Patxi Zeberiok eta Javier Urrizak Banakako Kutxa Torneoko final-laurdenetako ligaxkako laugarren partida jokatuko dute gaur, Galarretan (16:00). Biek eroso irabazi zuten lehenengo jardunaldian, eta gaur finalerdietara gerturatzeko aukera ona dute. Gipuzkoarrak irabaziko balu hurrengo fasera igaroko litzateke matematikoki; nafarra nagusituko balitz, berriz, aurrerapauso handia emango luke, itxaron egin beharko lukeen arren.
Zeberio II.ak Miguel Mari Urrutia hartu zuen mendean lehenengo partidan (30-23). Saldiaskoa zen faboritoa, baina Elduaingoak partida bikaina jokatu eta lehen puntua eskuratu zuen. Sakez asko amatu zuen, eta jokoz ere sasoiko dago. Azken urteetako Zeberio II.arik onena ikusi zen kantxan, eta txapela irabazteko hautagai nagusietako bat bihurtu da.
Urrizak, berriz, Xanti Utergari uste baino erosoago irabazi zion (30-15). Partida horretarako ez zegoen faborito argirik, baina nafarrak argi utzi zuen ongi prestatuta dagoela. Abiadura handia ematen dio pilotari, eta egun ona egokitzen bazaio pilotari arriskutsua da. Partida hasierak asko baldintzatzen du Urrizaren jokoa. Ongi hasten bada, edonori irabazteko gai da; baina galduz joanez gero partidak, sarritan irteten da.
Dirua nabarmen irtengo da Zeberio II.aren alde. Faborito garbia da Elduaingoa, baina ez du lan erraza izango aurkaria mendean hartzen. Biak aurrelariak dira, eta, beraz, badirudi jokoan ez dela alde handirik egongo. Lehen partidan ongi moldatu ziren errestoan, eta gaurko gako nagusia hori izango da. Urrizak bizi egiten du sakea, eta Zeberio II.ak abiadura hori balia dezake tantoa dominatzen hasteko. ETBko kamerak Galarretan izango dira.
Finalerdien usainean lehiatuko dira gaur Zeberio II.a eta Urriza
Gipuzkoarrak nahikoa du partida irabaztea; nafarrak, berriz, itxaron egin beharko luke, pauso handia eman arren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu