Lau eta erdiko finala. Peio Etxeberria. Aspeko pilotaria

«Finalean irudikatzen nuen neure burua»

Argi du: buruz «aurrerapausoa» eman duelako iritsi da finalera. «Lehen, ingurukoek nik baino konfiantza handiagoa zuten nigan».

IÑIGO URIZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
2023ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Peio Etxeberriak (Zenotz, Nafarroa, 1998) berehala atzeman du zer-nolako ikusmina pizten duen Lehen Mailako final baterako sailkatzeak. Sutan izan du sakelakoa azken egunetan: elkarrizketak, zaleen animoak, sarrera eskaerak... Azken horrek eman dio lanik handien, baina berehala topatu dio irtenbidea: «Badut hori zeinek kudeatu. Nik finala ahalik eta ondoena prestatu besterik ez dut izan nahi buruan».

Ikusi gehiago:Jokin Altuna: «Min egiten dit zalantzan jartzeak min dudala»

Kosta zaizu barneratzen aurreneko aldiz Lehen Mailako final bat jokatuko duzula?

Pixkanaka sinetsi dut; lorpen ederra da. Oso une politak bizitzen ari naiz, eta ziur naiz igandeko eguna ere ederra izango dela. Etxekoak, lagunak eta egunero nirekin daudenak izango ditut ondoan frontoian. Eguna iristeko irrikaz nago.

Horrelako egun politak bizitzearekin egiten du amets kirolari batek?

Bai. Egun hauek oso bereziak ari dira izaten. Lehen Mailako aurreneko finala jokatuko dut [Promozio Mailako buruz buruko txapela irabazi zuen 2021ean], eta, gainera, banaka ariko naiz. Gauza handia da.

Altuna III.ak txapelketaren aurkezpenean esan zuen aurreko bi ekitaldietan finalerdietan aritu eta gero «edonoiz» egingo zenuela jauzi finalera. Esan, eta gertatu.

Nire ustez, pilotaria poliki-poliki egiten da. Ni horrela egin naiz: poliki-poliki. Hirugarren ahaleginean irabazi dut finalerdietan. Aurreko bi aldietan, konturatu nintzenerako, jada ez nuen aukerarik irabazteko [2021ean, 22-8 galdu zuen Unai Lasoren aurka, eta, iaz, 22-14 Joseba Ezkurdiaren kontra]. Aurten, ordea, Peñari finalerdi gogorra irabazi eta gero ariko naiz finalean.

Pentsatu zenuen hau izan zitekeela zure abagunea?

Pilotariak beti pentsatzen du bere unea izan daitekeela; horrela pentsatu behar du hobetu nahi badu. Nik finalean irudikatzen nuen neure burua. Garrantzitsua izan da horrela pentsatzea.

Udan ez zenituen torneo nagusiak jokatu, baina distira egin zenuen itzalpean.

Nik argi nuen Jokin eta Joseba bai ala bai ariko zirela torneo nagusietan, eta buruz buruko txapelduna izan berritan, Aitor [Elordi] ere haiekin ariko zela. Ez zegoen tokirik niretzat. Baina saiatu nintzen uda polita egiten, eta partida guztietan oso ondo aritzen. Oso pozik amaitu nuen, helburua bete bainuen: partida zail asko irabazi nituen. Ez ziren partida ofizialak, baina niretzat baliotsuak ziren; une horretan, garrantzitsuenak. Horiei esker nago hemen.

Zertan hobetu zara?

Aurreko urteekin alderatuta, ez dut prestaketa berezirik egin. Baina hobeto ari naiz buruz. Lehen, Andonik [Gaskue, Aspeko pilotari ohia eta haren botileroa] eta Pacok [Caballero, haren entrenatzaile ohia] konfiantza handiagoa zuten nigan, nik neure buruarengan nuena baino. Aurten, ordea, aurrerapausoa eman dut, eta konfiantza handiagoa dut neure buruarengan: sinetsi egin dut ahal dudala.

