiko kontuak. Iñigo Martinezek denboraldi hasieran Zaragozari sartu zionak estatistika biribiltzeko baino ez du balio, ondarroarrak iragan sasoian begien bistan utzi baitzuen jokaldiak amaitzeko gaitasuna izan, baduela; bere ekarpena, beraz, ezin liteke berritzat jo.

Philippe Montanierren hasierako atzealdeko laukoteak orotara bost gol sartu ditu ligako lehen hamabost jardunaldietan. Kontuan hartzeko kopurua da. Aurreko denboraldian, frantziarraren lehen sasoian, Estrada (1), Mikel Gonzalez (1) eta Iñigo Martinezen (3) artean beste hainbeste sartu zituzten. Zarauztarrak, berez, bitan ospatu zuen gola, baina Levanteren zelaian erdilari gisa jokatuz sartu zuen bere bigarren gola. Zenbaki horiei jarraituz, urteetan atzera egin eta beste estatistika zabalagoak bereiz daitezke Realean:

1. Hamabi sasoi atzera

Jokoan den denboraldi hau kenduta, 2000-2001eko sasoia izan zen defentsa lerroko laurek golen bat sartu zuten azken aldia. Aitor Lopez Rekarte, Lorenzo Juarros Loren, Julio Cesar eta Agustin Aranzabalen artean, behin zulatu zuen bakoitzak aurkariaren atea. Hurrengo sasoian, Luiz Alberto erdiko atzelariak sei gol sartu zituen, 1987-1988ko sasoian Alberto Gorrizek egindakoa berdinduz. Langa garaia oraingo taldeko inork mendean hartu ahal izateko.

2. Lehorte luzea

Luiz Alberto brasildarra nabarmendu eta Lehen Mailako segidako zazpi denboraldietan, atzelarien ekarpena ez zen oraingoa bezain emankorra izan erasoan. Bi adibide: Jose Mari Amorrorturen aroan, Rossato, Ansotegi, Jauregi eta Labaka baino ez ziren gai izan golen bat sartzeko; bakoitzak bana lortu zuen. Bigarren Mailatik itzuli berritan, Martin Lasarteren aginduetara, Estrada eta Ansotegi soilik topa litezke golegileen zerrendan, gol bakarrarekin.

3. Bartzelonaren marka

Ligako talde guztien lana aintzat hartuta, Bartzelonaren atzealdea nabarmentzen da arlo honetan ere. Adriano hegalekoak lau gol sartu ditu, eta Jordi Albak, bi. Puyol eta Pique ere ez daude esku hutsik. Denen artean, zortzi gol. Kataluniarren atzetik dator Reala, Getaferekin berdinduta. Bada zerbait, hamalau taldetako atzelariek bi gol edo gutxiago sartu dituztelako kasu bakoitzean. Horien artean daude, esaterako, Real Madril eta Malaga indartsuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.