Filosofia baten estropada

Bizkaiko traineru txapelketa izango da gaur, Lekeition, eta Kaiku eta Urdaibai dira faboritoak

Aurrean Kaiku, eta atzean Urdaibai, joan zen igandean, Pasai San Pedron jokatutako San Miguel ligako estropadan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2012ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Arraun munduan, traineruen bideak aztertzen hasita, bi nabarmentzen dira, ñabardurak ñabardura: harrobian oinarritzen direnak eta diruaren erabilera zutabe dutenak. San Miguel liga ikusi besterik ez dago. Kasualitatea edo kausalitatea, Gipuzkoan lantzen da harrobia Bizkaian baino gehiago, eta dirua sarriago eta ugariago mugitzen du bizkaitar batzuen artean. Bakoitzak nahi duen bidea hartzen du, eta harrobiarena zein diruarena, biak dira zilegi. Gaur, Bizkaiko traineru txapelketa jokatuko dute, eta filosofia jakin baten erakustaldia izango da: dirua erabiltzearena.

Bi liga nagusietan dabiltzan Bizkaiko ontziek lanak dituzte edo izan dituzte aurreko urteetan Berezko, Ez-berezko eta Harrobiko arraunlarien araudia betetzeko. Gaur ez. Gaur, araudi hori ez da bete behar, eta entrenatzaileek nahi dituzten arraunlariak izango dira ontzi bakoitzaren tostetan. Izar guztiak traineru barruan. Diruaz erakarritako denak lanean, legeen mugarik gabe.

Hala izanik, ez da zalantzarik zein diren txapelketa beregana- tzeko faboritoak: San Miguel ligakoak, eta horien artean Kaiku eta Urdaibai. Koska bat beherago dago Portugalete, eta pare bat beherago Zierbena. Bakoitzak zer eman dezakeen asmatzea ez da erraza, talde osoarekin ez baitira lehiatu orain arte lehiaketa ofizialean. Bai neguko jaitsieretan, akaso, baina, hala izanda ere, oso urruti daude erreferentzia eta datu haiek.

Kaikuren tostetan, ligako taldearekin alderatuta ez da aldaketa handi-handirik izango, ligan ere ontzi lehiakorra ateratzeko moduan delako, gutxi asko ondo antzean bete dezakeelako lehiaketa horretako araudia. Baina, hala ere, orain arte ikusi dena baino talde indartsuagoa aterako du. Iazko talde ia bera denez, Kontxako estropadetan atera zena izan daiteke erreferentzia. Ligan, orain artean, beltz eta zuri dabil, oraintxe ondo, gero ez hain ondo. Hiru bandera dauzka pilatuta, eta bigarren da. Jakina da, aurreko urteetako lanak hor daudelako, herrialdeko txapelketa helburu handietako bat izaten duela, eta aurten ez da salbuespena izango. Faborito handiena da. Azken hiru urteetan hark irabazi du.

Bestea Urdaibai da. Horrek bai, horrek egin behar du hobera ligako jardunetik. Arraunlarien mugarik gabe, oso talde handia ateratzeko moduan izango da. Eman behar lukeena ematen badu, trapua astintzeko lehian izan behar luke. Denboraldi-aurreko estropadetan dotore moldatu zen, eta gero, ligan, gorabehera gehiagorekin dabil. Litekeena da estropada ez-ofizial haietan talderik indartsuena atera izana, araudiak eta mugak kontuan hartu gabe. Iaz, Lekeition bertan, denboraldiko garaipenik handienetakoa lortu zuen: Euskadiko txapelketa.

Azkeneko txandan joango dira bi oilarrekin batera, Portugalete eta Zierbena. Ikusmina dago aurrenekoen maila zein den jakiteko, talde osoa tostetan izateko aukera izanda. Ligan, ezin onenak atera, baina gaur, bai. Dena dela, ez du ematen bi handien inguruan ibiliko denik. Are gutxiago Zierbena. Ligan azkena doa, eta jaisteko hautagai nagusia da. Gaur, talde hobea ateratzeko aukera izango du, eta egin dezake estropada ona, baina ez lehen bi postuetan sartzeko modukoa. Gehienez ere, buru abailduari haizea emateko balia dezake gaurko eguna.

Itsaso txarrik ez da izango

Beste txandetan, bigarrengoa aipatu behar da. Hor izango dira KAE 1 ligako lau ontzi: Santurtzi, Elantxobe, Isuntza eta Ondarroa. Egun honetako lanaren balioaz gain, ligako bigarren lekua helburu dutenentzat (aurreneko hirurak), aukera ona da San Miguel ligan atzean dabiltzanekin lehia-tzeko, nahiz eta araudi ezberdintasunak erreferentziei fidagarritasuna kendu.

Itsasoari dagokionez, ez da txarrik espero. Lau aurrenekoak sailkatuko dira Euskadiko txapelketara. Orion izango da, hilaren 31n.

BIZKAIKO TXAPELKETA

Lehen txanda. Mundaka, Raspas, Getxo, Arkote eta Deustua.

Bigarren txanda. Santurtzi, Elantxobe, Isuntza eta Ondarroa.

Hirugarren txanda. Kaiku, Bermeo, Portugalete eta Zierbena.

Lekua. Lekeitio (Bizkaia).

Ordua. 19:00.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.