Jokin Altunak sendotasun eta ahal fisiko handia erakutsi du. Galtzen hasi du partida, eta zazpi punturen aldea ere atera dio Oinatz Bengoetxeak. Baina eutsi egin dio Amezketakoak, baita 2-9ko markagailua irauli ere.
Bengoetxeak, aldiz, garesti ordaindu ditu egindako hutsak. Bi txapa jo ditu 3-9ra arteko tartean, eta arnasa eman dio Altunari. Nekeak ere eragina izan du partidan. Leitzakoak lortu du 14na berdintzea, baina indarrak agortzen hasiak zituen ordurako, eta gehiegi arriskatu du.
Ordea, beste hiru pilota ere txapara joan zaizkio, eta horrek eta nekeak aurkariari egin diote mesede. Zalantzekin hasitako txapelketa indartsu amaituko du Amezketakoak.
Bihar jakingo da nor izango den Altunaren aurkaria, bi aste barru jokatuko duten lau eta erdiko finalean. Bilboko frontoian jokatuko dute Urrutikoetxeak eta Ezkurdiak bigarren finalerdia, 18:00etan hasita.