Finala, aurkariaren etxean

Athleticek eta Bartzelonak Camp Nou Bartzelonaren estadioan jokatuko dute Espainiako Kopako finala, maiatzaren 30ean.Espainiako Futbol Federazioko zuzendaritzak erabaki du, bozketa bidez

Camp Nou estadioko harmailak, hutsik. Bartzelonarena Europako estadiorik handiena da, eta 99.000 ikuslerentzako eserlekuak ditu. ALEJANDRO GARCIA / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2015eko martxoaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Athleticek aurkariaren estadioan jokatuko du Espainiako Kopako finala. Garbi esanda, Bartzelonak etxean hartuko du Bilboko taldea maiatzaren 30ean. Erabakia Espainiako Futbol Federazioaren zuzendaritza batzordearen bilera kaotiko baten ondorio izan zen, eta, azkenean, bozketa bidez erabaki zen Camp Noun izatea. Hala, eta estadio horretan jokaturiko azken kopa finaletako datuak ikusita, Athleticek 37.000 sarrera inguru izango ditu bere zaleen artean banatzeko, beste inon baino gehiago.

Espainiako Kopako finala hartzeko estadioaren foiletoiak ezusteko ondorioa izan zuen atzo. Atheltic, Bartzelona eta Espainiako federazioaren arteko bilera hasi zenean, federazioak Madrilen dituen bulegoetan, ustez Valentzia eta Sevilla ziren aukera bakarrak. Lau ordu geroago, baina, Bartzelonaren eta Bilboren arteko bozketa batek erabaki zuen egoitza.Federazioko zuzendaritzako hogeita zortzi kidek Bartzelonaren alde egin zuten, eta hamaseik, Bilboren alde.

Finalerako estadioaren katramila aspaldi hasi zen, Real Madrilek Santiago Bernabeuren aukeraitxi zuenetik. Bartzelonak eta Athleticek bat eginda han jokatzea eskatu zuten; beste aukeretan, baina, ez zegoen adostasunik. Atzoko bileran, bi taldeek euren lehentasunak plazaratu zituzten. Josu Urrutia presidentea eta Jon Berasategi kudeatzailea joan ziren Athleticen izenean, eta Sevilla nahiago zutela esan zuten. Bartzelonak, berriz, Valentzia aukeratu zuen. Adostasunik ezean, federazioak zuen azken hitza, bozketa bidez.

Bozketara iritsita, aukera handitu zen, Bilbo eta Bartzelona gehitu baitzituzten. Bere garaian Athleticeko buruzagiek Camp Nouren aukera begi onez ikusten zutela esana zuten, eserleku kopuruarengatik. Lehen bozketan, Sevilla edo Valentzia eta Bartzelona edo Bilbo aukeren artean erabaki zen, eta azken horrek irabazi zuen (27-17). Gero etorri zen beste bozketa, eta Bartzelonak irabazi zuen. Kataluniako hedabide batzuek zabaldu zutenez, Josep Maria Bartomeu Bartzelonako presidenteak Bilboko aukeraren alde bozkatu zuen. Martxoaren 3an, Bartomeuk jendaurrean esana zuen ez zuela nahi finala Camp Noun jokatzerik.

Athletic, gustura

Aurkakoa pentsa zitekeen arren, Athletic gustura dago erabakiarekin. Taldeko buruen eta jokalarien lehentasuna ahalik eta zale gehienentzako sarrerak edukitzea zen, eta Bartzelonaren estadioa Europako handiena da. Camp Noun jokaturiko Espainiako Kopako azken finalean, 2010ean, Atletico Madrilek 37.195 sarrera jaso zituen, eta kopuruak antzekoa beharko luke. Athleticen bazkideen %84 da hori—44.000 ditu—. Josu Urrutiak hori nabarmendu zuen bileraren ondoren: «Guk Bilbon jokatzea nahiago genuen, baina aukera ona da. Ia San Mames osoa sartu ahal izango dugu, eta etxean jokatzea bezala izango da».

Bartzelonak ere jokaldi oso ona egin du, taldeko presidenteak «zelai neutral bat» nahiago arren. Etxean jokatzea berez abantaila da, eta, gainera, txarteldegian bildutako diruaren %20 jasoko du —beste guztia federazioarentzat da—, eta telebista eskubideen %1,5. Era berean, harmailetako giroa orekatuko du, beste edozein hiri edo estadiotan posible zelako Athleticeko zaleak nagusi izatea. Hala izan zen elkarren aurka jokaturiko azken bi finaletan —Valentzian, 2009an, eta Madrilen, 2012an—. Bilboko zaleek Bartzelonako kaleetan egingo dute gastua gehitu behar zaio horri.

Baikor izateko arrazoien bila jarrita: historia. Athleticek aurretik Bartzelonan jokaturiko kopako sei finalak irabazi zituen. Hori bai, azkenekoa 1945ean izan zen, etabat ere ez zen jokatu Camp Noun. Lau Montjuicen izan ziren, eta bana Les Corts eta Muntanerren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.