"Aldaketa garaiak dira gurean", zioen Benzemak asteburuan, Frantziako selekzioan aspaldiko partez giro lasaia dutela eta. Bukatu ziren barne liskarrak, taldeko kanporatzeak, irainak. Bidali edo erretiratu zituzten jokalari beterano batzuk —Henry, Gallas...—, Domenechen partez Blanc jarri zuten hautatzaile, baina Eurokoparen estreinakoan behintzat, ataskoa izan du. Bana egin du Ingalaterraren aurka.
Nasri, Benzema eta Riberyrekin oso aurre ona dauka. Manchester City, Real Madrilen eta Bayern Munichen jokatzen dute hirurek, eta bakoitzak protagonismoa du taldean. Hirurak dira Frantziako onenak, Ingalaterraren aurka erakutsi duten legez. Kasu, Nasrik egin du banakoa, area kanpotik jaurtiketa bat eginda. Baina zelai erdia? Pixka bat Herbehereei bezala pasatzen zaio Frantziari: zelai erdian talentu handirik ez duela.
Johan Cruyffek esan du Herbehereak zelaian zatituta bezala daudela: aurrea eta atzea. Zelai erdian ez duela uztartze lanik egiten, alegia. Antzera jokatu du Frantziak Ingalaterraren kontra, erdian Cabaye, A. Diarra eta Maloudarekin. Baloiaren jabetza berea izan da, Benzemari-eta iritsi zaie baloia, baina asko jaisten zirelako zuten baloia haiek, edo jokaldi solte edo ez antolatuetan ailegatzen zitzaielako. Benzema bere kasa saiatu da, egin ditu jaurtiketa batzuk; golik ez —denboraldi honetan Real Madrilekin 50 partidatan 31 gol sartu ditu—.
Frantziak badu hutsune garrantzitsu bat, ondorioz. Erdian ez daude Frantzia txapeldunetako Tigana, Platini, Giresse, Vieira, Zidane, Djorkaeff...
Ingalaterrak aurrealde onik duenik ere ez du erakutsi. Egia da Rooney falta zitzaiola —hurrengo partidan ere bai—, baina Rooney izanda ere ez dirudi Eurokopan urrutira helduko denik. Frantziaren kontra nabarmen jokatu du kontraerasora. Ingalaterra bat kontraerasora...
0-1: Lescott (30m). 1-1: Nasri (39m).