Albaceteko entrenatzaile Jose Gonzalezek aste honetan eginiko adierazpen batzuetan esandakoaren arabera «gaur egun Osasuna da euskal futbolaren ohiko ezaugarriak ondoen biltzen dituen taldea». Euskal usaina duen oro mesfidantzaz begiratzen duten nafar askori ez zitzaizikion adierazpen horiek gustatu. Gonzalezek, nolanahi, euskal taldeen ohiko ezaugarriak zituen buruan hori esatean: oldarkortasuna, grina eta lehiakortasuna. Atzo, Javier Aguirreri Gonzalezen hitzen inguruko iritzia eskatu zitzaion Taxoareko prentsa aretoan. Euskal hitza behin ere erabili gabe erantzun zuen Aguirrek, baina futbolari nafarren ohiko ezaugarriak gogoratu zituen: «Nafarroako futbolak identitate berezia duela uste dut nik. Taxoaren jokatzen duten umetxoei begiratzea besterik ez dago, zerbait nabarmentzekotan, euren gogoa, grina eta borrokarako ahalmena nabarmentzen dira. Borrokalariak dira Nafarroako umeak, eta hori zelaian erakustea nahi dut nik. Gero hobeto edo okerrago joka dezakegu, baina gure nafar identitatea erakusten badugu, edozein talderentzat aurkari zaila izango da Osasuna», erantzun zuen mexikarrak. Eta Albaceteren aurka nafartasun hori erakustera gonbidatu zituen bere mutilak: «Defentsan oldarkorragoak izan behar dugu», laburbildu zuen Albaceteren aurka egin beharrekoa azaltzerakoan.
Nolanahi, oldarkortasun eskaera hori ez zen atzelarientzat bakarrik, «talde osoak izan behar du oldarkorragoa, aurrelariak eta atezaina barne». Aguirrek badaki denboraldi txukuna burutzeko etxean hutsik ez egitea beharrezkoa duela Osasunak, eta talde apalenen aurka Sadarren izan ohi dituzten ezintasunak gogoan zituen mexikarrak atzo. Jokalariak motibatu egin nahi zituen, «oraindik ez dugulako 90 minutuko partida bat burutu, minutu on batzuk jokatu ditugu, baina partida onik ez». Halere, Aguirrek ez zuen Albacete gutxietsi nahi izan: «Azken hiru partidetan gol bakar bat ere ez diote egin, eta bost puntu eskuratu dituzte, ez da aurkari erraza izango. Iaz ere gauzak ondo egin zituzten, eta estrategia ongi lantzeaz gain, aurrealdean abiadura eta kalitatea dute», gogoratu zuen mexikarrak, badaezpada.
Valdo eta Krutxaga, berritasunak
Atzo emandako deialdiko berritasun nagusiak, Clavero eta David Lopez izan ziren. Oraindik ez dute minuturik jokatu ezker hegaleko atzelariak zein eskuin hegaleko erdilariak. Halere, ordezkoen aulkian hasiko dute partida biek, eta hasierako hamaikakoan izango den berritasun bakarra Krutxaga eta Valdoren sarrera izango da. Eskarotzekoak gainditu du eskuin zangoko aduktoretan zuen gainkarga, eta Cuellarren ordez Josetxoren ondoan zentral lanetan ariko da Krutxaga. Kapitainaren itzuleraz gain, Valdoren sarrera da gauzarik aipagarriena, denboraldia hasiz gerotik lehendabiziko aldiz Savo Milosevicen ondoan ariko baita Valdo aurrelari lanetan. John Aloisiren lesioak eragin du aldaketa hau, aurrelari australiarra ezker zangoan zaurituta itzuli baita bere herriko selekzioarekin egindako egonalditik.
Weboren kaltetan, John Aloisi ordezkatzeko Valdo zergatik aukeratu duen ere arrazoitu zuen mexikarrak: «Denboraldi-aurrean partida ugari jokatu zuten elkarrekin Valdok eta Milosevicek Ingalaterran, eta txukun aritu daitezkeela badakit. Valdok bere aukera balia dezakeela uste dut», esan zuen.
FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. OSASUNA. Oldarkortasuna, gogoa, grina...
Soilik minutu on batzuk jokatzeari utzi eta partida osoa biribil ateratzea nahi du Javier Aguirrek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu