Futbol zaparrada hotza

Bartzelonak eroso jokatu du hasieratik, eta partida erabat desorekatu da 34. minutuan, Amorebietaren txartel gorriarekin. Keitak, Xavik eta Busquetsek sartu dituzte Bartzelonaren golak; Gabilondok Athleticena

unai zubeldia
2010eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Euripean sua espero zen atzo San Mamesen; zaleen sua, etxeko jokalarien sua. Baina suterik indartsuena ere ez da gai eurite handiari aurre egiteko, eta horixe gertatu zitzaion atzo Athletici. Goi-goian presioa eginda, indartsu ekin zioten partidari Joaquin Caparrosen jokalariek, baina bospasei minutuko sua izan zen hori. Zerura begiratuta, euri zaparrada handia izan zen ia partida guztian. Eta zelaira begiratuta ere zaparrada handia izan zen 90 minutuetan. Bartzelonaren futbol zaparrada. Etxekoen sua erabat hoztuta geratu zen Iniesta, Xavi, Villa, Busquets eta gainerakoak ukitu eta ukitu hasi zirenean. Gau polita espero zen San Mamesen, baina Athleticeko jokalariek eta zaleek goitik behera bustita, eta Bartzelonaren futbol zaparradarekin hoztuta amaitu zuten lehia.

8. minutuan sortu zuen Bartzelonak lehen gol aukera. Keitak Villari pase sakona eman, eta aurrelariak oso gutxigatik ez zuen kontrolatu area barruan. Iniestak jokatu zuen Messik jokatu ohi duen inguruan -ezker-eskuin, gozatu egin zuen erdilariak-, eta mugikortasun horrek desorekatu egin zuen bilbotarren atzealdea. 11. minutuan Xavik pase sakona eman zion Keitari, Amorebietak ezin izan zuen moztu baloi hori, eta Iraizozen geldiketari esker ez zen jarri maldan gora partida. Bi minutu geroago Iniestak Villari bidalitako pase sakonean, zutoinak egin zuen aurretik Iraizozek egin zuena.

Alves eta Adriano zabal-zabal eginda ari ziren, Bartzelonak baloia atzetik jokatuta ateratzen zuen -Athletic saiatu zen Valdesek baloia zeukanean goian presioa egiten, eta pare bat baloi lapurtu zituen-, eta etxekoek defentsa lanetan estutu beste erremediorik ez zeukaten. Igor Martinezek Adrianoren penaltia eskatu zuen 20. minutuan -ez zen ezer gertatu-, Llorentek jaurtiketa ona egin zuen urrutitik 24. minutuan, eta Igor Martinez estrategia jokaldi bat bolea dotore batekin amaitzeko zorian egon zen 32. minutuan. Baina ordura arteko desoreka are gehiago desorekatu zen 34. minutuan. Amorebietak baloia ez zuen behar bezala kontrolatu, eta atzelariak sarrera gogorra egin zion gero Iniestari. Txartel gorria.

Javi Martinezek zutoinera

Lehen zatiko azken minutuetan Bartzelonak ez zuen asmatu zelaia zabaltzen. Baina bigarren zatian iritsi ziren golak. Athleticek eduki zuen lehen aukera argia, 50. minutuan, Gabilondok ateratako falta batean. Baina Javi Martinezek zutoinera bidali zuen baloia. Piqueren jaurtiketa batean hasi zen estutzen Bartzelona. Eta Bartzelonak estutzen duenean, gola ez da urruti ibiltzen. Ezker hegalean hasi zuen jokaldia Iniestak. Villari pasea eman, hark ukitu txiki batekin Keitari utzi, eta barrualdearekin, sareetara. 0-1, eta akabo partida.

Iturraspe zelairatuta, Athletic saiatu zen zelai erdia indartzen, baina 56. minutuan Pedrori geldiketa ona egin zion Iraizozek; 63. minutuan Villak eta Iniestak eduki zuten gertu 0-2koa... Eta, azkenean, Xavik sartu zuen gola, 73. minutuan, area ertzetik jaurti eta baloiak Iturrasperi bizkarrean eman ondoren. 0-2. Villaren txartel gorriak itsusitu egin zuen amaiera, Gabilondoren golak (90. min.) tentsioa sortu zuen. Baina Busquetsen golarekin (92. min.) amaitu zen futbol zaparrada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.