Txapela irabazi ondoren ehizan igaro du goiza, eta behin handik itzulita erantzun du BERRIA-ren deia. Lasai eta jator mintzatu da Aimar Olaizola (Goizueta, Nafarroa, 1979), egun osoan makina bat dei jaso dituen arren. «Tira, hori ona da, galtzen duzunean ez dizu inork deitzen».
Iaz berdina egin zenuen, orain ehizan joaten ospatzen dituzu txapelak?
Bai? Ez nintzen bada oroitzen. Goizueta aldean ibili gara anaia eta biok goizean. Hori bai, egun osoa telefonotik eskegita, elkarrizketak emanez.
Bota al duzue zerbait?
Bai, bi oilagor.
Hor ere bolada onean al zaude?
Bai, baina ezinda alderatu, askoz gehiago poztu nintzen herenegungo txapelarekin oilagorrekin baino! Eta aizu, ospakizuna ere egin genuen, 120 lagun elkartu ginen afaltzeko. Hor bai ez dudala kexarik, galdu edo irabazi jendetza etortzen da beti ospakizunera.
Afaria bainoago ezkontza bat da hori, ezta irabazten duzun lehen txapela balitz ere...
Beti elkartu izan gara jende asko, eta zorionez ez ninduten itxaron behar izan, dopin kontrolik ez nuelako izan. Normalean oso berandu iristen naiz, eta herenegun 21:30etarako han nintzen, eta 02:30k aldera bildu ginen.
Dagoeneko ez dituzu egunkariak gordetzen, ezta?
Nik ez, baina etxekoek bai.
Zer gogoratzen duzu finalaz? Aspaldiko lasaiena izan zen?
Hasierako tanto sorta, hasieran alde hori lortzea izan zen gakoa.
Halako aldearekin finaletako tentsioa joaten al da?
Ez, ez. Final batean, 13-0 hasita ere ezin zara erlaxatu, hogeita bigarren tantoa egin arte ezin zara gelditu. Zuk egin dituzun bezala aurkariak ere egin ditzake hamahiru tanto jarraian.
Bengoetxeak ez zuen bere maila eman.
Egia da, hasieran bereziki, lasterka ibili zen.
Txapelketa ikusgarria izan da, eta finala, agian, partidarik ilunena.
Tira, ni gustura gelditu nintzen eginikoarekin, eta finaletan hori da garrantzitsuena. Finalak ez dira jokatzeko, irabazteko baizik. Baina tira, egia da ez zela ikusteko partida oso polita izan.
Zenbat txapel dituzun ba al dakizu?
[Une batez pentsatu du] Bai, ez dira hainbeste: lau t'erdiko sei, buruz buruko hiru eta binakako bi.
Begiratzen al diozu palmaresari?
Ez, nik oraindik txapel gehiago irabazi nahi ditut, eta horretarako ilusioa badut. Erretiroa hartzean begiratuko diot.
Gosea ez da joaten?
Ez, eta joanez gero, akabo. Nik txapelketa bakoitza ibilbideko aurrenekoa balitz bezala jokatzen dut, eta txapel bakoitza aurrenekoa balitz bezala ospatzen dut. Niri izugarri gustatzen zait pilotan jokatzea eta ilusioz bizi dut.
Askorentzat 32 urterekin ari zara maila onena ematen, zenbat urtera uste duzu eutsiko diozula puntan?
Ez da erraza esaten. Nik beste sei urterako kontratua dut, 39 bete arte, eta horiek behintzat puntan jokatzen pasa nahi nituzke. Argi dago ez ditudala egungo mailan egingo, baina bai onenen artean. Onenen artean ezin dudala lehiatu ikusiko banu neronek utziko nioke jokatzeari.
Min txiki askorekin ibili zara, zer dio gorputzak?
Egia da, bizkarrean, izterrean... Txapelketa gogorra izan da, eta mentalki ere oso astuna. Baina tira, irabazten duzunean min gutxiago ematen du.
Partida bat baino gehiagotan azken sakea zabalera atera duzu. Aurrez erabakia zenuen hori?
Ez, nik erabakiak partiden arabera hartzen ditut. Bengoetxeak errestoan aurrera egiten zuelako sakatu nuen zabalera, eta bere aurkako aurreko partidan ere berdina egin banuen orduan bururatu zitzaidalako izan zen.
Oporrik hartzeko aukerarik ez, ezta?
Ez, orain binakakoa dator —gaur aurkeztuko dute, Zarautzen—. Hori bai, lehen asteak beste modu batera hartuko ditut. Burua nekatuta dago eta lasai ekingo diot. Partidatan nire onena emanez, baina astea beste modu batera antolatuz. Azken urte osoan astebeteko oporra izan dut bakarrik, eta asko dela dirudi.
Aimar Olaizola. Asegarceko pilotaria
«Final batean, 13-0 irabazten joanda ere ezin zara erlaxatu»
Lau t'erdiko seigarren txapela eta bere ibilbideko 11.a irabazi zuen herenegun. «Gosea» ez du ase oraindik, eta ez dio amaierarik jarri nahi bolada onari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu