FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. Ez zen inoiz gertatu

Real Madrilen kontrako partida ahazten ahaleginduko da gaur Reala

Xabier Lopetegi.
2005eko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Santiago Bernabeuko zorigaiztoko neurketa hura ez zen inoiz jokatu. Ez zen ezer gertatu, eta Realak gaur hasiko du denboraldiaren bigarren zatia, gaur izango du Malagan lortutako garaipen itzelak sortu zuen ilusioa bizirik mantendu eta handitzeko aukera. Hala pentsatzera behartuta dago taldea, kolpea ahaztera, gaurkoa ohiko partida izango delako, 90 minutukoa, Albacete ez delako Real Madril, eta zaleen aurrean jokatuko duelako.

Sailkapenean jauzi polita emateko parada ezin hobea dauka taldeak gaur. Bost puntura dauzka UEFArako postuak, eta jaitsierakoak zazpira. Gaur irabazita, egoera erosoan egin ahal izango dio aurre bigarren itzuliari eta lehenengo itzuliko azken partidari Bartzelonaren kontra jokatuko du Nou Campen. Behetik irteteko lehian bete-betean dago sartuta Albacete, Reala baino sei puntu gutxiagorekin, eta garrantzitsua da tarte hori lehenbailehen handitzea. Halere, sarritan uste baino neketsuagoa da horrelako aurkariekin etxean nagusitzea. Gogoratu besterik ez dago Getaferen kontra izandako zailtasunak.Bernabeun jokatu zuen hamaikako bera zelairatuko du gaur Jose Mari Amorrortuk, ezusterik ezean. Arteta eta Rossato erritmo bizian osatzen ari dira, baina ez daude oraindik jokatzeko prest, ezta Jauregi eta Brechet ere. Barkero da aldaketa nagusia deialdian. Orain arte Ligan ez du minutu bat ere jokatu, eta lehen aldiz sartu da zerrendan. Herenegun aretxabaletarraren egoeraren gainean galdetu zioten Zubietan kazetariek entrenatzaileari, eta konpondu beharreko kontua zela erantzun zuen berak: «Ez dago nobedaderik, baina horrek ez du esan nahi egongo ez denik, urtarril osoa daukagulako bere kasua aztertzeko». Bitxia bada ere, beste talde batean utzita joka dezakeela zabaldu den une berean sartu da jokalaria deialdian lehen aldiz, Gabilondo eta Uranga jokatzeko moduan dauden arren.

Garridok, lehen taldeko fitxa

Taldeak partida aurreko azken entrenamendu saioa, atzo, Loren eta Alfonso Azurza prestatzaile fisikoaren agindupean egin zuen. Amorrortuk atseden hartu zuen, gripea dela eta. Atzo, dena den, Javier Garrido izan zen protagonista nagusia Zubietako prentsa aretoan. Orain arte, Reala Bko fitxarekin jokatzen ari zen irundarra, baina neguko azoka ireki bezain pronto tramiteak hasi zituen klubak, lizentzia profesionala eduki dezan, eta lehen taldeko jokalaria da jada, horrek dakarren ondorio guztiekin. Gehiago kobratuko du, eta 19 zenbakia eramango du bizkarraldean orain arte, 27a zeraman. Pozez gainezka zegoen atzo: «Beste aurrerapauso bat da. Lanean jarraitzea besterik ez zait geratzen, ezin dut orain lo hartu. Orain arte bezala jarraitu behar dut». Gaurko partidaz ere mintzatu zen: «Getaferen kontrakoaren antzekoa izango da. Haiek lerroak bilduko dituzte atzean, eta estrategia jokaldiak aprobetxatzen saiatuko dira».

Aurkaria, ahul etxetik at

Bere jokalariek «Realaren mailako taldea» osatzen dutela adierazi du Jose Gonzalez Albaceteko entrenatzaileak aste honetan. Hala sinetsiko du berak; sailkapena, ordea, ez dator horrekin bat. Izan ere, Reala baino talde askoz apalagoa da Albacete, baliabide gutxikoa defentsan eta batez ere erasoan. Liga dagoen bezala, ezin da inor gutxietsi, baina begi bistakoa da garaipenak ezin diola ihes egin gaur Realari, betiere daukan guztia ematen badu.

Etxetik kanpo Ligako hirugarren talde txarrena da Albacete. Gol dezente jasotzen ditu, eta gutxi sartu 15 baino ez. Komeriak ditu atea zulatzeko, eta Nico Olivera fitxatu berri du, gabezia hori konpontzeko. Adierazgarria da horrelako jokalari bat fitxatu behar izana, ez baitirudi uruguaitar beteranoa ekarpen handia egiteko gai denik. Nolanahi ere, talentu handiko gazteak ditu Albacetek; Ruben, Momo eta David Garcia esaterako. Orain arte eman ez dieten jarraipena beharko dute nabarmentzen hasteko hamaikakoa ia jardunaldi oro aldatzen du Gonzalezek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.