FUTBOLA. entrenatzailearen finala

beste gau zoragarri baten oroitzapena ekarri nahi zuen athleticek gaur Vienatik, baina, elurtea eta hotza aintzat hartuta, datorren asteko itzuliko partidarako emaitza on bat lortzea du buruan

jon ordonez garmendia
2005eko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Beste final bat. Ernesto Valverderentzat kanporaketaz kanporaketa jokatzen diren txapelketatako partida guztiak finalak dira, gainditu ezean taldea txapelketatik kanpo uzten dutelako. Hori esan zuen otsailaren 3an Athleticek Valladoliden aurka jokatu zuen Espainiako Kopako partidaren aurretik, eta finalez final dabil taldea. Gaur UEFA Kopakoa da finala, berez hamaseiren bat den arren.

Ez dago bakarrik Athleticeko entrenatzailea hausnarketa hori egiten duenean. Jokalari zuri-gorriek denboraldi honetan garbi utzi dute eurek ere antzera pentsatzen dutela. Lieja, Lanzarote eta Valladoliden jokatu dituzten partida erabakigarrietan ez dute hutsik egin, eta, urratsez urrats, hiru txapelketatan jarraitzen duen Espainiako Ligako talde bakarra da. Hor dago.

Lafuente, atean

Ernesto Valverdek oso ondo daki bere fitxak mugitzen. Liejan eta Valladoliden erabakigarria izan zen jokatzeko sisteman egin zituen aldaketak. Urzaiz aulkian utzi, eta Etxeberria eta Ezquerro aurreratu zituen, etxetik kanpo jokatzeko formula ezin hobea aurkituz. Gaur, Tiko min hartuta dagoen arren, sistema hori errepikatuko du ziurrenik entrenatzaileak ez du ezer aurreratuko. Yestek eta Urzaizek igandean jokatu zuten partida oso ona izan zen, baina entrenatzaileak ez du ahazten, esate baterako, Ezquerro dela Europan gol gehien sartu duen jokalaria.Zalantza nagusia, ordea, atean dago. Sailkapen kanporaketa Aranzubiarekin gainditu ondoren, Iñaki Lafuenteri eman zion entrenatzaileak UEFA eta Espainiako Kopan atea zaintzeko ardura. Barakaldoarrak, ordea, min hartu zuen Leonen, eta UEFAko azken bi partidetan Aranzubiak ordezkatu du. Garbi geratu da Athleticek maila oneko bi atezain dituela eta horregatik, hain zuzen, Lafuente izango da taldearen azken jokalaria gaur.

Entrenatzailea jokalariekin dago, eta jokalariak entrenatzailearekin. Batasunik ez da falta. Athleticek 4.500 jarraitzaileren babesa izango du gaur, Austria Vienaren aurkako partida finala balitz bezala. Kopuruak hori dio, baina bihotzak ez. Zaleak ez dira Vienara joan gaurkoa taldearekin bidaiatzeko azken aukera delakoan, Valverderen beste final horietako bat delakoan baizik, Trabzonekoa bezala, San Mamesen onik amaituko dena.

-

Austria Vienaren ibilbidea UEFAn



SAILKAPEN KANPORAKETA



Illichivets 0-0Austria Viena

Austria Viena 3-0Illichivets

Lehen kanporaketa



Austria Viena 1-0Legia

Legia 1-4Austria Viena

ligaxka



Austria Viena 1-0Zaragoza

Dnipro 1-0Austria Viena

Austria Viena 1-1Brujas

Utrecht1-2Austria Viena

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.