Finalean, ongi merezita

Pronostikoak hautsiz, Uterga-Endika eta Ezkurra II.a-Ion lehiatuko dira etzi binakako erremonte finalean. Gustuko pilotak hautatu dituzte

Endika, Ezkurra II.a, Uterga eta Ion, atzo, Hernaniko Galarreta frontoian, finalerako pilota aukeraketan. GORKA RUBIO / ARP.
jon eskudero
Hernani
2016ko abenduaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Pronostikorik ezohikoenetan ere nekez agertuko zen halako finalik, baina binakako erremonte txapelketako bi bikoterik onenak ondo merezita lehiatuko dira etzi txapelaren bila, Galarreta pilotalekuan. Santi Uterga eta Endika Urrutia ariko dira elastiko gorriarekin, eta Josetxo Ezkurra eta Ion Etxeberria urdinarekin. Urtega eta Endika izango dira faborito garbi, sasoi onean harrapatu dituelako txapelketak. Baina, erne, ligaxkan elkarren aurka jokaturiko partidan 40-39 irabazi baitzuten Ezkurra II.ak eta Ionek. Hortaz, izango da zer ikusia eta gozatua. Piloten aitzakiarik, behintzat, ez da izango. Bikote bakoitzak launa pilota hautatu zituen atzo, eta ez zen inolako kexarik izan. Biziagoak aukeratu zituzten gorriek, eta baxuagoak urdinek.

Gaztetasuna da nagusi aurtengo finalean. Ion da beteranoena, 33 urterekin, eta binakako zazpigarren finala izango du jada, laugarrena jarraian. «Ezustekoa izan da finalean sartzea, baina oso txapelketa ona egin dugu, eta uste dut aukerak baditugula txapela lortzeko». Esperientzia lagun izango du. Hirutan irabazi izan du binakakoa, hurrenez hurren, Patxi Zeberio, Uterga eta Koteto Ezkurrarekin. «Orain arte, izen handiko aurrelariak izan ditut, eta aurten gazte batekin heldu naiz finalera. Ardura ni izaten saiatuko naiz». Ezkurra II.ak eta Ionek Urriza eta Zubiri kanporatu zituzten finalerdietan joan-etorrian, eta Ion bera izan zen onena.

Goraipatzeko lana egiten ari da Ezkurra II.a ere. 24 urte besterik ez, eta konpromiso garrantzitsuetan ongi aritu da, eta prest dago finalerako. Binakako bigarren finala izango du, eta orain bi urteko arantza ateratzeko aukera aproposa izan dezake. Orduan, Julen San Miguelekin galdu egin zuen. Ezkurra II.a da txapelik ez duen finalista bakarra. «Kantxan heldutasun handiagoa daukat, eta, partida zaila izango den arren, baikorra naiz». Hori bai, ligaxkako lehiak ezer gutxirako balio duela uste du: «Lesio batetik atera berri zeuden Uterga eta Endika, eta ez zuten euren onena eman. Ezberdina izango da finala. Opari gutxi egitea izango da gakoa».

Donezteben, lehia berezia

Ezkurra II.a bezala, doneztebarra da Uterga ere. Alkatea, gainera. 32 urte ditu, eta iruditzen zaio herrian lehia berezia izango dutela. «Alkateak edo herritarrak. Partida nork irabaziko piztuko da halako lehia bat. Hori polita da. Ni gozatzera irtengo naiz kantxara». Gozatzera eta irabaztera, noski. 2013an lortu zuen binakako txapel bakarra, Ionekin, eta errepikatzeko gogoz dago. «Hain zuzen, orain Ion aurkari izango dut. Atzelari bikaina da, sasoi izugarrian dago, eta saiatuko gara haren jokoa eteten».

Horretarako, Endikak badaki lan ona egin beharko duela atzeko koadroetan. 26 urte ditu saldiastarrak, eta egungo binakako atzelari txapelduna da, iaz Koteto Ezkurrarekin jantzi baitzuen txapela. «Egun ahaztezina izan zen, eta ea errepikatzeko aukera dudan. Zaila izango da, baina, sakea ongi egiten badut, aukerak izango ditugu. Konfiantza dut Uterga bikotearengan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.