Fisacek lehengo lepotik du burua

GBCren entrenatzaile berriak uste du posible dela mailari eustea, taldeari «zor» diolako.Oraingoz ez du jokalaririk aldatuko

Nekane Arzallus GBCko presidentea eta Porfi Fisac entrenatzaile berria. J. U. / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2015eko abenduaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Odola ez zaio hoztu Porfirio Fisaci (Segovia, Espainia, 1965). «Jokalariren batek uste badu bihar Andorran ezin dugula irabazi, ez dadila etorri. Lasai gera dadila Donostian; ez dugu zigortuko, baina ez dadila etorri. Oso garbi dut posible dela mailari eustea». 2007an malko artean utzi zuen Donostia jenio biziko teknikariak, eta, zortzi urte geroago, burua lehengo lepotik duela erakutsi zuen atzo, bere aurkezpenean.

Donostia berezia da entrenatzailearen bizitzan, eta, Nekane Arzallus Retabet GBCko presidenteak azaldu zuenez, hori izan da Fisac aukeratzeko arrazoi nagusietakoa: «Etxea ezagutzen du, eta bere nortasunarekin taldearen dinamika alda dezake». Teknikariak emozioak azaleratu zituen eskaintza onartzeko arrazoiak ematean. «Niretzat berezia da hemen egotea. Talde honek entrenatzaile izaten lagundu zidan, eta zorretan nago. Bi talde izan ditut nire bizitzan: Valladolid eta GBC. Gelditzen zaidan bakarrarengatik borroka egingo dut». GBCk jokaturiko zortzi partidak galdu ditu, eta egun ACBko azken sailkatua da.

Motibazioa ekarri du Fisacek, baina oraingoz ez du jokalaririk aldatuko. «Hamar egun barru taldea hobeto ezagutuko dut, eta hobeto jakingo dut ea nire beharretara egokitzen diren. Doblas uztaipean gustura egon dadin nahi dut, Urtasunek goza dezala, Wear pibot petoa izan daitekeen jakin nahi dut, Milbournen alboan joka dezakeen... horrelako gauzak». Arzallusek ere iritzia eman zuen aldaketen inguruan, eta zuhurtziaz ibiliko direla esan. «Hamar egun barru, agian, aldaketak egongo dira, edo ez, baina horregatik ez dugu kluba zorpetuko. Gure mugak ezagutzen ditugu, eta ez ditugu gaindituko».

Fisacek hiru entrenamendu izango ditu Andorrara joan aurretik, eta Ponsarnauk aurkitu ez zuen tekla sakatzen saiatuko da: «Bere lanarekiko errespetu osoa dut, baina taldeak modu ezberdinean zuzentzen ditugu». Ezberdin bai, baina nola? «Defentsan jokalariak elkarrekin egon daitezen nahi dut, arrisku handiagoak hartuz... Nire erasoak laburragoak dira. Baina argi dago hemendik larunbatera ezin ditugula gauza asko aldatu». Entrenatzaile ohiaren izena mahai gainean agertu zenean, presidenteak ere hizpide izan zuen. «Bizitzan erabakiak hartu behar dira, eta, karguan nagoenetik, haren kontratua etetea izan da zailena».

Bestalde, Añares Rioja ISBk gaur jokatuko du ligako 11. jardunaldiko partida, Conqueroren aurka, etxean (20:30). Lan zaila izango du, Huelvako taldea hirugarren sailkatua baita. Iraurgi, aldiz, azkenekoa da, eta ez du garaipen bakar bat ere lortu orain arte. Bizkaia Gernikak eta IDK Gipuzkoak bihar jokatuko dute, elkarren aurka gainera, Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.