Kirolean, denboraldi guztietan izaten dira mailaz igotzen diren taldeak, bainabi maila batera igo dituen talde asko ez da izango. Loteria horretan, Iraurgi Azpeitia, Azkoitia eta Zestoako (Gipuzkoa) saskibaloi taldea zortedunen artean dago. Joan den maiatzean sailkatu zen Espainiako Bigarren Mailarako, denboraldi txukun bati amaiera borobila emanez. Baina Lehen Mailan ariko direla jakin berri du. Bidea ez da erraza izan, eta zoriona zoritxar bilakatu zaie, ia.
Maila berrira igotzeko hainbat eskaera egiten ditu Espainiako Federazioak, eta Iraurgik eskarien gehiengoa aurkeztu bazuen ere, bankua pare bat egun atzeratu zen bermea lortzeko. Orduan hasi zen dena okertzen. «Atzerapenaren arrazoia azaldu genion Federazioari, eta arazorik ez zela egongo uste genuen. Baina mezu bat iritsi zen, 29. taldea ginela esanez. Bigarren Maila 28k osatzen dute, eta kantxan igoera lortu arren, kanpoan geunden», aitortu dio BERRIAri Joseba Lizarraldek, taldeko entrenatzaileak.
Gainerako taldeek guztia egunean aurkeztu zutela argudiatu zien Federazioak. Baina igotzeko aukerak ez ziren amaitu. Al-Qazeres Bigarren Mailan zegoen, baina Lehen Mailara igotzekotan zebilen. Asmoa betetzen bazuen, postua Iraurgirentzat izango zen. Bi aste luze igaro zituzten erantzunaren zain, eta iritsi zen: egoera ekonomikoak baldintzatuta, Al-Qazeresek Bigarren Mailan jarraituko zuen. Kolpe gogorra izan zen Iraurgirentzat. «Postu hori beteta, probintziako azken ligara jaitsi behar genuen, zerotik hasi berriz».
Baina ez zuten denboraldiko ametsa zapuztu nahi, eta, bi aldiz pentsatu gabe, azken aukerari itsu-itsuan heldu zioten: Lehen Mailako hutsunea eurek betetzea erabaki zuten. Beharrezko guztia aurkeztu, eta Iraurgi Lehen Mailako talde bilakatu zen. «Ez da guk nahi genuen maila, baina zirt edo zart egin behar genuela erabaki genuen. Datorren sasoian, ziurrenik, bigarren mailan egongo gara, gure mailan».
Ametsetan dabiltza orain, baina hankak lurrean dituzte. «Neskek kezka daukate. Lotsagarri geldituko diren beldur dira. Badakigu talde batzuek galantak emango dizkigutela, baina gainerakoei ere emango dizkiete. Guk borrokatuko dugu, hori da gure helburua».
Ez dute lan erraza izango, esperientzia handiko taldeen aurkaharrobiko jokalariekin ariko baitira. «Hamabi jokalarietatik etxeko bederatzi izango dituen Ligako talde bakarra izango gara. Pare bat-edo kanpotik ekarri beharko ditugu, taldea itxuratzeko. Batez ere, neska handiak. Zoritxarrez, hemen ingurukoak borrokalariak dira, baina, txiki samarrak».
Harrobia, Iraurgiren oinarri
Harrobia da Iraurgiren muina, eta orain arte egindakoarekin harro daude klubean: «Espainiako txapelketetara joaten garenean galdetzen digute hain herri txikian nondik ateratzen ditugun hainbeste jokalari». Lehen Mailan ez ezik, gainerakoetan ere talde onak dauzkate: «Juniorrak, esaterako, Espainiako Txapelketan hirugarren izan dira». Etorkizuna ziurtatuta, oraina ere gaztea da Iraurgin: Lizarralderen jokalariek 24 eta 19 urteren artean dituzte.
Kirol arloa alde batera utzita, arlo ekonomikoari ere begiratu beharko diote. Babesle nagusiaren bila dabil taldea, eta harremanetan jarri dira Azpeitiko Udalarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin. Laguntzak heldu bitartean, bidaiei begira daude: «guretzat ez dago alde handirik Lehen eta Bigarren Mailaren artean. Bigarrengoan aritzeko, bidaia luzeagoak egin behar genituen. Lehen Mailan, hemen inguruko talde asko dago». Aurkariak ere aztertu dituzte, eta Lizarraldek nabarmendu du Perfumerias Avenida «talde on bat» egiten ari dela.
Gipuzkoarren arteko derbia izango da berritasuna aurten. Abenduaren 19an, IDK Donostia EHUren aurka jokatuko dute, eta, lehia irabazten saiatuko badira ere, etorkizunean, IDK eta Iraurgiren arteko harremana ez dute baztertzen: «gure helburua ez da donostiarren aurkari izatea. Nire iritziz, goian egon behar luke Donostiako taldeak, eta gu, maila bat beherago, eta azpiko mailetan dabiltzan neskak hor mugitu. Harrobi lana egin nahi dugu, Gipuzkoako harrobia egin. Behetik hasi, eta, urratsez urrats, igo».
Oraindik ez dakite non jokatuko duten. Orain arte, Azkoitiko kiroldegian aritu dira, euren beharrizanetara hobeto egokitzen zelako. Orain, han jarraitu nahi badute, kiroldegia egokitu beharko dute, eta, bitartean, Azpeitian ariko dira. Batean zein bestean, Lizarraldek uste du jende asko inguratuko dela partidak ikustera. Maiatzean jokatutako igoera fasea gogoratu du, berriro halakorik lortzeko esperantzan: «aurkari askok zoriondu gintuzten etorri zen jende kopuruagatik eta sortu zen giroagatik».
Ezustean, Lehen Mailara
Kantxan Bigarren Mailara igotzea lortu zuen, eta bulegoetan maila nagusira jauzia egin du Iraurgi saskibaloi taldeak. Erronka gogorraren aurrean, ilusioa soberan dute klubean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu