Final handia Cardiffen

Gales eta Ingalaterra Sei Nazioen Torneoa irabazteko lehiatuko dira arratsalde honetan, Millenium estadioan

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2013ko martxoaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gaur iluntzean, tenore handia iritsiko da Cardiffeko Millenium estadiora. Galesek eta Ingalaterrak 2013ko Torneoa izanen dute jokoan (18:00, France2). Europako errugbi lehiaketa nagusian usu gertatzen den bezala, azken partidak erabakiko du txapelduna. Urte honetan, gainera, torneoa irabaz dezaketen bi selekzioak aurrez aurre izanen dira. Benetako finala izanen da.

Gaurko partida hasi baino lehen, oso pareko daude gauzak. Sailkapenean, Ingalaterra da aitzinetik. Bere lehen lau partidak irabazi ditu, eta gaur irabazita, Grand Slama lor dezake. Gales bi puntu gibeletik dago, lehen jardunaldian Irlandaren aurka galdu baitzuen, (22-30). Aurten, beraz, Grand Slamik ezingo du lortu, baina torneoa irabaztea aski sari izanen du. Porruaren hamabostekoak etxean jokatzeko abantaila du alde. Cardiffeko 80.000 zaleak bero-bero izanen dira.

Datuei begira, gauzak oso estu daude. Ingalaterrak sailkapenean aitzinetik izatearen abantaila dauka. Puntu aldeari dagokionez, ingelesak hobeki daude, jaso baino 43 puntu gehiago sartu baitituzte. Galesek, berriz, 29 punturen aldea du. Ingalaterrak, beraz, nahikoa du zortzi tantorekin baino gutxiagorekin galtzea torneoa bereganatzeko.

Galesek gauzak zailago ditu, nahi ala nahi ez Ingalaterrari zortzi punturen aldearekin irabazi behar diolako. Hala ere, Cardiffen jokatzeak abantaila emanen dio. Cardiffeko Millenium estadioari «errugbiaren tenplua» esaten diote, Galesen errugbia kasik erlijioaren pare dagoelako.

Gales, behetik gora

Gainera, azken partidetan kontrako bidea hartu dute bi selekzioek. Ingalaterra goitik behera doala dirudi. Eskoziari erakustaldia emanda hasi zen (38-18), eta Dublinen Irlandari irabaztea lortu zuen (6-12). Frantziak estu hartu zuen 60 minutuz (23-13), baina, joan zen astean Italiaren aurka erakutsi zuen mailak zalantzak sortu ditu. Italiari anitz sufrituta irabazi zion Ingalaterrak (18-11).

Galesek, berriz, kontrako bidea erakutsi du. Etxean, Irlandaren aurka galduz hasi zen (22-30); bere zortzigarren porrota jarraian izan zen. Baina ordutik itxura dezente hobetu du. Frantziari merezita irabazi zion Parisen (6-16). Italiari ez zion aukerarik eman Erroman (9-26), eta Eskozia menderatu zuen Edinburgon (18-28). Hiru garaipen, denak etxetik kanpo. Ez du balentria makala lortu, konfiantzarekin prestatu du Ingalaterraren aurkako partida. Hala ere, partida orekatua izatea espero da.

Bestalde, azken jardunaldiko beste bi partidetan, Italiak gaur Irlanda jasoko du etxean (15:30, France2), eta Frantziak Eskoziaren aurka jokatuko du bihar iluntzean (21:00, France2).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.