Falta zen makulua

D'Or Fischer pibota fitxatu du urte baterako Bilbo Basketek; indarra eta zentimetroak irabaziko ditu saskipean

Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Iritsi da, eta gaitz erdi. Bi aste luze pasatu dira Bilbo Basketek D'Or Fischer pibota fitxatuko zuela zioten zurrumurruak piztu zirenetik, eta kostata, baina baieztatu da. Filadelfian jaiotako morroskoak urte baterako kontratua sinatu du Arrindatarren taldearekin (AEB), eta azken mugimendu horrekin Bilbo Basketek taldea ia guztiz osatuta daukala esan liteke. Pibotaren makulua zeukan lotzeko, Hernandez-Sonseca ordezkatuko duen jokalari garaia, eta lotu du. Itxura oneko jokalaria, gainera.

D'Or Fischer 211 zentimetroko jokalari handia da, pibot petoa, eta eskarmentu handikoa Europan eta Euroligan. Talde handietan jokatu du —Maccabi Tel Aviv eta Real Madril—, eta diru asko irabazi, funtsezko lana egiten duelako: saskipeko eremuko nagusi egin, erreboteak hartu eta beso luzeei esker aurkarien saskiratzeak oztopatu. Fischer ez da saskiratzaile petoa, ez du inoiz batez besteko ikusgarririk lortu puntuetan, baina, trukean, oso iaioa da txapelak jartzen, aurkarien barneraketa eta saskiratze errazak oztopatzen, eta baita kontraerasoa laguntzen ere. Jokalari garaia den neurrian, ondo moldatzen da saski gaineko jokoan.

Fischerrek 29 urte ditu, eta Europako saskibaloi merkatuko jokalari kotizatuenetakoa izan zen joan den udan, Israelen egin zituen bi denboraldietan ondo aritu ostean. Real Madrilek dirutza eman zion, eta Messina eta Mollinen aginduetara nahiko jardun gorabeheratsua eduki du. 6,2 puntu, 4,8 errebote eta 1,6 txapel lortu ditu partidako, baina minutu kopuru txikia jokatuz: 20 batez beste. Minutu gehiagorekin zenbaki horiek askoz hobeak izan daitezkeela pentsa liteke, eta, gauzak ondo, Bilbon edukiko ditu. Beste urte baterako kontratua zuen Madrilen, baina Bilbo Basketek erakutsitako interesaren jakitun, kontratu hori etetea erabaki du.

Katsikaris entrenatzailea defentsa ona egin zalea da, eta Axel Hervelle eta Dimitrios Mavroeidis ez dira herrenak zaintza lanean. Bi jokalari on baino, hobe hiru edukitzea, eta Fischer osagai ona izango da, iaioa delako zaintza lanean. Real Madrilen erakutsitakoa aintzat hartuta, Fischerrek hiruzpalau metroko jaurtiketa polita duela esan behar da, eta, aukera izanez gero, jokalari arriskutsua da alor horretan.

Ezaugarri txarren bat bilatzen hasita, Fischeren kirol ibilbideak bere gainbehera hasi duela esan liteke. Maccabin zegoela jo zuen goia, eta 30 urte betetzear, zaila da orduan eman zuen maila ona zeharo berreskuratzea. Halere, estimu handia sortzen duen jokalari motakoa da Fischer: handia, beso luzea eta bere talentu mugatua borrokarako borondate mugaezinarekin ordezkatzen duena. Euroligan derrigorrezkoak dira Fischerren moduko jokalariak, eta Bilbo aldean haren aldeko apustu garbia egin dute, Europako txapelketa onena jokatuko duten lehen sasoian.

Taldea itxita dago

D'Or Fischerren etorrerak ia erabat itxi du Bilbo Basketek hurrengo denboraldian izango duen taldea. Zalantza bi geratzen dira argitzeko, baina mugimenduren bat egiteko gero eta txikiagoa da. Taldeak denboraldi-aurrea abuztuaren 22an hasiko du. Zalantzak Chris Warren eta Tomas Hampl dute izena. Warrenek bi urterako kontratua sinatu zuen joan den udan, eta taldeak kontrakoa esan bitartean, Bilbo Basketeko jokalaria da. Bilbon ez daude oso kontent hegalekoarekin, askoz ekarpen hobea eman dezakeela sinetsita, baina litekeena da ordezko atzerritar on bat bilatzeko komeriak eduki izana.

Hamplen kasua bestelakoa da. Bilbo Basketeko harrobiko taldeko kidea da, Santurtzikoa, eta askotan jantzi du elastiko beltza. 12. fitxa bete edo ez, hori da Bilbo aldean duten zalantza, baina betetzekotan, pibot txekiarrak beteko luke. Oraingoz, ordea, ez da egoera horren inguruko erabakirik hartu, eta berrikuntza Hampl bai edo ez izango da. Ez da beste norbait fitxatuko. Hampl bai edo ez izango da erabakia.

D'Or Fischerren etorrerarekin, beste hiru jokalari fitxatu ditu Bilbo Basketek taldea indartzeko. Hirurak taldea herren samar ibili zen arloak indartzeko fitxatu dituzte, eta espero den bezala jokatuko duten edo ez jakin aurretik, itxaropen handia eragin dute. Raul Lopezek talentu handia dauka, eta osagai ona izan liteke Aaron Jackson biziarentzat. Roger Grimauk ere beste inor baino eskarmentu handiagoa dauka, eta bere ekarpena funtsezkoa izango da une erabakigarrietan. Hiru astetan eta taldeak Andorran irailean egingo duen astebeteko egonaldian ikusi ahal izanen dira lehen printzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.