Gaur itzuliko dio elurrak futbolari orain dela astebete lapurtu zion protagonismoa. Belarraz, elurraz eta izotzaz besterik ez da hitz egin azken zortzi egunetan, baina gaur horien aurretik baloia egongo da. Ernst Happel futbol zelaia lokaztuta dago. Juan Ignacio Añibarro Athleticeko idazkariak herenegun gainbegiratu zuen futbol zelaia, eta, leku batzuetan gogorregia den arren eta beste batzuetan ur gehiegi duen arren, futbol partida bat hartzeko moduan dagoela baieztatu zuen.
Iritsi da hamaikakoetaz hitz egiteko unea. Futbol zelaiaren albo batera geratu da elurra, eta gaur berdegunean jokalariak egongo dira soilik. Ernesto Valverde Athleticeko entrenatzaileak hainbat aukera ditu. Zelaia izoztuta badago zero azpikoak dira tenperaturak, Etxeberriak eta Ezquerrok osatutako aurrelari bikotea zelairatuko du, abiaduraren mesedetan. Zelaia astun badago, Urzaizek eta Llorentek izan dezakete aukera, erdiraketen mesedetan.Maiz gertatzen da elurrarekin: pixka bat egiten duen bitartean eta jolasteko den bitartean, jostailua da; baina mara-mara egiten duenean eta arazo iturri bihurtzen denean, desagertzen ez den tapaki higuingarria da. Sua eta ura, belaunetik behera esaten dute gure zaharrek. Baita elurra ere.Aste honetan Austria Vienak ez du eguraldiarekin jolastu, eta Ernst Happel estadioa futbol zelaia da gaur. Pena da, ordea, aurreko astean Vienara joan ziren Athleticeko 5.000 zaleetatik gehienak ez direla hori ziurtatzeko bertan egongo. 100 jarraitzaileren babesa baino ez du izango Athleticek gaur UEFA Kopako partida jokatzeko Austriaren zorionerako. Aurreko asteko pasadizoaz gain, itzuliko partida igandean jokatzeak ere izan du eraginik.Austria Vienak zelaiarekin jokatu zuen aurreko astean, eta orain hitzekin jokatu nahi du. «Athleticek Real Madrilen aurka lortu zuen garaipena guretzat ere ona izan daiteke. Orain mespretxatu egingo gaituzte apur bat», esan du Gunther Kronsteiner kirol zuzendariak. Biktima gisa aurkezten dute austriarrek euren burua, eta eraso egingo dutela aurreratu arren Vachousek eta Sionkoren abiadura alde batera utzita atzean sartuko dira ziurrenik. Aurreko ligaxkan Zaragozaren aurka taktika horrekin irabazi zuten, eta eroso sentitzen dira orain; azken hilabetean geldikako jokaldiak bereziki entseatu dituzte.
Panpin deialdian
Aranzubia atezaina sukarrarekin esnatu zen atzo, eta Panpin Athletic Bko atezaina ere deialdian sartu da, badaezpada ere. Hasieratik, ordea, Lafuente zelairatuko da. Gainerakoan, Solabarrietak hartuko du Tikok hamaikakoan utzitako postua: Gurpegi euskarrira pasako da; Murillo, atzean erdira; Iraola hegalera; eta Solabarrieta eskuin erdilari postura.
FUTBOLA. ATHLETIC. elurrak, futbolari
austria vienak eta athleticek ez dute gaur eragozpenik izango uefa kopako joaneko partida jokatzeko; bilboko kluba atzo entrenatu zen ernst happel futbol zelaian, eta jokatzeko moduan ikusi zuen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu