Festa biribildu nahi dute

Ordiziak gaur abiatuko du denboraldia, Pasek Belenosen aurka, Altamiran (12:00). Ligako kanporaketak jokatzea da taldearen helburu nagusia, klubaren 50. urteurrenean.

Ordiziako jokalariak ostegunean egindako entrenamenduan. GOTZON ARANBURU / FOKU.
Iñaki Berastegi.
2023ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Ordizia errugbi elkartearentzat urte berezia da hau. Izan ere, klubaren 50.urteurrena ospatuko dute urriaren 28an. Festa biribila izan dadin, gizonezkoen lehen taldeak denboraldi ona egin nahi du. «Jada nabari da denboraldi berezia izango dela. Ziur nago klubak eta taldeak duten onena emango dutela. Sortu den energia hori guztia erabili behar dugu orain», esan du Federico GalloOrdiziako entrenatzaileak (Buenos Aires, 1987). Prestatzaile argentinarraren bigarren denboraldia da karguan, eta sasoia abiatzeko «gogotsu» dagoela azpimarratu du: «Erronka berri baten gisara ulertzen dut bigarren denboraldi hau. Aurreko sasoia ikasteko baliagarria izan zen, niretzat eta klubarentzat. Aurreikuspen hobeak ditut bigarren sasoi honetarako».

Denboraldi irregularra izan baitzen 2022-2023koa Goierriko taldearentzat. Espainiako Ohorezko Mailako B multzoan jokatu zuen denboraldiaren bigarren erdia, eta, lehen kanporaketan, ligako final-laurdenetan, VRACek kanporatu zuen, Ordizian. «Sendotasun eta jarraitutasun falta agerikoak izan ziren. Tarteka oso neurketa onak eta tarteka txarrak jokatzen genituen maiz. Ni naiz geratutakoaren erantzule nagusia; ideia berriekin ailegatu nintzen, jokalari garrantzitsu batzuek taldea utzi zuten, eta fitxaketa batzuk ez ziren liga hasi aurretik ailegatu. Ez da aitzakia, errealitatea baizik. Baina, berriro diot, ni naiz horren lehen erantzulea».

Taldeak Valentin Cruzen eta Anthony Matotoren gisako jokalari garrantzitsuak galdu ditu, besteak beste. Horiek ordezkatzeko asmoz, harrobiko jokalariekin batera, klubak zazpi fitxaketa egin ditu. Bestalde, araudi aldaketa bat dela eta, harrobiko jokalariek edo aurrez Espainiako ligetan aritutako jokalariek gorengo mailan garrantzi handiagoa izango dute aurrerantzean. «Nahi genuen taldea dugula esango nuke, eta, beraz, pozik nago. Gaztetasuna eta esperientzia uztartzen ditu taldeak. Kirol zuzendaritza berriak lan oso ona egin du behar genituen profilak aurkitzeaz gain Ordiziaren izaerarekin bat egin dezaketen jokalariak ekartzeko. Gainera, aurreko sasoian ez bezala, jokalari guztiak denboraldiaurrea hasi aurretik ailegatu dira. Araudiaren aldaketari dagokionez, iritzi diot indartuta aterako dela Ordiziak urte luzez harrobiaren alde egindako apustua».

Klubaren zuzendaritzan eta kirol zuzendaritzan ere bada aldaketarik. Koro Bosque da presidente berria, eta Iñigo Marotiasek taldetxo baten eskuetan utzi du kirol zuzendariaren postua. «Aldaketa orok denbora behar du, baina uste dut zuzendaritzak asmatu duela gertutasunarekin».

Sei asteko denboraldiaurrea osatu dute gipuzkoarrek, eta Gallok «gustura» amaitu du egindako lanarekin. «Taldeak duen batasun handia nabarmenduko nuke». Prestaketa fasean hiru lagunarteko jokatu ditu: Oviedon jokatutako hiruko torneoan, 19-5 irabazi zioten Oviedori, eta VRACen aurka 19-7 galdu zuten. Ondoren, Alcobendasen aurka ere galtzaile izan ziren, 19-0. «Taldea ondo ikusi dut. Ezarri nahi dugun erasoko sistema berrira egokitzen ari gara oraindik. Ez da zehazki sistema erabat berria, baizik aurreko denboraldian erabilitakoaren moldaketa bat».

«Biziago» aritu eta partida «irekiagoak» jokatu nahi dituzte. «Ordiziak, historikoki, aurreko lerroarekin sortu izan ditu desorekak. Borroka hori mantentzeaz gain, dugun indar hori modu egokiagoan erabiltzen ahaleginduko gara orain. Indargune hori mantendu egingo dugu, baina atzeko jokalariekin gehiago jokatu nahi dugu, jokalari onak ditugu-eta. Joko konplexuagoa izango da guretzat, baina bereziki aurkarientzat, ez baitituzte soilik gure aurrelariak zaindu beharko. Asmoa ez da onak izatea, baizik aurkariak baino hobeak izatea, gauzak ondo egitea batzuetan ez baita nahikoa».

Taldearen helburuak ez dira askorik aldatu. «Denboraldia A multzoan amaitzea eta, bereziki, kanporaketak jokatzea dira taldearen helburu nagusiak. Hori lortuta, lehen kanporaketa etxean jokatzea ere nahi genuke. Edonola ere, hori bidearen amaieran dagoen helburua da, orain buruan duguna egunero hobeak izatea baita. Lehiatzeko prest gaude».

Altamira, «gotorleku»

Pasek Belenos izango da denboraldiko lehen aurkaria. «Disfrutatzeko eta prestaketa asteetan landu duguna zelaian erakusteko eskatuko nioke taldeari. Baina, jakinda lehen partida dela, logikoa litzateke dena nahi bezala ez ateratzea, eta akats ugari egitea». Altamiratik punturik ihes egiten ez uztea ere «funtsezkoa» izango dela uste du argentinarrak. «Gotorlekua izan behar du; etxean oso indartsuak izan behar dugu. Ondoren, gai izan behar dugu zelai guztietan ondo lehiatzeko. Zorionez, lehen partida etxean jokatuko dugu».

Neurketa «zaila» aurreikusi du Gallok. «Talde oso gogorra da. Aurreko sasoian oso ondo ekin zioten ligari, eta berriz lortu nahiko dute hori. Jokalari onak fitxatzeaz gain, jokalari garrantzitsuak mantendu dituzte. Hortaz, partida oso gogorra izango da, eta detaile txikiek erabakiko dute. Lehen jardunaldia izaki, akats gutxien egiten duena izango da garailea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.