1-0. Kubok (5. min.). 1-1. Dovbikek (72. min.).
Egutegiak hala erabakita, pare-pareko egoera zuen Realak atzo denboraldiari behar bezala ekiteko. Lehiaketaren hasierak Donostiako Aste Nagusiaren hasierarekin egiten baitzion bat, non, eta Anoetan, zaleen aurrean. Festa giroaz lagundurik, sasoia garaipen batekin hasteko aukera ederra zuten txuri-urdinek, eta helburua ongi bideraturik izan zuten, baina Gironak bigarren zatian egindako gol batek zapuztu zien festa. Irabazteko merituak egin zituen Imanol Alguacilen taldeak, neurketa hasi eta berehala aurreratu baitzuen Reala Kubok, baina soilik gol baten aldeaz jokatu zuen gerora, eta azkenean berdinketa lortu zuten kataluniarrek. Iragan sasoian atea hutsean mantendu zuen Remirok halako partida askotan, baina atzo suarekin erre zen Reala.
Hasierako hamaikakoan hutsune garrantzitsu bat izan zuen Imanolek, azken orduan Merino deialditik kanpo geratu baitzen, lesio bat tarteko. Turrientesek hartu zuen haren lekua, eta norgehiagokari era paregabean ekin zieten txuri-urdinek. Bizi jokatuz hasi ziren, eta laugarren minuturako poltsikoan zuten saria. Aihenek ezkerretik eginiko jokaldi on bati amaiera ederra eman zion Kubok, ederki gainditu baitzuen Gazzaniga, Gironako atezaina. Japoniarra izan zen Realeko jokalaririk onena. Golak ez zuen partidaren gidoirik aldatu, eta bere horretan jarraitu zuen Imanolen taldeak. Batetik bestera egoki eta azkar mugitu zuen baloia, baina batez ere nabarmentzekoa izan zen sakontasun bila ibili zela une oro. Etengabe aurkariaren defentsan zuloak eraginez aritu ziren Realeko aurrelariak.
Penaltia, bertan behera
Hortaz, bigarren golaren bila jo zuten etxekoek, eta penalti bat ere adierazi zuen epaileak Realaren alde. Bazirudien gertu egon zitekeela bigarren gola, baina jokaldia VAR bidez ikusita, erabakia atzera bota zuen epaileak. Hortik aurrera, indarrak berdindu egin ziren zelaian, eta Gironak behetik gora egin zuen. Aparteko arriskurik ez zuen sortu, baina baloi dezente sartu zituen Realaren arean. Hori bai, defentsan goraipatzeko lana egin zuten txuri-urdinek, presioan fin eta markaketa lanetan langile aritu baitziren. Lehen zatiko azken jokaldian epaileak txartel gorria barkatu zion Stuaniri, Le Normandi kolpe bat emateagatik.
Bigarren zatiaren hasierak ildo beretik jo zuen, baina aldea gutxienekoa izanik, zuhaitza astindu nahi izan zuen Imanolek, eta Carlos Fernandezen tokian Barrenetxea zelairatu zuen. Harrobikoak bestelako freskotasun bat eman zion erasoko jokoari. Hala, lehia erabakitzeko parada ederra izan zuen Oiartzabalek 58. minutuan, baina baloia atepetik atera zion Gazzanigak. Barkatzen duenak garesti ordaintzen duela esan ohi da sarri, eta halaxe egokitu zitzaion Realari. Bigarren zatian areara gerturatu zen lehenengo aldian banakoa sartu zuten kataluniarrek. Erdiraketa bat ez zuen inork urrundu, eta, azkenean, Dovbikek sareetara bidali zuen baloia, buruz, 71. minutuan. Golari aurre egin nahirik, hiru jokalari berri zelairatu ziren etxekoen partetik: Cho, Sadiq eta Sola.
Jokoari esker baino gehiago, grinari eta nahiari esker jo zuen erasora Realak azken txanpan, baina ez zuen adorerik izan ganorazko jokaldirik osatzeko. Fisikoki ere justu antzean ibili ziren txuri-urdinak. Geldikako jokaldietan ez zuten asmatu bigarren gola sartzen, eta, azkenean, berdinketarekin konformatu behar izan zuten. Zelaian zein harmailetan, zapore garratza utzi zuen puntuak.
REALA 1 - 1 GIRONA
Festa zapuztu dio
Kubok laugarren minuturako aurreratu du Reala, baina Gironak berdindu egin du bigarren zatian. Puntuak zapore garratza utzi du

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu