Itxako 26. Gyori 21

Finalerako bidea hartu du

Itxakok gaizki hasitako partida zuzendu, eta bost goleko aldea lortu du Txapeldunen Ligako finalerdietako joaneko partidanBigarren zatian etxeko taldeak erakutsitako defentsa erabakigarria izan da

Itxakoko jokalariak, elkar besarkatzen, partidaren amaieran, atzo, Lizarran jokatutako Txapeldunen Ligako finalerdietako joanekoan. RAUL BOGAJO / ARP.
edurne elizondo
Lizarra
2011ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Itxako. Navarro, Barno, Patri Pinedo(1), Martin (4, 3p), Turey (5, 2p), Bea Fernandez (2), Barbosa (3)—hasierako zazpikoa—; Stefani, Egozkue (1), Aguilar (3), Soit (3), Kurbanova (1) eta Nerea Pena (3).

Gyori. Palinger, Verten (1), Mravikova(3), Gorbicz (3), Bradeanu (6, 3p), Gros (1), Spiridon (2) —hasierako zazpikoa—; Kurucz, Kovacsics (1),Amorin, Hornyak (3), Orban eta Mayer (2).

Markagailua. 2-3, 4-5,5-6, 6-8,10-9, 13-11 (atsedenaldian); 15-12, 16-13,19-13, 20-15, 24-20, 26-21.

Epaileak. Badura eta Ondogrecula (Eslovakia). Bi minutuz kanporatuak: Itxakoko Soit, Martin eta Barbosa; eta Gyoriko Bradeanu (2), Kovacsics, Spiridon eta Kurucz.

Bestelakoak. Bete egin zen Lizarrerria pabiloia, 2.200ikusle inguru, tartean Hungariarik etorritako 200 bat zale.

Beste finalerdia. Larvik-Buducnost (25-20).

Itxakok lezio ederra eman dio Gyoriri. Hungariako taldea zen faborito atzo, Txapeldunen Ligako finalerdietako joaneko partidan, baina Lizarran etxeko taldea nagusitu zen. Are gehiago, aurkaria pistatik ateratzea lortu zuten Ambros Martinek zuzendutako jokalariek. Urduritu egin zuten. Eta hori, noski, markagailuan sumatu zen. Bigarren zatia erabakigarria izan zen nafarren garaipenarentzat, gaizki hasitako partida zuzentzea lortu baitzuten. Kontra hasi zen norgehiagoka, alde jarri zuten. Markagailuan bost goleko aldea eman zien nagusitasun horrek partidaren amaieran, baina zazpikoa ere izan zuten etxekoek (20-13). Aurkariaren urduritasunari ezin izan zioten etekin guztia atera, baina emaitzak argi eta garbi erakusten du Itxakok finala duela buruan. Eta finalerako bide zuzena hartu du, gainera.

Sumatzen zen Lizarran atzokoa egun berezia eta handia zela. Pabiloia lepo bete zen. Tartean ziren ere Hungariatik etorritako Gyoriren 200 bat zale. Kiroldegian, hala ere, kolore horia zen nagusi atzo. Egoera horrek izan zuen eraginik jokalariengan hasieran. Lehendabiziko zatiko aurreneko 20 minutuetan gehiegi sumatu zitzaien Itxakoko jokalariei urduri zirela. Berriz ere, arduraren zamak eragindako presioari aurre egiteko zailtasunak izan zituzten. Egoera horrek, batez ere, Itxakoren erasoan eragin zituen hutsak. Defentsan, halaber, ez ziren hagitz fin aritu nafarrak lehendabiziko minutuetan.

Itxakok, hala ere, ikasi du. Bere hutsek erakutsi diote Lizarrako taldeari urduritasunari aurre egiten. Burua pistan jartzen. Eta ingurukoak ahazten. Horregatik, hutsak bazter uzten ederki asmatu zuten atzo Ambrosen jokalariek. Eta Itxakok bere jokorik onena erakusten duenean, talde gutxik egiten ahal diote aurre. Gyori bera, Europan esperientzia handiko taldea dena, ezinean aritu zen Lizarran etxeko taldearen kontra. Itxakok hartu zuen kontrola bere esku, eta, urratsez urrats aurrera egin zuen, markagailua eta partida bere alde jarri arte.

Defentsa izan zen gako nagusietako bat. Hasierako 6-0ko sistema laster bilakatu zuen Ambrosek 5-1ekoa. Barbosa aurreratu zuen pistan, eta, erabaki horri esker, Gyoriko erdiko Goriczen lana hutsean uztea lortu zuen Itxakok. Defentsa sendotuta, kontraerasoari etekina ateratzen hasi ziren etxekoak, eta egindako lanak markagailuan izan zuen isla zuena. 13-11 amaitu zen lehen zatia.

Lehen zatiaren amaierak bigarren zatiko nafarren jokoaren gakoak utzi zituen agerian: defentsa sendoa, ateko lan ona, eta konfiantza. Ikaragarria izan zen jokalarien jarreran bi zatietan sumatu zen aldea. Ikaragarria, halaber, Gyoriko taldeen jokalariengan jarrera horrek izan zuen eragina. Izan ere, lehen zatiko aurreneko hogei minutuetan erakutsitako indarra, segurtasuna eta konfiantza hutsean gelditu zitzaizkien jokalari hungariarrei. Sumatu zitzaien Itxakoren susperraldiak ezustean harrapatu zituela. Eta nafarren joko bikainaren aurrean, armarik gabe gelditu ziren.

Egoera horri etekina atera zion etxeko taldeak. Bigarren zatiko hamabosgarren minutu ingururako zazpi goleko aldea zuen markagailuan (20-13). Gozatzen ari ziren Ambrosen jokalariak. Eta sumatzen zitzaien. Partidaren azken txanpan egindako hainbat hutsek aukera eman zioten Gyoriri alde hori murrizteko. 26-21 amaitu zen partida. Itxakok, hala ere, argi utzi zuen Hungariako taldea mendean hartzeko gai dela. Horretarako taldea baduela. Eta Europan duen esperientzia murritzagoa izan arren, taldearen gogoak eta ilusioak lortu duela Itxako finalerako bidean jartzea.

Itxakoko kideak, kontent

«Partida bikaina egin dugu. Talde osoak erakutsi du irabazteko grina neurketa osoan». Ambrosek bere jokalarien lana txalotu zuen partidaren amaieran. Kontent zen emaitzarekin, baina argi utzi zuen itzuliko partida hagitz zaila izanen dela. «Finalerako sailkatu nahi badugu, gure eskubaloirik onena erakutsi beharko dugu Hungarian», azpimarratu zuen. Jokalarientzat atzoko partidan erakutsitakoaz eta lortutakoaz gozatzeko unea zen atzo. «Urduri ginen hasieran, baina erritmoa hartu dugu, eta partida gure alde jartzea lortu dugu», erran zuen Macarena Aguilarrek. Hurrengo igandean erabakiko da kanporaketa (17:30).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.