Ezustekoak ate joka

Bartzelona, Real Madril eta Valentzia dira faboritoak finalerdietara pasatzeko, baina lehia estuak espero dira

Andoni Urbistondo.
Donostia
2010eko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Erabat aldatu da ACB ligako panorama zortzi hilabetetan. Bartzelona eta Real Madril bakarrik ziren mintzagai urrian. Gaur ez, gaur Bartzelona da hizpide, baina haren titulurako bide etzanak ere arantza arriskutsuak izan ditzake. Real Madrilek liga hasieran zeukan indarra galdu du guztiz, eta final-laurdenetako langa pasatzeko faboritoa bada ere, Baskoniarekin topa liteke finalerdietan. Behetik gora egin duen taldea da Gasteizkoa, Bartzelona iritsezinaren aurka finala jokatzeko hautagai sendoena. Kanporaketek, ordea, asko dute aztertzeko. Hiru handien arrakasta gose bera duten taldeak egon badaudelako. Ez dute hiru mamuen dirurik, baliabiderik edo talenturik, baina ez daude urrun. Aukera izan nahi dute, eta bi taldek dute iragarpenak hausteko gaia: Valentzia eta Unicaja. Gauzak ondo, bietako bat Bartzelonaren aurka ariko da finalerdietan.

Final-laurdenak hiru partidara jokatuko dira, eta kopuru horretan dago talde txikienen bizibidea. Bost partidako kanporaketa luzeetan zailagoa da talde handia ezustean harrapatzea, hutsen bat eginda ere lau aukera dituelako okerra zuzentzako. Hiru partidetan berehala sortzen dira presak, premia gorriak, irabazi beharra, agur esan nahi ez bada, eta egoera horrek talde handiaren berezko erraztasuna kamustu dezake. Horren haritik, funtsezkoa da final-laurdenetako lehen partida. Erabakigarria. Irabazten duenak asko du egina.

Real Madril eta Cajasolen artekoak abiatuko ditu kanporaketak. Cajasol aurkari deserosoa da. Deserosoa, 65-70 puntura jokatzen duelako, bere jarduna defentsa lan zorrotzean oinarritzen duelako. Ez da korrika egin zale, eraso estatikoaren alde baizik, eta buruz buru nahiko baliabide onak ditu. Earl Calloway joko antolatzaile fina da, Tariq Kirksay borrokalari nekaezina errebotean, eta Dusko Savanovicek ere hamar jokalari baloratuenen artean bukatu du ligaerregularra. Ettore Messinak zuzendutako taldea denboraldiko une kaskarrenean dago, ziurrenik. Bartzelonak Euroligan eman zion astinduari buelta eman ezinik, ligako bigarren postua galduta eta zalantza askorekin azken txanpari begira.

Makulu ziren jokalari batzuk herren dabiltzalako eta Messinaren hainbat erabakik giroa nahastu dutelako franko. Rimantas Kaukenas taldetik kanpo utzi izana, adibidez. Batez ere Morris Almond ordezkoa ez delako ondo aritu. Sergi Vidalen parte-hartze eskasa ulertezina da, baina Jorge Garbajosaren edo Darjus Lavrinovicen zenbaki apalak susmagarriak. Sergio Llull, Pablo Prigioni eta Ante Tomicek bakarrik erantzun dute ligako azken herenean, baina hirukote horrek ezin du ezer egin talde oso baten aurka. Real Madril da faborito, baina erne, Cajasolek ezustekoa eman dezakeelako hirugarrena behartzen badu.

Etxean otso, kanpoan uso

Kanaria Handiak daukan arazo handia. Etxean, ligako talde onenetakoa da. Ezinezkoa ez, baina oso zaila da han irabaztea. Baita Bartzelona ahaltsuarentzat ere. ACB ligan han jokatu dituen azken bost sasoietan galdu egin du, baita bukatu berri den ligan ere. Beste edozein aurka 2-0 nagusituko litzateke Bartzelona, baina hirugarren partida behartu dezake Kanaria Handiak, etxeko sendotasunari eusten badio.

Kanporaketa honetako garailea Valentziaren edo Unicajaren aurka neurtuko ditu indarrak finalerdietan, elkarren aurka jokatuko baitute bi taldeek. Kanporaketa hori da azken laurdenetako erakargarriena. Hiru handien diktadurari muzin egiteko asmo sendoa dutelako. Asmoa, indarra eta baliabide anitz. Valentziak laugarren postuan bukatu du liga, baina aspaldi lotu zuen postu hori. Gainetik eduki dituenak urrunegi ez dituela eduki seinale. Neven Spahijak zuzendutako taldeak aulkian behar zuen patxada eman dio, eta emaitzak bigarren denboraldian iritsi dira.

Valentziak, dena den, tentuz jardun beharko du. ACB ligako talde historikoa da Unicaja, elitean bizitzen ohitua. Gaizki hasi zuen liga, baina gora egin du, eta Baskonia menderatu zuen azken jardunaldian. Hirugarren partidan erabakiko da kanporaketako garailea, eta behin puntu horretara iritsita, bietako edozeinek lor dezake finalerdietan sartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.