Finala Atanora, azkenekoz?

Irujok eta Barriolak Donostian jokatuko dute lau t'erdiko finala abenduaren 12an, iazko prezioekin

Imanol Magro Eizmendi.
2010eko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Juan Martinez de Irujok eta Abel Barriolak Donostiako Atano III.a pilotalekuan jokatuko dute lau t'erdiko finala, abenduaren 12an. Urteko lehen bi finalak Ogetan jokatu baziren, hirugarrena Atanora itzuliko da, eta iazkoaren prezio berean. Kantxako sarrerek 120 euro balioko dute, eta gaur goizean jarriko dituzte salgai.

Finala Atanora eramatea ez da ustekabea izan. Aste batzuk dira Donostiako Udalak hainbat eserleku aldatu zituela, eta finalera begira eginiko ahalegina zirudien. Pipiak jandako hainbat eserleku aldatu dituzte eta ilarak zorura hobeto lotu. Eserleku berriak ere egurrezkoak dira, Karmelo Baldako goiko solairuan zeudenak dira, eta ez dute aurrekoen antzik. Kolorea, esaterako, ezberdina da, ilunagoa.

Era berean, baliteke Atanon jokatzen den azken finala izatea. Egun handietako pilotalekuak aukeratzeko garaian ikusle kopuruak garrantzia handia du, eta orain arte dikotomia Atano eta Ogetaren artekoa bazen, Bilboko pilotalekua udaberrirako bukatuko dute; agian binakako finalerako. Iruñeko pilotaleku berria ere martxa onean doa. Atanon1.700 ikusle sartzen dira, eta aldea handia da Bilbokoan sartuko diren 2.800 ikusleekin, edota Iruñekoaren 3.000ekin alderatuta.

Iazko finala ere Atanon jokatu zen, eta enpresek orduko prezioa mantendu dute.Kantxako sarrerek, ugarienek, 120 euro balioko dute; goiko solairuko lehen ilarakoek 70; erreboteko lehen ilarakoek 60; goiko harmailako besteek 45, eta errebotekoek 35. Sarrerak telefono bidez salduko dira: 661259009eta 656799423. Kopuru osoari pilotariek eskaturikoak eta enpresek euren konpromisoetarako gordetzen dituztenak kendu behar zaizkie. Azken bi finaletan Ogeta ez zen bete, baina enpresek ez dute halakorik espero oraingoan.

Finalistei dagokienez, asteburu honetan bertan egingo dituzte pilotalekuan lehen entrenamenduak, Donostiako frontoian. Irujok eta Barriolak 2007an ere jokatu zuten lau t'erdiko finala, eta Iberokoak irabazi zuen (22-21).

Idoatek atzerapena eskatu du

Bigarren Mailako lau t'erdiko finala Lehen Mailakoaren bezperan jokatuko da, Iruñean. Hasieran larunbat honetan jokatzekoa zen, baina Mikel Idoatek, eskuko minez, astebete atzeratzeko eskatu du. Iruindarraren aurkaria Miguel Merino izango da. Gaur, bestalde, San Andres eguneko jaialdia jokatuko da Eibarren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.