Egia da Reala bolada kaskarrean dagoela eta garaipena behar duela. Egia da jaitsiera postuak gertu dituela eta, hortik ateratzeko, etxean puntuak biltzera behartuta dagoela. Baina matematikekin itsutzeak ez dio inolako mesederik egingo taldeari, ezta presaka aritzeak ere. Emaitza garrantzitsua bada ere, are garrantzitsuagoa da taldeak galdu duen lehiakortasuna berreskuratzea, eta Amorrortuk herenegun zioen bezala, «barruan» duen konfiantzarik eza kanpora ateratzea. Zelai gainean gustura sentitzea, hori da Realak gaur Vila-realen aurka duen erronka nagusia.
Zaleek, gainera, merezi dute behingoz Anoetan partida on bat ikustea. Ondo dago haien babesa eskatzea, baina, Rekartek zioen bezala, jokalarien eskuetan dago jarraitzaileen hoztasun hori aldatzea. Une zailenetan txuri-urdinak beti izan dira gai etxean partidak aurrera ateratzeko, eta ikusleen erantzuna ere ezinhobea izan da horrelakoetan. Batzuei zein besteei dagokie gaur Anoeta estadioa gotorleku bihurtzea. Aurkaria, gainera, ez da nolanahikoa izango, Vila-realek bost garaipen eta berdinketa bat lortu baititu azken sei partidetan. Halere, Bartzelonan aurpegia emateko gai izan zen Reala, eta Vila-real, talde ona izanda ere, ez da iristen kataluniarren mailara.Hutsune garrantzitsua izango dute Amorrorturenak, Nihatek partida bateko zigorra bete behar baitu Levanteren kontra bosgarren txartel horia atera zioten. Taldeko goleatzaile nagusia da turkiarra, erasoan daukan jokalaririk erabakigarriena, ezbairik gabe. Zubiaurrek, Urangak eta Azparrenek ere ezingo dute gaur jokatu; lehenengo biak gripeak jota daude eta atzelari nafarrak kontraktura dauka eskuin hankako muskulu bikian. Kovacevic, Aranburu eta Alkiza, berriz, prest dira gaur jokatzeko. Mikel Gonzalez Reala Bko atzelaria lehenengo aldiz sartu du Amorrortuk deialdian, eta Barkero ere zerrendan dago.
Euskarri hirukoitzarekin, ziurrenik
Eskeman ere litekeena da aldaketak egotea. Nou Campen egin bezala, baliteke entrenatzaileak euskarri hirukoitza zelairatzea; osterantzean De Paulak jokatu beharko lukeelako bigarren aurrelari gisa, eta durangarraren ezaugarriak ez dira postu horretarako aproposenak errematatzailea da, punta erdia baino gehiago. Kontuan eduki behar da, gainera, Vila-realek joko motzean oinarritzen duela bere jokoa eta min handia egiten duela lerro artean bere aurrelarien mugikortasunari esker. Zelai erdian gizonak pilatzea aukera ona izan daiteke ezaugarri horietako aurkari bati aurre egiteko, baita baloiaren jabetza ziurtatzeko ere.
FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. puntuekin itsutu gabe
URTE AMAIERAKO SENDOTASUNA BERRESKURATU NAHIAN ZELAIRATUKO DA REALA GAUR VILA-REALEN KONTRA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu