FRANTZIAKO TOURRA HAIMAR ZUBELDIA . «Gorputza ez da matematika; urte batzuetan ondo ibiltzen da eta beste batzuetan ez»

ANDONI URBISTONDO - PAUE
2003ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Haimar Zubeldia oso ezagun bilakatu da. Elkarrizketa egin diogun unean, esate baterako, hogeita hamar bat haur zituen ondoan, autografo baten zain.

Pozik al zaude orain arte Tourrean egindako lanarekin?

Tour hasieran hau lortuko genuela esango baligute, barrez lehertzen hasiko ginateke. Laugarren eta bosgarren postuan gaude sailkapen nagusian, etapa bat irabazi dugu, eta pauso oso handia eman dugula esango nuke, bai taldeak bai nik neronek. Orain, lortutakoa Pariseraino mantentzen saiatu behar dugu, eta gero, lasterketa bukatzean, beharrezko ondorioak atera.

Urtero esaten duzu Tourraren atarian plangintza ona egin baldin baduzu eta sentsazio onak baldin badituzu pozik zaudela zeure buruarekin. Hala ere, aurreko bi urteetan ez duzu emaitzarik lortu eta aurten bai. Zergatik?

Urtero plangintza bera egiten dut. Aurten ere sentsazio onak izan nituen, Euskal Bizikletan ondo ibili nintzen, eta gero aitzin-etapan hirugarren izan nintzen. Horrek konfiantza eta buruko indar handia eman zidan. Postu horrek eta aurreko astean egindako lan onak asko animatu ninduen.

Zergatik hain ondo aurten eta ez hain ondo aurreko bi urteetan?

Ez dakit, nik prestaketa bera izan dut, pauso berak egin ditut, entrenamendu bera, baina batzuetan gorputza ondo dabil eta beste batzuetan ez. Gorputza ez da matematika, eta batzuetan halakoak gertatzen dira.

Jendeak zalantzak ditu Mayok eta zuk Tourmaleten gora izan zenuten jarrerarekin,Vinokourov atzean uzteko ez zenutelako erreleborik eman. Kale egin zenutela uste al duzu? Zer pasatu zen?

Hogeita bost ordu geroago han pasatu zenaz hitz egitea erraza da, baina Vinokourovek bi minutu eta erdiko aldea du, eta hori kentzea ez da batere erraza. Vinokourovek, gainera, Mario Aerts taldekidearen laguntza izan zuen, eta horrek asko lagundu zion. Une kritikoetan erabakiak hartzea ez da erraza, gauza asko baitaude jokoan. Agian ez genuen asmatu, baina hori ezin da aldatu.

Laugarren eta bosgarren postuak podiumetik gertu dauden postuak dira, oso gertu ere, eta kanpotik txarrenak direla pentsa daiteke. Hala ere, ez da horrela, postu bikainak baitira, ez?

Bai, nahiz eta podiumaren atariko postuak izan, taldeko bi kide laugarren eta bosgarren izatea lorpen itzela da, oraindik talde txikia baikara. Postu horretan jarraitzen badugu, hurrengo urteetan aintzat hartuko gaituzte, eta gaurko bultzadarekin, hobetzeko [diru laguntzak] tarte gehiago ematen digute.

Talde txikia zaretela ari geratu da, adibidez, taldekako sailkapenean: ia eskura izan eta gero, bigarren zarete orain.

Zaila dago; hasieran huts handia egin genuen eta hori zama handia izaten ari da. Ez da erraza, baina saiatuko gara. Hala ere, bigarren postua ez da txarra.

Zuri kontratua bukatzen zaizu eta badirudi inor ez dela konturatu, arreta guztia Mayoren kontratuak erakarri baitu.

Ni lasai nago.Gauzak ondo daude dauden bezala. Badakit hemen edo beste nonbait ez zaidala lana faltako. Igandea arte lasai joan nahi dut, eta Tourra bukatu. Zurrumurruei ez diet kasurik egingo, lasterketan buru-belarri bainago. Garaia datorrenean hartuko dugu erabakia eta kito.

Dena den, Euskaltel-Euskaditik ateratzea zaila da, ez?

Bai, oso zaila. Beraiek nire aldeko apustua egin zuten orain 2-3 urte, eta ni taldean geratu nintzen. Euskaltel-Euskadin jarraitzea gustatuko litzaidake.

>

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.