Bi geltoki baino ez zaizkio gelditzen Eurokopari. Finalerdiak eta finala. Besterik ez. Luze doa bidea, baina helmuga gero eta gertuago izateak ematen dio bati halako bultzada. Bidea hasi zuten hamasei taldetatik, lau baino ez dira gelditzen. Alemania, Portugal, Espainia edo Italiaren artean dago kontua. Lau horietako batek zeharkatuko du helmugako marra txuria. Beste inork ere ez. Ahaztu txapelketa hasi baino lehen nor zen faborito. Ahaztu orain arte ikusitako guztia. Benetako ikuskizuna hemendik aurrera hasiko da.
Italia izan da azkena finalerdietarako sailkatzen, eta Alemaniaren aurka neurtuko da etzi. Cesare Prandellirenak gehiago izan ziren neurketa osoan zehar. Datu bat horren adierazgarri: Roy Hodgsonenek %35ean baino ez zuten izan baloia. Penaltietan erabaki zen, halere, azzurrien eta ingelesen artekoa.
Italiako egunkariek itxaropentsu zabaldu zituzten atzoko edizioak. Beren selekzioaren jokoa, eta penaltietan erakutsitako balioa goraipatu zituzten. Batena, bereziki. Andrea Pirlorena. Ikusi zuenak gozatuko zuen, eta ikusi ez zuenak hobe du lehenbailehen ikusi. Ederra izan baitzen, aspaldiko ederrena. Panenka erara jaurti zuen, eta bete-betean engainatu zuen kontrako atezaina —Italian il cucchiaio esaten diote, eta goilara esan nahi du—. Odol hotza behar da gero, eta klasea, hala arriskatzeko. Aurretik, Riccardo Montolivo haren taldekideak huts egin zuen Italiaren izenean botatako lehen penaltia, eta Pirlo behartuta zegoen bigarrena sartzera. Penaltietan ez ezik, dotore dabil Eurokopa honetan. Italiako jokalaririk erabakigarriena ari da izaten, Gianluigi Buffon atezainarekin batera.
Joachim Loeweren selekzioa izango da italiarren hurrengo aurkaria. Ezuste gutxi izan zen Alemania eta Greziaren arteko final-laurdenean (4-2). Hautatzaileak aulkian utzi zituen taldeko hiru jokalari garrantzitsu —Lukas Podolski, Thomas Mueller eta Mario Gomez—, baina haiek gabe ere, nagusi izan zen.
Merezita sailkatu dira finalerdietarako Italia eta Alemania, bai. Baina baita Portugal eta Espainia ere. Txekiari irabazita sailkatu zen Paulo Bentoren selekzioa. Partidako 78. minutuan sartu zuen garaipenaren gola Cristiano Ronaldok, baina, ordura arte, paretsu antzera ibili ziren bi taldeak. Txekiak defentsa lan izugarria egin zuen, eta nahikoa egin zuen hainbeste minututan markagailuari hutsean eusten. Ezin eutsi, ordea. Txapelketan zehar nabarmen gora egin duen taldea da Portugal.
Estatistikak beteko al dira?
Egungo munduko txapelduna izango du aurkari bihar. Espainiak Frantzia kanporatu zuen joan den larunbatean (1-0), Xabi Alonsok sartutako bi golei esker. Kritikak kritikaren atzetik, eta goraipamen gutxi entzun behar izan ditu Vicente del Bosqueren taldeak. Munduko Kopan egindako jokoaren aldean okerrago dabiltzala, aurrelari finkorik ez dutela...
Estatistikei begiratuta, Espainiak behar luke finalean. 34 partida jokatu ditu Portugalen aurka, eta horietatik hamasei irabazi, hamabi berdindu eta sei galdu ditu.
Alemaniarren eta italiarren arteko estatistikak, berriz, italiarren aldekoak dira. Jokatu dituzten 30 partidetatik 14 irabazi dituzte azzurriek. Eurokopan, ordea, berdindu besterik ez dute egin elkarren aurka aritu diren bi alditan. Estatistikak estatistika, datuak datu, aurreikuspenek Espainia eta Alemaniaren arteko finala izango dela diote. Egongo al da ezusterik azkenean, ezusterik gabeko Eurokopa honetan?
Futbola. Polonia eta Ukrainako Eurokopa
Ezusteko gutxiko txapelketa
Multzoko fasean Herbehereek eman zuten ezusterik handiena, baina kanporaketetan selekzio indartsuenek ez dute hutsik eginEspainia eta Alemania dira faboritoak Portugal eta Italiaren aurkako finalerdietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu