Finala, abenduaren 4an

EPELeko epaileak onartu egin du lau t'erdiko finala astebete atzeratzeko Olaizola II.ak egindako eskaera

Erredakzioa
Donostia
2011ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Azaroaren 27an ez, abenduaren 4an jokatuko dute Juan Martinez de Irujok eta Aimar Olaizolak Lau t'erdiko Txapelketako finala, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Atzo arratsaldean egin zuen ofizial Enpresen Ligak (EPEL) finala astebete atzeratuko dela, elkarte horretako epaile bakarrak Goizuetako aurrelariak ordu batzuk lehenago egindako eskaera onartu ostean. Epaileak ez zuen zalantzarik izan, Lau t'erdiko Txapelketako araudiak finala atzeratzeko aukera ematen baitu. Araudi horrek dio gehienez astebete atzera daitekeela finala, eta, hain zuzen ere, abenduaren 4an amaituko da epe hori, finala jokatuko den egunean, alegia. Ordurako Olaizola II.a jokatzeko prest egotea espero dute bai EPELek, bai medikuek baita pilotariak berak ere.

Olaizola II.a erlojuaren aurkako lasterketa batean dabil igande arratsaldetik, Abel Barriolaren aurka jokatu zuen finalerdietako ligaxkako azkeneko partidan min hartu zuenetik. Asegarceko pilotariak irabazi egin zuen (18-22), eta finalerako sailkatu. Hori bai, garesti ordaindu zuen garaipena, ezker eskuko hatz luzea minduta zeukala amaitu baitzuen lehia. Partida amaituta egin zioten azterketa medikoek ez zuten albiste onik ekarri: pitzatua zuen ezker eskuko hatz luzeko puntako hezurra. Ez zirudien lesio larria, baina bai kezkatzeko modukoa. Olaizola II.a, halere, ez zen oso kezkatuta azaldu astelehenean. «Atzo [igandean] baino hobeto daukat hatza. Ubelduta daukat, baina ez hain handituta. Ahal dudan guztia egingo dut 27an jokatzeko. Nik egun horretan jokatu nahi dut».

Aste hasierako itxaropena, baina, etsipen bilakatu da egunek aurrera egin ahala. Hala, herenegun Olaizola II.ak jada «zail» ikusten zuen 27an jokatzea. «Ezin dut hatza mugitu ere egin. Odola atera zait, eta ubelduta daukat. Beste eskuko hatzarekin elkartzen saiatu naizenean izarrak ikusi ditut. Hobekuntza nabaritu dut, baina hobekuntza oso txikia. Hatza gaur dudan bezala baldin badut, ezin izango dut finala 27an jokatu». Eta ordutik ez da egon aldaketarik, azken orduko miraririk. Aitzitik, hain izan da txikia Olaizola II.ak igandetik izan duen hobekuntza, ez da ausartu asteburuan Bizkaia pilotalekuan egitekoa zuen proba egitera.

Bigarren Mailakoa ere, kolokan

Atzokoa, beraz, aldez aurretik iragarritako albistea izan da ia-ia. Irujo bera finala astebete geroago izango zela barneratzen hasia zen. «Aimarrek eta biok jokatu nahi dugu 27an, baina finala 3ra edo 11ra atzeratu behar bada, atzeratu egingo da, eta kito. Nik ez dut arazorik. Edonori gerta dakioke horrelako zerbait», aitortu zuen Iberokoak herenegun.

Finala atzeratzeak izango du eraginik egutegian, hain zuzen ere, abenduaren 3an Ruben Belokiren agurreko jaialdian. Egun horretan Burlatakoa Olaizola II.arekin batera zen aritzekoa Oinatz Bengoetxea eta Aritz Beginoren aurka. Finala hurrengo egunean izanik, Goizuetakoa ez da Labriten izango, eta Pablo Berasaluzek hartuko du haren tokia.

Finala abenduaren 4an, Belokiren omenaldia 3an, eta 2an Bigarren Mailako lau t'erdiko finala. Aitor Mendizabal eta Stephane Lemuno hilaren 26an dira jokatzekoak finala, baina Lemunok mina du ezker eskuan, eta ziurrenik finala astebete atzeratzeko eskatuko du. Gaur jakingo da ea finala atzeratuko duten edo ez. Atzeratuz gero, abenduaren 2an jokatuko litzateke, Zarauzko Aritzbatalde frontoian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.