PILOTA

Finala dute helburu Altuna-Mariezkurrenak eta Peña-Albisuk

Altuna III.a-Mariezkurrena II.ak eta Peña II.a-Albisuk finalerako sailkapena izango dute jokoan igandean, Bilbon. Garaipen bana lortu zuten elkarren aurka, ligaxkan: 22-21 izan zen emaitza bietan 

Jon Ander Albisu, Jon Ander Peña, Jokin Altuna eta Jon Mariezkurrena, igandeko pilotarako aukeratutako pilotekin, gaur, Miribilla pilotalekuan. RAUL BOGAJO / FOKU
Julen Etxeberria.
2021eko apirilaren 29a
15:03
Entzun

Ligaxkako partida bada ere, kanporaketa kutsua du erabat Jokin Altunak eta Jon Mariezkurrenak, eta Jon Ander Peñak eta Jon Ander Albisuk igandean Bilbon, Miribilla frontoian jokatuko duten neurketak (17:00, ETB1). Irabazleak Danel Elezkanoren eta Jose Javier Zabaletaren kontra ariko dira toki berean, maiatzaren 9an, finalean. Galtzaileek, aldiz, agur esango dute.

Ezin da asmatu nolakoa izango den norgehiagoka. Ligaxkan gertatutakoari erreparatuta, ezin estuagoa izan beharko luke. Bi bikoteek bitan jokatu zuten elkarren aurka, eta bakoitzak partida bat irabazi zuen. Muturrekoa izan zen parekotasuna, bi partidetan tanto bakar bat egon baitzen irabazleen eta galtzaileen artean: 22-21 amaitu ziren. Pilotaleku berean jokatu zituzten biak: Astelenan, Eibarren (Gipuzkoa). Aurrenekoan, Altuna III.a-Mariezkurrena II.ak irabazi zuten, lehia osoan aurretik joan ondoren; eta, bigarrengoan, Peña II.a-Albisuk, 17-21 bat iraulita.

Bigarren partida horrek izan zuen bietan garrantzirik handiena. Garaipenari esker, Baikoko bikoteak aurrea hartu zion Aspekoari sailkapenean, eta bigarren postua lortu zuen. Eutsi egin zion gero, eta zuzenean sailkatu zen finalerdietako ligaxkarako. Aspekoek, ordea, kanporaketa jokatu behar izan zuten.

Atzelarien lana, erabakigarri

Finalerdietako ligaxkan, berriz, lan bera egin dute bi bikoteek: irabazi egin diete Ezkurdia-Ladis Galarzari, eta galdu Elezkano II.a-Zabaletaren aurka. Etxarrengo (Nafarroa) atzelariak hankapean izan ditu guztiak, baina batez ere postukideak. Igandean erabakigarria izango da atzelarien lana ere, eta horretan aldea dago. Albisu Mariezkurrena II.a baino dezente erregularrago aritu da, eta eskarmentu gehiago du presiopean jokatzen. Desoreka hori orekatzen saiatuko da Altuna III.a, hark Peña II.a baino esperientzia gehiago baitu lehia erabakigarriak jokatzen.

«Ligaxka ez da erraza izaten ari, lehen partidan astindua hartu baikenuen, eta horrek konfiantza kendu ohi baitu. Ni neu ez nabil oso gustura, baina ez nago kezkatuta. Ondo gaude. Haiek abiadura handia ematen diote pilotari. Ezin dugu oparirik egin, eta aurrean, anguluak bilatu beharko ditugu, gure erritmoa ezartzeko. Aukera ederra dugu finala jokatzeko», esan du gaur Altunak, aukeraketan. «Oso ondo ezagutzen dugu elkar. Oso bikote orekatua da, eta sasoi oso onean daude. Gurea eman beharko dugu. Ametsa da final baten atarian egotea. Nork esango zidan halakorik duela bost hilabete», gaineratu du Mariezkurrenak. Aspeko bi pilotariek lehen finala lukete binaka.

Baita Peñak ere. «Txikitatik denok amesten dugu final bat jokatzearekin, eta hori lortzeko aukera polita dugu». Albisuk, ordea, bigarrena luke. Oroitzapen txarra du aurrenekoaz, haren bikotekide Pablo Berasaluzek min hartu baitzuen. Argi du egitekoa: «Altuna saihestu eta Mariezkurrena kargatu». Horretarako, nahiagoko zuten pilota «gehixeago» topatu izana. Baina aitzakiarik ez dagoela esan dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.