Nola Zarautzen, hala Bermeon. Izan San Pelaio edo izan Elkano. Euskal Herriko Itzuliko lehen bi etapek antza handia zutela jakina zen, hori ondoriozta zitekeen mapari begira. Askok zioten berdin- berdinak zirela, eta hain ziren berdinak bilakaera ere antzekoa izan da. Herenegungo filma ikusi zen atzo, eta Julian Alaphilippek (Quick Step) berriz ere buruz buruko esprinta irabazi zion Primoz Roglici (Lotto-Jumbo). Filma errepikatua zen, baina ez txarra. Filma ona bada, birritan ikus daiteke nekatu gabe. Biek ala biek erakutsi zuten tropeleko indartsuenak direla. Ez ziren, baina, bakarrik helmugaratu, euren itzaletara Gorka Izagirre (Bahrain) eta Mikel Landa (Movistar) sartu baitziren. Sailkapen nagusian, Izagirre hirugarren da, eta Landa, laugarren; eta, garrantzitsuena dena, borrokarako daudela erakutsi zuten.
Txirrindularitza ikuskizun handia ikusi zen atzo Bermeon. Herenegun Zarautzen gertatu bezala, ibilbideak eta txirrindulariekzaleak gozarazi zituzten. San Pelaioko igoera Gaztelugatxeko parajeen luzimendurako baino askoz gehiagorako zela ikusi zen. Lehen aldapetan, helmugatik hamar kilometrora, tropelak David Lopez (Sky) eguneko ihesaldiko azken kidea harrapatu zuen —11 kidekoa izan zen, eta Lopez izan zen euskal herritar bakarra—. Michael Matthewsek (Sunweb) jo zuen lehen erasoa. Astindu ederra eman zion tropelari, eta hark egin zuen entresaka handiena, baina australiar ausarta bere sutan erre zen. Haren eguna gaur da.
Haren galbaheak sailkapeneko oilarrak utzi zituen aurrean: Alaphilippe, Landa, Roglic, izagirretarrak, Rigoberto Uran (Cannondale), Enric Mas (Quick Step)... Mas izan zen hurrengo erritmoa aldatu zuena. Roglic higatzen saiatu zen, multzoa aletu eta Alaphilippe ahalik eta bakarren uzteko. Quick Stepen estrategiak fruitua eman zuen. Liderrak jo zuen hurrengo kolpea, eta Roglicek, Gorka Izagirrek eta Landak bakarrik eutsi zioten. Gaina elkarrekin pasatu, eta Bermeora elkarlanean jaitsi ziren; Alaphilippe ez, beste hirurak.
Hamabost segundo lortu zituzten, tarte ona, baina etapa zegoen jokoan. Azken kilometro bihurriak ez zuen inor ustekabean hartu, ezta Bermeoko hilerrira arteko azken aldapa pikoak ere. Roglicek herenegungo arantza zuen sartua, eta hura iritsi zen lehenbizi azken bihurgunera. Baina aztiago ibili zen Alaphilippe. Laukoteko bizkorrena zela jakinda, pazientziaz jardun zuen, eta azken bihurgunean barrutik sartuz aurrea hartu zion Roglici.
Esloveniarrak ez zuen amorru keinu handirik egin. Haren borroka sailkapen nagusia da. Bigarrena da, baina logikak dio biharko erlojupekoan jantziko duela elastiko horia. Atzo erakutsi zuen Zarauzkoa ez zela izan egun bateko kontua, eta Itzulia irabazteko hautagai sendoa dela. Lotto-Jumbok kontrolerako talde egokia ez duela esan dute iritzia eman duten askok, baina liderra izan dezakete, eta hori da garrantzitsuena.
Dena, baina, ez dago erabakita, txirrindularitza ez da matematika, eta Itzuliari gatza botatzeko arduradunak euskal txirrindulariak dira. Pello Bilbaok denbora pixka bat galdu zuen arren, hiru daude podiumari begira. Lodosatik bizirik irteten badira egingo dute zarata azken bi egunetan. Baina, aurretik, gaurko etapa dago. Ihesaldia edo esprinta egon daiteke.
Euskal Herriko Itzulia
Film ona birritan ikus daiteke
Julian Alaphilippek bigarren egunez jarraian irabazi dio buruz buruko esprinta Primoz Roglici. Gorka Izagirre eta Mikel Landa haiekin iritsi dira, eta hirugarren eta laugarren dira sailkapen nagusian

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu