Espero baino gehiago sufrituta Frankfurt eta PSG, eta joanekoan lanen zatirik handiena eginda neke askorik pilatu gabe Wolfsburg eta Lyon. Lau talde horiek sailkatu ziren atzo Txapeldunen Ligako finalerdietarako. Faboritoek ez zuten hutsik egin. Baina Frankfurtek penaltiak behar izan zituen Rosengard kanpoan uzteko —5-4 amaitu zen penaltien txanda—, eta Bartzelonak 86. minutura arte eutsi zion joaneko partidako emaitza berberari, 0-0ekoari. Cristianek sartu zuen frantziarren gola, Paños Bartzelonako atezainaren huts larri batean. Lyonek 0-0 berdindu zuen Slavia Pragaren zelaian —9-1 joanekoan—, eta Wolfsburgek, berriz ere, 0-3 irabazi zion Bresciari.PSG-Lyon eta Wolfsburg-Frankfurt izango dira bi finalerdiak.
Frankfurtek 0-1 irabazi zuten joanekoan, baina Rosengardek 28. minuturako berdindu zuen kanporaketa, Gunnarsdottirren golari esker, eta Anne Katherine Kremer etxekoen atezaina erabakigarria izan zen azkenerako. Kontuak zer diren, Gunnarsdottirrek huts egin zuen penalti bakarra, azkena: 5-4 irabazi zuten alemaniarrek.
Bartzelona, oso maila onean
Bartzelonak balentria handia egin zuen Parisen, PSG oso estu hartuta. Defentsako lanean murgilduta, oso partida serioa jokatu zuten kataluniarrek, Ane Bergara eta Marta Unzue euskal herritarrak tartean zirela. Atze-atzean sartuta, luzapena behartzeko erronka eduki zuen Bartzelonak, eta, ezustean, 0-1ekoa esku-eskura eduki zuen 80. minutuan. Latorrek ez zuen asmatu, ordea, atezainaren aurrean, eta 86. minutuan sartu zuen gola PSGk.
Frankfurt, PSG, Wolfsburg eta Lyon aurrera, Txapeldunen Ligan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu