Diego Martinez. Osasunako entrenatzailea

«Fidagarriagoak izan behar dugu gauzak zail jartzen direnean»

Espainiako Hirugarren Mailako aulkietan zaildu eta Sevillan hainbat eginkizun arrakastaz bete ondotik, orain Osasuna Lehen Mailara eramateko erronka du Diego Martinezek. Gaur beste urrats bat egin nahi du, Almerian irabazita.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
enaut agirrebengoa
Iruñea
2018ko otsailaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Euskara hizkuntza «miresgarria» iruditzen zaio Diego Martinezi (Vigo, Galizia, 1980). «Talde barruan, Oier Sanjurjok, Unai Garciak eta Richard Sanzolek hitz egiten dute euskaraz. Ederra da». Hitz batzuk ikasi ditu jada; irabazi omen du gustukoen. Ordea, sasoi honetan ez da nahi bezainbestetan ahoskatzen ari. Martinezek berak aitortu du: gorritxoek badute zer hobetua. Besteak beste, taldeak «hutsen inguruan tolerantzia gutxi» izan ei du orain arte.

Lehen itzulia igaro duzue jada. Pozik al zaude orain arte egin duzuenarekin?

Lehenik, ulertu behar da sasoi honetan aldaketa prozesu garrantzitsu batean dagoela murgilduta Osasuna. Metodologia eta jokamolde aldetik oinarri batzuk ezartzeko garaia zela ikusi dugu. Halaber, beharrezkotzat jo dugu taldea eraberritzea, eta horrekin batera, iragan denboraldiko inertzia petrala iraultzea. Emozionalki ez da erraza aldaketa horiek guztiak barneratzea, baina uste dut taldea nahiko ondo egokitu dela. Hori bai, gorabeheratsu gabiltza, eta erregulartasun handiagoa eduki nahiko genuke, bai emaitzetan, bai jokoan. Partida orekatuagoak eta osoagoak egin nahi ditugu. Alegia, batez besteko nota hobetzea da helburua. Hori hutsen tasa txikituta eta inertzia baikor bat sortuta lortuko dugu. Oraindik denboraldiaren zatirik politena falta zaigu, eta erabakitasunez egin behar dugu aurrera.

Lehen Mailara igotzeko hautagai nagusietako bat da Osasuna, izenagatik eta izanagatik. Inbertsio handia egin, eta talde oso indartsua osatu duzue. Exijentzia maila handia dakar horrek. Hori guztia zama izan al daiteke?

Guk geure buruari ez diogu jarri hautagai nagusiaren etiketa. Hori gainontzeko taldeek egin dute. Nire ustez, gurekin batera beste hamar faborito daude. Bigarren Mailan, oso antzekoa da talde guztien kirol maila. Berdintasun handia dago. Joko hau ez da oinarritzen etiketetan, taldeen historian edo izenetan, puntuetan baizik. Puntu gehien lortzen duenak irabazten du liga, eta, horretarako, umila izan beharra dago. Guk onenen artean egon nahi dugu. Fase batzuetan goi-goian egon gara, eta, orain, beheraxeago gaude. Talde indartsua dugu, eta gure aukeretan sinisten dugu. Baina, era berean, errealistak izan behar dugu: gu bezain onak diren hainbat talde daude. Bere kartak hobekien jokatzen dituenak izango du arrakasta.

Orain arte, taldeari asko kosta zaio partidetan nagusi izatea, eta erasoan jarraitutasuna eta distira edukitzea. Planteamenduan dago koska, edo jokalariak ez dira zuk eskatutakoa islatzen ari?

Ez dut uste hori entrenatzailearen edo jokalarien kontua denik, talde osoarena baizik. Asko gustatuko litzaiguke partida guztietan Sportingen kontra bezain distiratsu aritzea, eta saiatu gara, baina ez gara gai izan. Osasunak ez du kultura asoziatibo handia; azken urteetan, beste ezaugarri eta bertute batzuk izan ditu. Beti grinatsu aritzea gustatuko litzaiguke, baina ezinezkoa da 90 minutuz estutzea. Erasoan jarraitutasuna izateko ari gara lanean. Edonola, jakitun izan behar dugu Bigarren Mailan oso zaila dela partidetan erabateko nagusitasuna izatea; are gehiago ezaugarri hori ez duen talde bat izaki. Orain sasoi hasieran baino hobeto harilkatzen ditugu jokaldiak, baina partiden fase batzuetan asko urrundu gara nahi dugunetik. Zergatik? Pase txarren bolumena handia izan delako. Hori konpondu nahi dugu, betiere garbi edukita nortzuk garen. Sendotasuna ere beharrezkoa da.

Defentsan, oro har, ondo ari zarete. Gol gutxien sartu dieten taldeetan hirugarrena zarete. Hala ere, noizbehinka huts handiak egin dituzue, eta haiek garesti ordaindu.

Oso garesti. Etxean sei gol sartu dizkigute bakarrik, baina amorrua ematen du nola sartu dizkiguten ikusteak. Taldea eskuzabala da esfortzuan, eta antolaketa ona du; aitzitik, batzuetan partidak ez ditugu ondo aztertu. Huts horietako asko arreta faltaren ondorio izan dira. Jokalariek hainbat gauza barneratu behar dituzte, eta garapen prozesu horretan gaude oraintxe. Azken txanpan halako hanka sartzeak gutxitzea lortuz gero, ziur nago atea askoz gehiagotan utziko dugula hutsean. Eta, hori hala bada, aukera ugari izango dugu partidak irabazteko.

