FUTBOLA. EIBAR. Eraikitzeko gogoz

Jose Maria Amorrortu entrenatzaile berria aurkeztu zuen atzo Eibarrek

Erredakzioa
2003ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Eibarrek Jose Maria Amorrortu aurkeztu zuen atzo. Entrenatzaile bizkaitarrak bi denboraldirako kontratua sinatu du Gipuzkoako taldearekin, beste urte batez luzatzeko aukerarekin. Amorebieta, Barakaldo eta Athleticeko entrenatzaile, eta Lezamako koordinatzaile nagusi izana pozik azaldu zen Eibarrekin kontratua sinatu duelako. Lehen taldearekin lana egiteaz gain, harrobiaren funtzionamendua indartzeko asmoa duela azpimarratu zuen.

Espainiako Bigarren A Mailako talde beteranoenaren eskaintza onartzeko arrazoi nagusia zein izan den azaltzen hasi zuen Amorrortuk aurkezpena. «Zerbait eraikitzeko plazera izan nahi dut», aitortu zuen Eibarreko entrenatzaile berriak. «Bere ibilbideagatik Eibar eredu da talde askorentzat, eta niretzat erronka bat da, entrenatzaile zein pertsona bezala gara naitekeelako. Eibar taldeaz daukadan ideia indartu duen harrera bikaina jaso dut, eta Bigarren A Mailan jokatzen jarrai dezan eta talde bezala handitzen joan dadin nahi dut. Gogoz nator erronka garrantzitsu eta zail honi aurre egitera, eta hau aurrera ateratzeko ardura nire gain hartzen dut. Animoa eta ilusioa helarazi nahi diot mundu guztiari». Amorrortuk, halere, argi utzi nahi izan zuen proiektu berri honek aurrera egiteko denon laguntza «beharrezkoa» dela. «Proiektu berri honetan denok inplikatu behar dugu. Lehenak guk, eta gero mundu guztiak».

Merkatua, laguntzaileak eta zaleen garrantzia

Taldearen osaketaren inguruan galdetuta, Eibarreko entrenatzaile berriak adierazi zuen jokalarien merkatua oso zaila dagoela: «Jokalarien merkatua oso zaila dago, eta taldearen osaketa asko aztertu beharko dugu, aurreikuspenak ondo betetzeko. Jokalariei jarraikortasun handiagoa ematea gustatuko litzaidake, baina utzitako jokalariekin eta kontratu laburrak dituzten jokalariekin talde honek egoera zaila du. Hala ere, jarraikortasuna duen proiektua gauzatzen saiatuko gara».

Amorrortuk proiektu berri honetan zein lan talde izango duen zehaztu gabe baldin badago ere helburua garbi dauka bizkaitarrak: «Oinarrizko futbolean zein lehenengo taldean lan egingo duen lan taldea osatu nahi dugu. Hurrengo asterako lan talde hori zehaztuta izango dugu ziurrenik».

Albaceteren aurkako partidan Ipuruako futbol zelaian izan zen Amorrortu, eta egun hartan jarraitzaileek izan zuten jokaera txalotzeko modukoa izan zela adierazi zuen atzo kazetarien aurrean. Eibarreko entrenatzaile berriaren arabera, «giro hori erreferente izatea eta egunez egun bizitzea espero dut. Gu gauzak horrela izan daitezen saiatuko gara behintzat».

P

TALDEAREN OSAKETA



Zazpi jokalarik bakarrik dute ziurtatua taldean segitzea



Urtero legez, Eibarrek berrantolaketa sakona izango du. Hala, hogeita bost jokalariko taldea izatetik hamahiru jokalari soileko taldea izatera pasatuko da Gipuzkoako taldea. Eibarren utzita jokatu duten hamar jokalari euren taldeetara itzuli dira: Riesgo, Zubizarreta, Gari eta Asorey (Reala), Moso (Albacete), Tejero (Recreativo), Manuel Angel (Sevilla), Miguel (Sporting), Eneko Romo (Alaves B) etaSarriegi (Alaves). Halaber, zazpi jokalariri kontratua bukatu zaie: Lediakhov, Jorge Rodriguez, Jorge Sanchez, Alex, Leniz eta Xabi Sanchez. Azkenik, Eibarrek utzita izan dituen bost jokalari itzuliko dira, nahiz eta taldean segitzea oso zaila duten: De La Cruz eta Borja (Orihuela), Villanueva (Zamora), Saizar (Nastic) eta Edu Roldan (Real Union).

Gauzak horrela, bederatzi jokalarik bakarrik dute kontratua Eibarrekin: Urzelai, Aitor, Garitano, Basauri (urte baterako kontratua berritu zuen atzo) Uriz, Fagoaga, Kortina, Kepa eta Galderrek. Azkeneko hirurei, hala ere, Eibarrek esan die ez dituela taldean nahi eta taldea bilatzen hasteko. Beraz, aurreneko bostek bakarrik dute ziurtatua taldean jarraitzea. Horiei, Mikel Arregi Eibarrek Barakaldotik fitxatu duen 23 urteko aurrelaria gehitu behar zaie. Fitxaketekin bukatzeko, Eibarrek eskaintza egin dio Antonio Karmona Alaveseko atzelari ohiari, baina honek hilaren 20a arte ez duela erantzungo esan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.