FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. Ez dira garaiezinak

Ezustekoa emateko premiarekin zelairatuko da gaur Reala Bartzelonan, baina zaila izango du

Xabier Lopetegi.
2005eko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Ez dago Reala Bartzelonari Nou Campen aurre egiteko unerik aproposenean, zaila delako azken boladan kirolaz kanpoko hainbat kontuk sortu duten giro narrasetik aldentzea, eta kirol arloan ere txarto hasi duelako taldeak urtea jokoan izan dituen sei puntuetatik ez du alerik bildu. Baditu, ordea, bi gauza bere alde. Bata, gaur kontrarioaren zaleen txistuak entzungo dituela, ez bere zaleenak. Eta, bestea, Bartzelona ahalguztiduna ez dela denboraldi hasieran kontrarioak nahierara birrintzen zituen taldea. Liga hastapeneko freskotasuna eta dinamismoa galdu ditu Rijkaarden taldeak, eta Real Madrilen presioa sumatzen hasia da sailkapenean.

Munduko futbolik ikusgarriena egiten badu ere, Bartzelona ez da garaiezina. Ondo asko dakite hori Levantek eta Numanciak, esaterako. Biak esku-hutsik atera ziren Nou Campetik, baina estu hartu zuten etxeko taldea, eta merituak egin zituzten gutxienez puntu bat ateratzeko. Gainera, Vila-realen denboraldiko bigarren partida galdu zuten kataluniarrek Ligan (3-0). Nekeak eta lesioek eragin handia izan dute beherakada horretan: txandakatzeak egiteko aukera gutxi ditu Rijkaardek, eta aurrelariek eta erdilariek egiten duten presioa ez da denboraldi hasierakoa bezain itogarria. Indargune hori ez badu, asko jaisten da bere maila. Baloi gutxi galtzen eta lerroen artean tarterik ez uzten saiatu behar du Realak, ahal duenean kontraerasoan ateratzeko.Amorrortuk aldaketa bat egin beharko du, gutxienez, hamaikakoan, Karpinek zaintiratua daukalako eta ez dagoelako jokatzeko moduan. Xabi Prietok hartuko du haren tokia, ziurrenik. Donostiarra dakiena erakutsi ezinik dabil, zaleek berarengandik asko espero duten arren. Lesioekin arazo dezente izan ditu bosgarren jardunaldiaz geroztik, eta gutxitan jokatu du hasieratik. Dena den, talde handien zelaietan hazi egiten da, eta parada bikaina izango du gaur Karpinen lekukoa hartzeko kalitatea baduela erakusteko. Oso mutil hotza da, hotzegia askotan, baina hoztasun hori abantaila da askotan Nou Camp eta horrelako zelaietan. Argi utzi zuen hori iaz, Santiago Bernabeun bereak eta bi eginda.Baliteke Xabi Prietorena aldaketa bakarra ez izatea. Zelai erdia ez zen batere fin aritu Albaceteren kontra, eta hor ere egongo da, beharbada, aldaketaren bat. Entrenatzaileak pistarik eman ez badu ere, litekeena da Alkizak Mikel Alonsoren tokia hartzea. Azken bi partidetan taldeak galdu duen oreka eta sen ona berreskuratzeko jokalari aproposa da Alkiza, dituen ezaugarriengatik. Defentsan, Zubiaurrek Rekarte ordezkatzea da beste aukeretako bat. Ez dirudi, ordea, Amorrortuk hala erabakiko duenik, arrasatearrak inoiz baino gehiago behar duelako konfiantza. Nihat eta Rossato ere jokatzeko prest dira. Turkiarrari gastroenteritisa sendatu zaio, eta hamaikakoan izango da, Amorrortuk bost gizoneko zelai erdia ateratzea erabakitzen ez badu. Ezin da baztertu brasildarrak hasieratik jokatzea ere, Garridoren ordez.

Urduri Bartzelonan

Donostian ikusten ari garenarekin alderatzerik ez badago ere, giroa nahiko aldrebestuta dabil Bartzelonan. Ez bakarrik kirol arloan. Duela gutxi zabaldu da Joan Laportaren eta Sandro Rosell presidenteordearen arteko harremanak okerrera egin duela, eta elkarri ez diotela hitzik egiten. Rosellek ez du parte hartu zuzendaritzaren azken bileretan eta kluba uztekotan dabil. Gogoratu behar da Barçaren arrakastaren meritua berari dagokiola hein handi batean, batez ere Ronaldinhoren kasuan lagun mina du brasildarra.

Horrez gain, lesioak gogor astindu dute taldea denboraldia hasi zenetik: Edmilson, Motta, Gabri, Larsson, Giuly eta Belletti izan dira kaltetuenak. Rijkaardek etengabe eskatu dio zuzendaritzari fitxaketak egiteko, baina denbora aurrera doa, eta oraindik inor ez dute fitxatu, ez Laquinta, ez Tacchinardi, ez Carew horiek dira gehien entzun diren izenak. Gaur, besteak beste, Deco faltako du Bartzelonak. Haren ordez jokatuko duena, ordea, ez da makala: Iniesta gaztea. Kalitatez gainera, mugikortasuna da bartzelonarren arriskuetako bat, atzo Luiz Albertok adierazi zuenez: «Zaila da aurrelariak zaintzea, ez dakizulako atzetik nor iritsiko den. Beti ari dira beren artean tokia trukatzen».Realeko jokalarientzat aste latza izan dela aitortu zuen brasildarrak. «Oso gogorra izan da, aldageletako giroa ez da ona izan, baina ezin gara joan Nou Campera burumakur, horrela bost sartuko dizkigutelako». Estatistikak ere ez dira baikorrak izateko modukoak: bederatzi urte daramatza talde txuri-urdinak Nou Campen punturik lortu gabe, eta 1991n irabazi zuen azkeneko aldiz, Aldridgen garaian. Egin kontu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.