Asier Zurinaga. Kaikuko patroia

«Faborito nagusiak gara, eta koska bat gorago gaude»

Aitor Manterola Garate.
2013ko uztailaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Asier Zurinagak (Barakaldo, Bizkaia, 1971) sei aldiz jarraian irabazi zuen Bizkaiko Txapelketa: 2006tik 2011ra. Arkote, Urdaibai eta Kaikurekin. Aurtengoa ere nahi du, eta garbi asko onartu du faboritoak direla.

Zer moduz dago Kaiku, igandeko ezbeharraren ostean?

Orain arte oso zorte txarra izan dugu, eta joan zen igandekoa izan zen zorte txar horren adierazle handiena. Hala ere, moral aldetik oso ondo gaude. Igandea, balizan kateatuta geratu eta gero, oso erreakzio ona izan genuen. Gai izan ginen gure arraunketari berriz heltzeko, eta horrek esan nahi du ontzian gindoazen hamalau lagunok oso lan ona egin genuela psikologikoki. Konfiantza handia eman digu erreakzio eta lan horrek.

Propio prestatu al duzue Bizkaiko Txapelketa?

Joan zen aste osoa Zierbenan ibili ginen. Baina ez zen izan txapelketara begira bakarrik. San Miguel ligan ere hasiak gara itsasoko estropadak jokatzen, eta prest egon behar da. Gaurkoari begira, ahalik eta ondoena prestatzen saiatu gara. Azkenean, dena irabaztera ateratzeko taldea da gurea, eta nahiz eta Kaikuk lau aldiz erreskadan irabazia izan Bizkaiko txapelketa, kirolariak beti gehiago nahi izaten du. Hori bai, iraganekoak ez du balio, eta gauzak ondo egiten segitu nahi dugu.

Aurkarien inguruan zer diozu?

Urdaibai eta Portugalete aipatuko nituzke, baina ez baztertu Zierbena edo Santurtzi, liga bat beherako dabiltzan arren. Maila gorantz doa urtero.

Kaiku al da faborito nagusia?

Inori errespetua galdu gabe, baietz esango nuke. Hor daude ligako emaitzak, eta Urdaibai eta Portugalete baino koska bat gorago gaudela uste dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.