Buesa Arenako berriketa lekuetan bili-bolo zebilen zurrumurrua zen, eta Baskoniak ligan daraman martxa kaskarrak azken bost partidetatik lau galdu ditu, Josean Kerejetaren erabakia aurreratu du. Esteban Batista da falta zen potoloa. Alegia, Baskoniako saskipe hotza berotuko duen jokalari sendoa, handia. Izen asko zebiltzan bueltaka: Ratko Varda, Sasha Kaun, Mirza Begic, eta Esteban Batista bera. Denak jokalari handiak, sendoak. Saskipeko zuloaren tamainakoak.
Uruguaitarra izan da hautatua. Ziur aski Baskonia udan ere jokalaria fitxatzen saiatu zelako, eta Baskoniak gaur bertan behar duelako jokalariaren beharra, ez otsailean edo martxoan. Alde horretatik, funtsezkoa izan da Batista gaztelaniaz ondo moldatzea, eta liga ondo ezagutzea. Arabarrek ez dute astirik taldean gehien erabiltzen den hizkuntza atzerriko liga batetik datorren jokalari bati erakusteko.
Bestelakoan, lanak ematen dituelako Baskoniak ordaindutako dirutza ontzat ematea: 850.000 euro. Batistak kontratua zeukan Fuenlabradarekin, eta talde horrekin zenbaki ikusgarriak lortu ditu ligako lehen 14 jardunaldietan: 12,9 puntu eta 8,6 errebote partidako. Zurrumurruen arabera, Batistaren etete-klausula merkeagoa zen udan, 500.000 euro inguru, baina orduan, Baskoniaren altxortegia ez zegoen gehiegizko gastuak egiteko moduan. Gaur, betago dago, Haislipen kontratu etetearen ondoren, baina Batistaren zenbaki bikainek nabarmen garestitu dute fitxaketa.
Baskoniaren saskipeko gabezia gero eta nabarmenagoa zen. Pape Sowk neurria ematen du defentsan, baina mugatua da erasoan, eta Teletovicek hegal-pibot postuan jokatu duenetan agerian geratu da jokalari garai eta sendoakdefendatzeko duen ezina. Barac nahiko ondo ari da, baina berak bakarrik ezin du dena egin, eta Haislipen zenbaki apalek eta jarrera hotzak jokalari aldaketa azkartu dute. Batistarekin, erabat aldatzen da panorama, eta lehen beltza zena, orain dezente argiagoa da.
Batista jokalari ona delako. Astuna da, hasteko, eta bere posizioa ondo babesten ikasi du. Hanka mugimendu txukuna dauka, eta jokaldiak bizkarreko joko eraginkorrarekin edo ezker gakoarekin buka ditzake. Saskipean handi egiten da, garai-garaia ez bada ere, eta erreboteak harrapatzeko usaimen berezia dauka. Asko bereganatzen ditu. Ezaugarriren bat nabarmentzekotan, buruz azkarra dela azpimarratu beharko litzateke. Batistak ezin hobe gauzatu du pick&roll-a Fuenlabradarekin (blokeoa eta jarraipena), eta Huertas gidari duela, sekulako betekadak har ditzake.
Hiru urte eta erdiko akordioa
Batistak 2014. urtea bitarteko kontratua sinatu du Baskoniarekin, hiru urte eta erdi. Atzo arratsean iritsi zen Gasteizera, eta gaur hasiko da taldekideekin entrenatzen. Bihar egingo dute jokalariaren aurkezpena, eta litekeena da igandean, Lagun Aroren aurkako derbian, minutu batzuk jokatzea. Dusko Ivanovic pozik azaldu da fitxaketarekin, eta Batistak taldeari defentsan emango dion indarra nabarmendu du: «Iaioa da oso erreboteak hartzen, eta erasoan ere mugimendu onekoa, asko espero dugu beragandik».
Mugimendu garrantzitsu bat egin du Baskoniak, baina litekeena da azkena ez izatea. Dejan Muslik laster batean utz dezake taldea, beste talde apalagoren batean trebatzeko. Manresa izan liteke talde hori. Trukean, eta diru kopuru on batekin lagunduta, Rodrigo San Miguel joko antolatzailea etor liteke hurrena. Hala balitz, David Loganek utziko luke taldea.
Falta zen 'potoloa'
Esteban Batista pibot uruguaiarra fitxatu du Baskoniak, eta dirutza ordaindu Fuenlabradari: 850.000 euro
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu