FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. Hirugarrena helburu

Azken partidetako bolada onari eutsi nahi dio Realak gaur, Atletico Madrilen kontrakoan

Xabier Lopetegi.
2005eko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Denboraldi honetako bolada onena harrapatzeko helburuarekin egingo dio Realak aurre Atletico Madrili. Orain arte erregulartasuna lortu ezinik ibili da, bolada onak eta txarrak tartekatzen, baina azken horiek gehiago iraun dute. Gehienez bi partida irabazi ditu errenkadan, lehen itzulian, Mallorca eta Numantziaren kontra, eta gaur aukera izango du, Vicente Calderonen, hori hobetzeko eta taula erdian finkatzeko bidean aurrerapauso handia emateko. Orain, jaitsiera postuak sei puntura ditu eta UEFA bederatzira.

Puntuak gorabehera, gainera, badago gaurko neurketari erronka kutsua ematen dion beste osagai bat: Nihaten hutsunea. Min hartu zuenetik zoritxarreko protagonista nagusia izan da turkiarra. Realean ezinbesteko jokalaria dela onartuta ere, taldekideentzat ez da batere atsegina izan behar haren hutsunea zein larria den eta taldearen mailari izugarri eragiten diola etengabe irakurri eta entzun behar izatea. Izan ere, Nihatek min hartzea berri txarra da, ez hondamendia. Haren ordez sartuko direnak ez dira ez herrenak ez bigarren mailakoak. Bidegabea da taldea erantzuteko gai izango den zalantzan jartzea, besteak beste hori frogatzeko astirik ere ez dietelako eman. Jokalariek konfiantza falta hori akuilu bihurtzen badute. Gaitz erdi.

Konponbidea etxean aurkitu beharko dutela nabarmendu du Amorrortuk. Reala talde bat dela eta talde gisa bete beharko duela Nihaten hutsunea, alferrikakoa baita egun batetik bestera haren ezaugarri berberak dituen norbait bilatzea. Ez da, gainera, aurtengo lehen ezbehar larria, aurretik ere funtsezko jokalari askok min hartu dute eta: Brechet, Jauregi eta Alkizak, esaterako. Gazteek hartu dute horiek ordezkatzeko erantzukizuna, eta gazteak dira hemendik aurrera ere Reala aurrera ateratzeko ardura izango dutenak, gaurtik hasita: Zubietan hazitako zazpi jokalari zelairatuko ditu Amorrortuk zortzi, Garrido jartzea erabakitzen badu.

Entrenatzaileak, ohi bezala, ez du aurreratu hamaikakoa zein izango den. Azken partidetan hain emaitza ona eman duen eskemari eutsi edo zelai erdian bost jokalarirekin jokatu, zalantza hori omen dauka. Lehenengoaren alde aukera egingo balu, Urangak hartuko luke Nihatek utzitako tokia. Sevillaren kontra hala egin zuen bigarren zatian, eta taldea nahiko txukun aritu zen erasoan. Bost gizoneko zelai erdia jartzea erabakiko balu, berriz, Barkero sartuko litzateke hamaikakoan. Ezker hegalean jokatuko luke, orain arte Aranburuk jokatzen zuen tokian, eta azpeitiarra erdian arituko litzateke, Karpin eta Alonsorekin batera.

Atzealdean, Brechetek jokatuko du aspaldiko partez, Luiz Albertok partida bateko zigorra bete behar baitu. Frantziarrak bost hilabete daramatza zelaietatik kanpo, eta gaur jokatuko du estreinakoz min hartu zuenetik. Fisikoki ondo dagoela frogatu du entrenamenduetan, baina lehiaketa beste kontu bat da eta ikusi beharko da nola moldatzen den. Labakarekin ez du sekulan jokatu, gainera. Deialdian ere badago albisterik: Juan Dominguez Reala B-ko aurrelari txikia zerrendan sartu du Amorrortuk. Asteazkenean hasi zen lehen taldearekin entrenatzen, eta berak du, teorian, Nihaten ezaugarri gehien. 21 urte ditu, eta 23 gol sartu ditu Reala B-n jokatu dituen 74 partidetan. De Paula eta Mladenovic ere zerrendan dira, baina aulkian hasiko dute partida.

-

ATLETICO MADRIL



Ez da giro Vicente Calderonen



Azken urteetan ohikoa bihurtu den ildo beretik jarraitzen du Atletico Madril. Txapeldunen Ligarako sailkatzea zuen jomuga; baina oraingoz tokitan du helburu hori: bederatzigarren postuan dago sailkatuta. Jokalari onak dauzka, eta ez da denboraldi txarra egiten ari, baina Vicente Calderoneko zaleak ez dira edozerekin konformatzen eta Cesar Ferrando entrenatzailea kolokan dago dagoeneko. Biktimarena egitera ohitu dira, eta Ligako liderrak balira ere, aurkituko lukete pozik ez egoteko arrazoiren bat. Giro horrek mesede egin diezaioke Realari, gutxi behar baitute Calderoneko zaleek urduritzen hasteko.

Edonola ere, Atleticori irabaztea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Ligako erdiko atzelari onenak ditu (Pablo eta Perea kolonbiarra), gol gutxi sartzen dizkiote, eta oso eraginkorra da erasoan. Nahiko zeken jokatzen du, baina kontraerasoan ezin hobeto baliatzen ditu aukerak. Horrela irabazi zuen Nou Campen, eta Vila-Realen zelaian ere irabazteko zorian izan zen azken jardunaldian. Fernando Torres da, gehienen ustez, taldeko izarra, baina hura baino arriskutsuagoa da Ibagaza erdilaria, madrildarren erasoko jokaldi guztiak horren oinetan hasten dira eta. Argentinarra geldiaraztea izango da gakoetako bat, Torres joera handia baitauka zelaitik desagertzeko baloia iristen ez zaionean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.