Berehala aipatu duzu zure botileroa: Gaskue. Zenbateko garrantzia du hark zure hobekuntzan?

Handia. Txikitatik ezagutzen dugu elkar: bion familiak elkarrekin joaten ginen partidak jokatzera. Gero, banandu egin ginen, baina pilotak berriro batu gaitu. Andoni gurekin entrenatzen da Ukoren [Carlos Txokarro eta Ruben Ayarra prestatzaile fisikoek duten kirol entrenamendu gunea da]. Ordu asko egiten ditugu elkarrekin, eta oso harreman estua dugu. Horregatik galdetu nion ea nire botilero izan nahi zuen. Oso gustura nago harekin: lasaitasun eta konfiantza handia transmititzen dit. Egun, Andoni oso garrantzitsua da niretzat.

Joseba Ezkurdia ere lantalde horretako kide da. Hura bidean geratu izanaren pena duzu?

Bai. Lagun ikaragarria da Joseba, eta ez dago une ona bizitzen ari. Nire ustez, lau eta erdiko lau onenen artean behar zuen. Baina, aurten, ez da posible izan. Hala ere, ziur naiz berriro sasoi betean jarriko dela.

Buruz aurrerapausoa eman izanaren arrazoia izan daiteke zoriontsu bizi zarela lantalde horren eta etxekoen babesean?

Dudarik gabe. Oso garrantzitsua da inguru batean zoriontsu izatea; lasaitasuna ematen du horrek. Nik zorte handia daukat, nire ingurua oso batuta baitago; denak gara bat.

Horri esker, adiago ari zara? Ala, onerako zein txarrerako, betiko pilotari bizi eta oldarkorra zara oraindik ere?

Nire ustez, orain, frontoian atzematen da lasaiago ari naizela. Beti diot ez dela norberaren funtsa galdu behar, baina bai molda daiteke, hobetzeko baldin bada. Eta nik horixe egin dut, eta, horri esker, lasaiago ari naiz une erabakigarrietan. Horregatik nago finalean. Oso pozik nago, eta gogoz gainezka jokatzeko.

Aurrenekoz ariko zara Lehen Mailako final batean. Parean, ordea, lau eta erdian bakarrik zortzigarren finala jokatuko duen pilotaria izango duzu. Sekulako aldea da hori.

Bai, eta horregatik uste dut ez duela antzik izango aurretik elkarren aurka jokatu ditugun partidekin. Baina garrantzitsuena igandean kantxan nire onena ematea da. Ematen badut, irabazi egin diezaioket.

Neurria hartua diozu: irabazi egin diozu lau eta erdian jokatu dituzuen azkeneko hiru partidetan.

Hala da, baina nik ez ditut erreferentzia moduan hartzen partida horiek: iaz, hura lesio batetik osatu berritan jokatu genuen elkarren aurka sanferminetako lau eta erdiko torneoan; urte bereko lau eta erdiko txapelketako ligaxkan, berriz, ez zuen bere maila eman. Igandeko partidak, gainera, ez du inolako antzik elkarren aurka jokatutako guztiekin: final bat da, eta harentzat, zortzigarrena. Seguru ondo ariko dela.

Min du ezkerreko sorbaldan, eta, dioenez, ia ezinezkoa izango da bete-betean aritzea. Zuretzat abantaila da hori?

Errazena hori esatea da: sorbaldako mina duenez, ez dela ariko bete-betean. Ez bada ariko bete-betean, ez dadila irten jokatzera. Finalerdian ere ez zen ariko bete-betean, eta, hala ere, 22ra ailegatu zen. Jokinek beti ematen du berea. Nik argi dut: Jokin onena izango dut aurkari finalean.

Zer-nolako norgehiagoka espero duzu?

Irabazi nahi badut, partidak gogorra izan behar du. Sakeak eta errestoak bere-biziko garrantzia dute lau eta erdian, eta oraingoan ere horrela izango da. Jokoaren bi alor horietan asmatu, eta haiekin min egiten duenak asko izango du irabazia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.