Bere oinarrizko hamaikakotik gertu dagoela esan zuen herenegun Jose Mari Amorrortu Realeko entrenatzaileak. Ez zuen aurreratu nahi izan zein izango den hamaikako hori, baina itxura guztien arabera nahiko garbi dago. Artetaren atzean jokatzeko Mikel Alonso aukeratu du entrenatzaileak gaurko. Onartu zuen entrenatzaileak zelai erdiaren gainean eztabaida bat pizten ari dela Aranburu aulkian egotea jokalari on bat jokotik kanpo edukitzea da, baina bere aukeraketa arrazoitzeko jokalari guztiak ezagutzeko denbora behar duela esan zuen Amorrortuk.
Aste honetan aitortu dutenez, Mikel Alonsok eta Mikel Artetak orain dela urte asko jokatu izan dute elkarrekin. Biak Antiguako taldean egin ziren jokalari, eta Xabi Alonsoren salmentak Realaren lehen taldean elkartu ditu orain. Orain dela denbora asko jokatu zuten biek elkarrekin, ordea, eta bikote berria izango da Amorrortuk osatutakoa. Artetaren atzean baloiak ondo ateratzen dituen jokalaria nahi du entrenatzaileak, eta, hasiera batean, Mikel Alonso da.
Jauregi eta Luiz Albertok osatuko dute zentral bikotea
Ez da hori, ordea, gaur zelai gainean egongo den bikote berri bakarra. Brecheten lesioa dela eta, Jauregi eta Luiz Albertok osatuko dute zentral bikotea. Aurreko asteko lagunartekoan, Girondinsen aurka, elkarrekin jokatu zuten biek, eta jokalaria orain txapelketan debuta egiteko irrikan dago. 2001-2002 sasoian ere jokatu zuten Jauregik eta Luiz Albertok elkarrekin bi partida. Toshackek fitxatu zuenean brasildarra euskarrian jokatzen aritu zen, baina orain jada atzeko lerroan egiten du, eta bere postua hori dela dio. Bi horiekin batera aipagarria da Garrido oinarrizko hamaikako horretan titular izatea. Itxaron egin beharko da Rossato sasoi onean egon arte Garridoren aldeko apustua iraunkorra edo behin-behinekoa den ikusteko.
FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. REALA. Lehen pausoa amaitzen
Vila-realen aurka gaur bere oinarrizko hamaikakotik gertu dagoen taldea aterako du Amorrortuk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu