FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. Hirugarrenean ote?

Athleticek eta Espanyolek behartutako aldaketa asko egin beharko dituzte gaur

haritz gallastegi
2005eko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Urte berriak aldaketa gutxi ekarri ditu Athleticera, Liejan eta Zaragozan lortutako garaipenekin etxetik kanpoko dinamika aldatu egingo zela bazirudien ere. Gabonetako atsedenak ez dio onik egin taldeari. Etxetik kanpo irabazi ezinda jarraitzen du, geldikako jokaldietan sekulako akatsak egiten dituÉ duela hilabete bi egindako testua berreskuratu dugula dirudi.

Horrek badu bere alde ona, ordea. Valverderen taldeak duela hil biko erantzun berbera ematen badu egun, lasai egoteko moduan dago zalea.Hala ere, hipotesiak besterik ez dira. Izan ere, zelaian erakutsi beharko du Athleticek katedrala gotorlekua dela oraindik ere. Betiko legez, irabaztea da zuri-gorrien asmoa, baina aste honetan garrantzi handia eman diote Espanyolen aurkako partidari. Lehen itzulia goiko postuetan amaitzeko aukera paregabera dauka Athleticek. Gainera, irabaziz gero, aurkari zuzen bati aldea murriztuko lioke; eta kontuan izanda hurrengo partida ere etxean jokatuko duela, aprobetxatu beharreko aukera da.Bi taldeek izango dituzten bajek baldintzatuko dute neurketa. Lotinak ezin izango ditu Serrano, Tamudo eta Fredson zelairatu. Ezker hegaleko gaztea sekulako sasoia egiten ari da estreinako denboraldian. Tamudo, berriz, erreferentzia da erasoan, eta San Mamesen partida bikainak jokatzen ditu. Fredsonek indarra eta golak ematen dizkio zelai erdiari. Baja garrantzitsuak Lotinarentzat, beraz.Athleticen egoera ez da aurkariarena baino hobea. Del Hornoren lesioak eta Prietoren zigorrak aldaketa asko ekarriko ditu zelai erditik atzera. Dimakoaren sendotasuna eta abiadura eta Gallartakoaren erasorako grina eta gola faltan botako ditu Valverdek. Aurrean, berriz, ez da Urzaiz egongo. Espanyolen defentsa sendoa zulatzeko jokalaririk aproposena zirudien, baina Lanzaroten egin zuen umekeriak min hartuta jokatzen jarraitu zuen ondorio latzak izan ditzake aurrelariarentzat. Bajak direla eta, Javi Gonzalez eta Lacruz Ligako deialdi batera itzuli dira aspaldiko partez.Denak ez dira albiste txarrak, ordea. Azken unean Yeste aukeratuen zerrendan sartu du teknikariak. Basauriarrak eduki dezake Lotinaren etxe berriko atea zabaltzeko giltza.

-

FERNANDO LLORENTE



Lezamako azken harribitxia, deialdian



Urzaiz adinean aurrera doa, eta apurka-apurka Athletic ordezko bat bilatzen hasi da. Oraindik jokalari garrantzitsua da, baina beranduegi izan aurretik prest egon gura du talde zuri-gorriak,kontratua aurten amaitzen baitzaio.

Balizko ordezko bat Eibarren omen dago. Joseba Llorente sasoi bikaina ari da egiten Eibarren, eta bere golek oihartzuna izan dute hainbat lekutan. Athletic ere gipuzkoarraren pausoen atzetik ari omen da. Hala ere, itxaropena beste Llorente batek sortzen du: Fernandok. Heynckesek ezagun egindako belaunaldiko izar nagusietakoa da Rincon del Sotoko (Errioxa) jokalaria. Gazte mailan ari zirela, lehen taldearekin entrenatzeko aukera eman zien alemaniarrak Llorenteri, Garmendiari, Galdosi, Amorebietari eta enparauei. Ordutik oso gertutik jarraitu dituzte. Iaz sasoi bikaina egin zuten Baskonian, Sarriugarteren gidaritzapean, eta aurten lehen urtea dute bigarren taldean. Pixkanaka ari dira mailari neurria hartzen. Llorente bera ere hasi da eman dezakeena erakusten. Orain arte lau gol sartu ditu, eta Valverdek Amorebietaren aurkako lagunartekora eraman zuen. Ez zuen aukera pasatzen laga. Partida erdi nahikoa izan zuen futbolean oso ondo jokatu dezakeela erakusteko. Egindako lan ona gol ikusgarri betekin biribildu zuen. Ondo egindako lanaren sari gisa, Lehen Taldearen deialdi batean sartzeko aukera eman dio Valverdek. Azkorrak, ostera, kolpe gogorra hartuko zuen Urzaizek jokatu ez arren behetik datorrenak aurrea hartu diola ikusita. Llorentek zelai barruan egindakoak kanpoan ere izan du eragina. Goi mailako zenbait taldek bere etxeko atea jo omen dute sarri eta, horren aurrean, Athleticek beheko mailako jokalariei eskainitako kontratua ez onartzea erabaki zuen bere sasoian. Ugartetxeren zuzendaritzarekin sekulako ika-mika izan zuten Llorenteren eta Galdosen ordezkariek. Azkenean, urtebete baino gehiago soldatarik irabazi barik egon ostean, 2008. urtera bitartean luzatu dute kontratua biek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.