Haren izen-abizenei erreparatuta nekez pentsa daiteke Argentinakoa denik: «Aitaren arbasoak Alemaniakoak dira». Baina hitz egitean Elke Karsteni (Quilmes, Argentina, 1995) berehala igartzen zaio nongoa den. Patxadaz hitz egiten du, eta haren bizimodua eta jokatzeko modua ere halakoa da: «Bidebietako pabiloitik gertu bizi naiz. Hala, lasaiago eta erosoagoa nago, entrenamenduetara oinez joaten bainaiz. Donostia oso hiri aproposa da lasai bizitzeko».2016an eskubaloia uztear egon zen, bigarrenez belauneko lotailu gurutzatua apurtu ostean. Orain, tituluak irabazteko borrokan ari da Super Amara Bera Berarekin.
Eskuin eskuko hatz batean min hartuta egon zara azken bi asteetan. Zer moduz zaude?
Lan saio batean hartu nuen min. Taldekide baten elastikoan kateatu zitzaidan hatza. Ligako azken bi partidak ez nituen jokatu, hobeto zelako ez behartzea. Aste honetan taldearekin entrenatu naiz. Gogo handia dut kopa jokatzeko. Malagarekin jokatzeko modua izan nuen, eta oso txapelketa berezia da. Baina Montsek du azken hitza, sasoi onenean daudenek jokatzea baita komenigarriena.
Gustuko duzu, beraz, kale edo baleko txapelketak jokatzea?
Bai, batez ere sortzen duten presioagatik eta giro bereziagatik.
Espainiako Kopa irabazteko faboritoak zaretela uste al duzu?
Bera Bera beti da faboritoa. Fisikoki ondo heldu gara azken txanpa honetara, eta asko hobetu dugu gure jokoa. Sasoi hasieran, taldea ia berria zen, eta kosta egin zitzaigun egokitzea. Baina, orain, primeran ezagutzen dugu elkar, eta horrek asko lagundu digu.
Gustuko duzu zuek faboritotzat jotzea?
Bai. Ez dut presio gisa ikusten, motibazio gisa baizik. Jokalari guztiok badakigu faboritotzat jotzen gaituztela, eta uste dugu gauzak ondo eginez gai izan gaitezkeela uste horri erantzuteko. Dena den, argi dugu, era berean, faborito izateagatik ezin ditugula aurkariak gutxietsi. Beste faboritoa Ro'Casa izan daiteke, Ligan eta Europan oso ondo ari baita. Adi Malagarekin ere. Oso denboraldi ona egiten ari da, eta etxean jokatuta oso motibatuta egongo da.
Gaur, Aula Valladoliden aurka jokatu behar duzu, eta, irabaziz gero, finalerdietan Guardes edo Malaga izango duzue aurkari. Zein hausnarketa egiten duzu?
Koadroaren gure aldea dezente zailagoa da, baina kopa irabazteko, hori da bidea, eta ezin dugu zailtasunean pentsatu.
Aula kontrario deserosoa da zuentzat. Ligan galdu egin zenuten haien aurka. Zergatik?
Gure jokatzeko moduarekin antz gehien duen taldea da, eta horregatik egiten zaigu deserosoa. Talde bizkorra da, kontraerasoan oso ondo moldatzen dena. Gainera, kanpotik jaurtitzaile onak ditu. Saiatu behar dugu haiek korrika egin ez dezaten.
Liga dagoen bezala egonda, ez al da kostatzen arreta kopan jartzea?
Falta zaizkigun partida guztiak finalak dira, bai ligan eta bai kopan. Bi tituluak irabazi nahi baditugu, derrigor partida guztiak irabazi beharko ditugu. Beraz, ez dago aldaketa handirik.
Kopako ahaleginak nola eragin diezazueke ligan?
Lor dezakeguna nahikoa akuilu da nekeaz ahazteko. Montsek [Puche], gainera, jokalari guztiak garrantzitsuak garela sentiarazten digu.
Pozik zaude egiten ari zaren denboraldiarekin?
Bai, nahiz eta erregularragoa izatea nahiko nukeen. Behetik gora joan naiz, eta horri eutsi nahi diot, batez ere, kanpoko jaurtiketan. Izan ere, golak sartu ez ezik, taldeari beste gauza batzuk ere ematen dizkiot horrekin: barruko jokalariek zulo gehiago edukitzea, adibidez.
Kosta egin zitzaizun taldearen jokatzeko moduari egokitzea?
Bai. Nik jokatu izan dudan taldeetako jokoa geldiagoa zen. Hemen, aldiz, oso bizkor jokatu behar duzu. Ez da erraza, baina lortzen ari naiz.
Bi belaunetako lotailu gurutzatuak apurtu zenituen. Nola dituzu belaunak orain?
Oso ondo daude. Gogorra izan zen, batez ere bigarren lesioa. Etxetik urrun nengoen, Malagan, eta Olinpiar Jokoak galtzeko arriskua nuen. Lehen lesiotik banekien osatzeko prozesua oso luzea dela, eta etxekoen eta lagunen babesa behar nuela. Izan ere, alde psikologikoa erabakigarria da. Horregatik erabaki nuen Argentinara itzultzea. Han nengoenean kosta egiten zitzaidan berriro ere gertukoengandik urrundu beharko nuela pentsatzea. Eskubaloia uztekotan ere egon nintzen, Argentinan geratzeko. Baina han, eskubaloia ez da profesionala. Han jokatzen jarraitu nahi banuen, zaletasun gisa izan behar zuen. Osatu eta berriro jokatzen hasi nintzenean konturatu nintzen itzuli egin nahi nuela. Bera Berak eskaintza egin zidanean, ez nuen bitan pentsatu.
Sasoiaren amaieran bukatzen zaizu kontratua. Hemen jarraitzea gustatuko litzaizuke?
Bai. Klub honetan jokalari eta pertsona moduan hazten jarraitzeko baldintza guztiak ditut. Oraindik ez dugu horretaz hitz egin, baina gustura nago. Gainera, Montse moduko entrenatzaile bat izatea oso ona da. Eman dezakezuna baino gehiago ematera bultzatzen zaitu.
Elke Karsten. Bera Berako jokalaria
«Faborito izatea ez da presio bat, motibazio bat baizik»
Gaur ekingo dio Super Amara Bera Berak Espainiako Kopako azken faseari, Malagan, Aula Valladoliden kontra. Elke Karstenek uste du aurkari zaila eta deserosoa dela, baina baikor da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu