Fredrik Kessiakoffen ezustekorik handiena

Astana taldeko suediarrak irabazi du erlojupekoa Suitzako Itzulian; Rui Costak jarraitzen du lider

Donostia
2012ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Ez Peter Saganek, Suitzako Itzulian orain artean lau etapa irabazi dituen eslovakiarrak (Liquigas). Ezta Fabian Cancellarak ere, erlojuaren aurkako probetan artista den txirrindulariak eta atzoko proba irabazteko faboritorik handienak (RadioShack). Fredrik Kessiakoff suediarrak (Astana) irabazi zuen Suitzako Itzuliko zazpigarren etapa. Erlojuaren aurka denborarik onena egin zuen. Hark zer denbora egin zuen jakinda ere, faboritoek ezin izan zuten haren marka hobetu. Haren kirol ibilbidean ez dago atzokoa baino garaipen garrantzitsuagorik. Pare bat aldiz hirugarren egin izan du Austriako erlojuaren aurkako txapelketan. Baina besterik ez.

Erakustaldia emanda, merezita irabazi zuen. 66. postuan hartu zuen irteera Kessiakoffek, eta helmugan 46 minututan gelditu zuen kronoa. Artean faborito gehienak irteera hartzeko zeuden. Alferrik. Inor ez zen haren denbora hobetzeko gai izan. Cancellarak egin zuen denborarik onenetan bigarrena, eta Maxime Monfortek hirugarrena (RadioShack).

Gossauen hasi eta bukatu zen etapa, eta 34 kilometro pasatxo zituen. Ibilbide gorabeheratsua zuen, engainatzen duten horietakoa. Cancellarak irabazteko modukoa zela zirudien, baina ez. Hura hobeto moldatzen da ordekan. Eta, atzo, ordekak egon bazeuden, baina haren gustukorik ez. Helmugan, halere, bi segundoren aldea baino ez zion atera irabazleak.

Sailkapen nagusian Rui Costa portugaldarrak (Movistar) jarraitzen du lider. Itzulia amaitzeko bi etapa baino ez dira falta. Gaur bertan, Bischofszellen hasi, eta Arossan amaituko da, mailaz kanpoko mendate batean. 148 kilometro izango ditu denera, eta ikusi beharko da Rui Costa elastiko horiari eusteko gai den. Mikel Nievek ere (Euskaltel Euskadi) aukera polita izan dezake gaurko etapa irabazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.