Fran Garagarza: «Niretzat, maila galtzea etsipena da; ez, ordea, porrota»

Aitor Manterola Garate.
2021eko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Fran Garagarzaren agurraren agerraldia izan zen atzo Eibarren. Azkeneko hamar urtean kirol zuzendari izan dena badoa, klubak eta hark horrela adostu dutelako, eta atzo eman zuen prentsaurrekoa, Ipuruan. Gai nagusia, jakina, azkenekoa izan zen: Eibarrek Lehen Mailatik Bigarrenera egin beharko duen atzerapausoa. «Porrota ez da», esan zuen Mutrikukoak. «Etsipen moduko bat, bai», gehitu zuen. «Oso denboraldi zaila izan da, eta aitortzen dut kirol emaitza txar horretan daukadan erantzukizunaren zatia». Hamar urteen balantzean ezinbestean azalduko da sasoi honetako «etsipena», baina, Eibarren egin duen aldi osoa aztertzen hasita, bestelako balorazioa eta nota jarri zizkion bere lanari: «Pozik noa egindakoarekin».

Lan hori zer izan den xehatu zuen, eta ezer baino lehen espero ez zuen zerbait izan dela esan zuen: «Egia bihurtu den amets bat izan da». Amets hori egunero gauzatuz joan da, eta, hamar urteren buruan, zer utziko duen azaldu zuen, egindako lanari aipamena egitearekin batera: «Sakonean, forman eta ereduri dagokionez, zerbait eraiki dugu hemen, eta legatu hori utziko dugu». Hori zer den zehaztu zuen: «Mundu guztian bihurtu dugu ezagun Eibar marka».

«Legatu bat utzi dugu»

Gehien poztu duten gauzetako bat ondorengoa dela esan zuen: «Eibar eredu bihurtu da klub apalentzat, eta sortu dugu sentimendu bat klubarekiko kanpoko jendearengan». Eskaera bat egin zion uztera doan klubari: «Horri eutsi egin behar diote, eta elikatu».

Kirol zuzendariaren lekua beste bati utziko dio laster, agintariek haren ordezkoa lotzen dutenean, baina hori egin artean laguntzeko prest dagoela esan zuen: «Ekainaren 30era arte dugu kontratua Mikel Martija idazkari teknikoak eta nik, eta lanean segituko dugu azkenera arte. Aldaketa horretan, laguntzeko gaude». Eskerrak eman zizkien egunerokoan alboan izan dituen kideei: «Asko gozatu dut lan honetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.