Denboraldian 4-4-2 marrazki taktikoa erabili duzu gehienbat, baina azken partidetan 3-4-3 moduko eskema baten alde egin duzu apustu. Zer lortu nahi duzu horrekin?

Talde oso heterogeneoa dugu, hasieratik esan dut. Jokalari bakoitzaren eskuragarritasun eta sasoiaren arabera, marrazki bat edo bestea da egokiagoa. Konplexutasun horren barruan, baikorra den zerbait ateratzen saiatu gara; alternantziaren bertutea, hain zuzen. Alegia, jokatzeko modu ezberdinak edukitzea. Egia da horrek jokoaren barruan automatismo gehiago finkatzea galarazi digula, erasoko fasean batez ere. Azken partidetan hiru defentsako sistema horrekin aritu gara, presio bizia egin, eta aurkariak euren zelaian sartzeko. Fase batzuetan txukun aritu gara, baina aurkariei jazartzean, gehiago kosta zaigu eroso sentitzea. Sistema doitzen dihardugu orain. Edonola, sistemak baino gehiago, jokalarien dinamismoak axola dit gehien. Horrekin batera, uste dut gure hutsen jatorria ez dagoela unean uneko sisteman; baizik eta behartu gabeko hutsen tasan, jokoaren jarraitutasunean, konfiantzan eta partiden analisian. Fidagarriagoak izan behar dugu gauzak zail jartzen zaizkigunean. Orain arte, hutsen inguruan tolerantzia gutxi izan dugu.

Sadarren eskas zabiltzate, eta harmailetako giroa asko hoztu da. Horrek kezkatzen al zaitu?

Ez gaude pozik etxean ematen ari garen mailarekin. Gure esku dago hobera egin eta zaleei barruan dugun guztia igortzea. Esfortzurako prestasuna eta jarrera ona beti izaten ditugu, baina partida biribil bat osatzea falta zaigu gutaz harro senti daitezen. Uste dut hori hurrengo partidetan iritsiko dela. Gainera, sailkapena zehaztuko duten partidak iritsi ahala, jendea animatu egingo da berriz ere. Denok bat eginez gero, askoz ere indartsuagoak izango gara.

Neguko azokan Borja Lasso eta Rober Ibañez ekarri dituzue. Ez dira edonolako fitxaketak.

Oso pozik gaude lehendik genituen jokalariekin eta orain ekarri ditugunekin. Erabateko konfiantza dugu haiengan. Hori bai, ezin ditugu hasieratik presiopean jarri, denbora behar baitute taldera egokitzeko. Talentu handia dute, eta uste dut ekarpen handia egingo diotela taldeari. Baina pazientzia izan behar dugu.

Berriki, epe laburrari gehiegi begiratzen zaiola adierazi du Braulio Vazquez kirol zuzendariak. Bat al zatoz?

Entrenatzaile gisa, nire epea hurrengo partida irabaztea da. Hori bai, hartu ditugun erabakietako askok zerikusi handia dute epe ertain eta luzearekin. Hazi asko erein ditugu; fruitu batzuk jaso ditugu jada, beste batzuk ez, eta, ziur aski, baten bat jasotzea ez zaigu guri tokatuko, hemendik denbora askora izango delako. Arrakasta duten taldeak erregularrak dira, eta iraunkortasuna dute denboraren joanean. Guk ahalegina egin dugu talde honen ondare nagusia diren jokalariak ekinean ari daitezen. Batzuk utzita irten dira, eta beste batzuk, bigarren taldera jaitsi. Jaso dugun fruituetako bat Kike Barja da. Ez genuen egun batean jokatu eta desagertzerik nahi, toki egonkorragoa izatea baizik. Horrek ez du esan nahi partida denetan jokatuko duenik; hori haren errendimenduak baldintzatuko du. Hori ere epe luzearekin dago lotuta: jokalarien errendimenduarekin justua den lanerako kultura bat sortu nahi dugu. Horrek barne konpetentzia eta hazkundea dakartza.

Zure metodologiak haize berriak ekarri ditu Taxoarera. Zeintzuk dira zure lan egiteko moduaren habeak?

Guretzat, futbolean dena adimenetik abiatzen da. Adimen taktikotik, zehatzago esanda. Behin jokoa ulertuta, denok gara hobeak. Funtsezkoa da zelaian erabaki onak hartzea, eta erabaki horiek gorpuzteko gai izatea. Hor aritzen gara gu. Horrez gain, garrantzi handia ematen diegu ñabardura txikiei, uste baitugu hor sortzen direla taldeen arteko diferentziak. Metodologia globala da. Jokalariek Taxoaren egiten duten guztia asteburuko partidetara dago zuzenduta. Lan horri esker, bolada onak izan ditugu, baina ez nahi bezain modu erregularrean. Entrenamenduetan landutakoa zelaian maizago islatzea nahi dugu.

Futbolaren zoro bat al zara?

Ez dut uste. Nire lana pasioz bizi duen pertsona bat naiz, besterik gabe. Jakin-min handia dut, eta hobetzen saiatzen naiz etengabe. Buru-belarri nago murgilduta teknikari lanean. Pasioa bizibide dut, beraz, askotan ez ditut lana eta zaletasuna bereizten. Pribilegiatu sentitzen naiz. Hori bai, honek guztiak kostu pertsonalak dauzka. Gertukoek sufritu egiten dute maiz, baina, maite nautenez, ulertu egiten dute egoera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.