Galiziako talde batek ordezkatuko du bestea aurtengo Kontxako Banderan: Caboren lekua Mecos-Ribeirak hartuko du. Beste ezberdintasuna da Donostiako bi talde egongo direla: Donostiarra, Udalak hala erabakita, eta Arraun Lagunak, atzoko sailkatze estropadan bosgarren egin eta gero. Ez zen ezusterik izan atzoko erlojuaren aurkakoan, eta aurreikuspenetako zazpikoak bete zituen postu horiek.
San Juanek bete zuen lana azkarren, bi luzeetan bizkorrena izanez. Hibaika sartu zen gero, lau segundo eta erdira. Mecos-Ribeirak egin zuen hirugarren, bere lehen parte-hartzean; denbora ona egin zuen, gainera, pasaitarrek hamar segundo baino ez zizkielako atera. Orio izan zen laugarren hamabost segundora, eta ondoren sailkatu ziren Arraun Lagunak, hemeretzira, Hernani 26ra, eta Deustu 34ra. Inork nahi ez zuen lekua Cabok bete zuen, eta oso alde txikiagatik geratu zen kanpoan:96 ehunen atera zizkion Deustuk.
Vanesa Barcala galiziar arraunlariak ondo azaldu zuen etsipena: «Ez geneukan batere erreferentziarik hemengo taldeekin, eta itsu-itsuan etorri gara. Lehiatu ginen beraien aurka Euskotren ligako sailkatze estropadetan uztail hasieran, baina asko hobetu dugu ordutik, gaur ikusi den bezala. Baina ez da nahikoa izan sailkatzeko. Gogorra da segundo bakar bategatik kanpoan geratu beharra».
Donostiako estropada eremuan halakoak bizitzea zer den ez daki Silvia Ubedak, Mecos-Ribeirako arraunlariak, lau aldiz baitu irabazia Kontxako Bandera Galiziarekin: «Espero genuen barruan egotea, eta lortu dugu. Ez geneukan beste taldeekin erreferentziarik, baina pentsatzen genuen ez gaudela oso aparte. Orain, bandera irabazten saiatuko gara, aukera sortzen bada behintzat».
Galiziarrek Oriori kendu zioten ia uda osoan berea izan den hirugarren lekua, eta bazen min pixka bat horregatik oriotarren artean. Baina Nadeth Agirre patroiak balekotzat jo zuen taldearen lana: «Ez dizut esango biribil aritu garenik, baina sailkatu egin behar genuen, eta barruan gaude. Tentsio handiko eguna izaten da gaurkoa azkenean».
Kabituezin handia Arraun Lagunak taldean izan dute, Udala, Donostiarra eta beraien arteko aferagatik, eta dena askatu zutela zioen Amaia Sexmilo arraunlariak: «Pisu handia kendu dugu gainetik sailkatzea lortuta, gai hori dela eta. Alde ona dauka gaur arraun egin izanak, iganderako prest gaudelako». Handia zen atzo Arrauneko zaleen poza Donostiako arranplan.
Ezusterik ez da egon, eta aurreikus zitekeen zazpikoa sailkatu da
San Juanek egin du denborarik onena, eta ondoren sailkatu dira Hibaika, Mecos-Ribeira, Orio, Arraun Lagunak, Hernani eta Deustu

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu