Roger Feder suitzarrak ederki sufritu zuen atzo Australiako Irekiko final-laurdenetarako sailkatzeko. Torneoko lehen zerrendaburuak ondo hasi zuen Tommy Haasen aurkako partida (lehen bi setak irabazi zituen), baina lasaitu egin zen, eta larrutik ordaintzekotan izan zen. Azkenean, bost set jokatuta, eta uste baino gehiago sufrituta lortu zuen sailkatzea: 6-4, 6-0, 3-6, 4-6 eta 6-2. Federerrek Nikolai Davidenko errusiarra izango du aurkari final-laurdenetan, bihar. Davidenkok ere bost set behar izan zituen Dominik Hrbaty eslovakiarra bidean uzteko: 4-6, 4-6, 6-4, 6-2 eta 6-3. Nicolas Kiefer alemaniarrak eta Sebastien Grosjean frantziarrak ere aurrera egin zuten. Kieferrek Juan Ignacio Chela utzi zuen kanpoan (7-6, 6-3 eta 6-3) eta Grosjeanek Paul Henri Mathieu herrikidea (7-5, 6-2 eta 6-2). Kiefer eta Grosjean bihar ariko dira elkarren aurka.
Gizonezkoen mailako lehen final-laurdenak, hala ere, gaur jokatuko dira. Fabrice Santoro frantziarra David Nalbandianen aurka ariko da, eta, Ivan Ljubicic kroaziarra Marcos Baghdatis zipretarrarren aurka. Baghdatisek egundoko ezustekoa eman zuen herenegun, Andy Roddick estatubatuarra (bigarren zerrendaburua) kanporatuta.
Emakumezkoetan ere zehaztuta daude final-laurdenak. Amelie Mauresmo frantziarrak, Kim Clijsters belgikarrak eta Martina Hingis eta Patty Schnyder suitzarrek atzo lortu zuten sailkatzea. Mauresmok Nicole Vaidisova txekiarra hartu zuen mendean (6-1 eta 6-1); Clijstersek Francesca Schiavone italiarra (7-6 eta 6-4); Hingisek Samantha Stosur australiarra (6-1 eta 7-6); eta Schnyderrek Anastasia Myskina errusiarra (6-2 eta 6-1).
Final-laurdenak honako hauek dira: gaur, Lindsay Davenport-Justine Henin-Hardenne eta Maria Sharapova-Nadia Petrova; bihar, Schnyder-Mauresmo eta Hingis-Clijsters.
Federer, estu eta larri
Suitzarrak bost setetan irabazi dio Tommy Haas alemaniarrari Australiako Irekian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu