FUTBOLA. Errusiar erruletaren jira

Lehen mailari eusteko bosna partida irabazi beharko dituzte Realak, Athleticek eta Alavesek; hirurek lortzea zaila izango da

jon ordonez garmendia
2006ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Denboraldi amaiera ez da samurra izango euskal taldeentzat. Osasuna salbu, etorkizun iluna dute Realak, Athleticek eta Alavesek. Lehen Mailan hamabi jardunaldi geratzen dira sasoia amaitzeko, eta Bigarrenera ez jaisteko bosna garaipen behar dituzte. Athleticek eta Alavesek orain arte denboraldi osoan irabazi duten partida kopurua da; esku bateko hatzekin zenbatu daitezke. Orain arte erabili ez duten eskua bete beharko dute datorren denboraldian Lehen Mailan jokatu nahi badute. Erronka ez da, beraz, erraza. Ezta Realarentzat ere, geratzen diren hamabi jardunaldietatik zazpi kanpoan jokatuko baititu. Orain arte Anoetatik urrun jokatutako hamabi partidetan lau puntu soilik irabazi dituela aintzat hartuta, lanak izango ditu horrek ere mailari eusteko.

Inoiz baino merkeago egongo da denboraldi honetan Lehen Mailan jarraitzea, baina, hala ere, oso zaila dirudi zuloan sartuta dauden hiru euskal taldeek segitzea. Normalean 42 edo 43 puntu nahikoa izaten dira, baina antza denez aurten 38rekin edo 39rekin ez da arazorik izango. Zergatik? Beste gauza batzuen artean, Reala, Athletic eta Alaves denboraldi oso txarra egiten ari direlako. Kostako da horren emaitza kaskarrez osatutako beste sasoi bat artxiboetan aurkitzen, batez ere donostiarren eta bilbotarren kasuan.Ez batzuek ez eta besteek ere ez dute maila eman. Alegia, merezita jaitsiko dira Bigarren Mailara, jaisten badira. Hutsak asko dira bataren eta bestearen partidetan. Reala da Lehen Mailan gol gehien jaso dituen taldea. 51 sartu dizkiote, eta amore ematen hasi dela dirudi. Bai jokalariek, bai entrenatzaileak, eta, nola ez, zaleek. Gonzalo Arkonadak ez ditu Jose Mari Amorrorturekin taldeak zituen hutsuneak bete, eta bere lana ezbaian dago. Herenegun, ez zuen aldaketarik egin taldea 1-3 galtzen hasi zenean. «Taldea hautsita zegoen» esan zuen berak. Jokoan egon diren azken 51 puntuetatik 9 soilik irabazi dituzte txuri-urdinek, eta jokalariak lur jota daudela dirudi. Orain artekoa txarra izan bada, ordea, hurrengo partidetan irabaztea ez da errazagoa izango. Deportivoren, Osasunaren eta Bartzelonaren aurka jokatuko du.Ezberdintasun nagusi bat dago une honetan Realaren eta Athletic eta Alavesen artean. Lehena goitik behera dator, eta beste biak behean egon dira denboraldi osoan. Athletic zulotik ateratzeko gai dela uste du askok, erreakzioa iritsiko dela, baina jardunaldiak pasa eta pasa ari dira eta ez ditu aukerak aprobetxatu. Irabazi zuen Racingen aurka, baina hurrengo bi jardunaldietan Betis, Mallorca eta Cadizen garaipenak etorri dira. Denboraldi amaiera arteko joera hori izango dela dirudi. Orain bat aterako da zulotik, eta gero, bestea. Errusiar erruletan jokatzen ari dira, eta azken bi jardunaldietan galtzen duena eroriko da behera.Ikusitakoa ikusita, zaila izango da Realak, Athleticek eta Alavesek mailari eustea. Baten garaipenak bestea sartuko du zuloan gehiago. Eta galtzen duenak besteari ematen dio arnasa. Aurkari zuzenen kontrako partidek erabakiko dute sailkapena. Azken partidetan Alaves aritu da ondoen. Golak sartzen ditu, eta tarteka joko ona egiten du. Freskotasuna nabari zaio. Agian, presio gutxiago duelako, historia laburragoa Lehen Mailan. Etorkizuna, ordea, berbera da hiru taldeentzat maila gorenean: hamabi partida. Une honetan Malagak bakarrik ziurta dezake hiruretakoren bat ez dela jaitsiko. Baina erruletak jiraka jarraitzen du.

Eibar ere, jaisteko arriskuan

Bigarren Mailan egoera ez da hobea. Roberto Olabek Carlos Terrazas ordezkatu zuen arren, Eibarrek zuloan jarraitzen du. Talde horrek ere historia luzea du maila horretan (talde beteranoena da), baina une honetan bost puntura du salbazioa. Ez da gutxi, Bigarren Mailan sasoia amaitzeko hamabost jardunaldi geratzen diren arren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.