FUTBOLA

Frantzia, munduko txapeldun (4-2)

Didier Deschampsek entrenatutako taldeak nagusitasunez irabazi dio Kroaziari Munduko Kopako finalean, Moskun. Frantziarrek bigarren titulua dute, aurrenekoa lortu eta hogei urtera

Julen Etxeberria.
2018ko uztailaren 15a
18:54
Entzun

Frantzian urte askoan bizi izan dira haien selekzioak 1998an etxean jokatutako Munduko Kopan eginikoa ahaztu ezinik. Barthezek, Thuramek, Deschampsek, Zidanek eta enparauek txapelketa ikusgarria egin zuten, eta lan horri ginga jarri zioten finalean Brasil ahaltsuari irabazita. Bada, orduko selekzio bikain horri beste selekzio puska batek hartu dio lekukoa hogei urte geroago. Frantziak 4-2 irabazi dio gaur finalean Kroaziari Moskun, eta horri esker, bigarrenez da munduko txapeldun. Merezita irabazi du kopa, txapelketa handia egin baitu, hasi eta buka. Sendotasunaren eta eraginkortasunaren gainean eraiki du bere arrakasta. Titulua irabazita, gainera, arindu egin du duela bi urte etxean jokatutako Eurokopan finalean galdu izanak eragindako zauria.

Pozez gainezka frantziarrak, eta jota kroaziarrak. Momentuko etsipena izan beharko luke, harro egoteko moduko txapelketa egin baitute. Kroazian urte askoan bizi izan dira haien selekzioak 1998ko ekitaldian eginikoa gogoratuz. Bobanek, Prosineckik, Sukerrek eta enparauek zur eta lur utzi zituzten guztiak, eta gertu izan zuten balentria egitea, baina etxeko taldeak, gerora txapeldun izan zenak kanporatu zituen finalerdietan. Zaila zirudien orduko hura gainditzea, baina Modricek, Rakiticek, Mandzukicek eta enparauek egin dute. Lan bikain horri errematea eman ez izanaren pena izango dute orain.

Final ikusgarria jokatu dute Frantziak eta Kroaziak gaur Luzhniki estadioan. Ez du antzik izan azken txapelketetako gol gutxiko final aspergarriekin. Partida espero zen bezala hasi da: Frantzia eusten eta Kroazia hautsi nahian. Nagusi ziren kroaziarrak, baina arrisku handirik sortu gabe. Arrisku gutxiago sortzen zuten frantziarrek, nekez iristen baitziren aurkariaren areara, geldikako jokaldietan besterik ez. Eta hain zuzen, falta batean sartu du lehen gola Frantziak. Griezmannek eskuinetik erdiratu du, eta arean Mandzukicek atzera bota du buruz, eta gola bere atean sartu. Zorte handia izan du Frantziak jokaldian, eta zorte oso txarra Kroaziak.

Golak ordu arteko joera areagotu du: Frantziak atzerapausoa eman du, eta Kroaziak aurrerapausoa. Kroaziarren ausardiak berehala izan du saria, gola jaso eta hamar minutu eskasera. Frantziak lehen golean egin bezala, altxorra topatu du Kroaziak ere falta batean. Perisici iritsi zaio baloia area ertzean, eta jaurtiketa bikaina egin du. Bana. Lasaitu ederra hartu du Kroaziak, ataka estuan baitzen.

Baina egindakoaz gozatzeko ia denborarik ez du izan Perisicek. Eskuarekin ukitu du baloia Griezmannek ateratarako korner batean. Nestor Pitana epaile argentinarrak ez du penaltirik adierazi, baina VARak laster eman dio abisua: penaltia zen. Badaezpada, jokaldia ikusi du epaileak telebista batean, eta hori egindakoan adierazi du penaltia. Griezmannek bota du, eta ez du huts egin. 2-1. 38. minutua zen.

Bigarren golak, bigarren kolpeak ez ditu kikildu kroaziarrak. Indartsu zelairatu dira atsedenalditik bueltan, eta bere arean sartu dute Frantzia. Apustu ausarta zen, baina baita arriskutsua ere, are gehiago kontrarioak Mbappe bezalako jokalari bizi-bizi bat izanda. Hala, aurrelari frantziarrak gertu izan du 3-1koa bigarren zatiaren hasieran, baina Subaticek salbatu du Kroazia. Atezain kroaziarrak, ordea, ezin izan du ezertxo ere egin hortik gutxira Pogbak area kanpotik egindako jaurtiketa gelditzeko. 3-1. 58. minutua zen. Ordu erdi luze falta zen jokatzeko, baina Frantziak oso bideratuta zuen garaipena. Eta zer esan bost minutu geroago Mbappek area kanpotik 4-1ekoa lortu duenean. Kito. Amaituta zegoen partida. Llorisek emozio pixka bat eman nahi izan dio, 68. minutuan Mandzukiciri 4-2koa oparituta. Alferrik. Berandu zen jada. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.